Lurrikara politikoa ez da eten. Eta ez du eteteko zantzurik. Cabieces auziak, Kutxabank harrapatu duen ustezko ustelkeria kasuak,soka luzea ekarri du. Eta ekarriko du. Joan den ostiralean Mario Fernandezek egindako deklarazioek azaleratu duten eskandaluak ataka zailean utzi ditu EAJ, PSE-EE eta PP alderdiak. Ordea, denek ukatu egin dute ustezko irregulartasunen erantzule izatea, eta elkarri leporatu diote erantzukizuna.
Baina Fernandezen adierazpenek, justizian ez ezik, izango dituzte ondorioak arlo politikoan ere. Hori nahi du, bederen, EH Bilduk. Koalizioak lehendik zeukan susmoa indartu egin da orain, eta legebiltzarrak Kutxabanken inguruan baduela zer ikertu berretsi du. Eskari horretan ez dago bakarrik, gainera. Izan ere, Eusko Legebiltzarrean ikerketa batzorde bat osatzeko eskariarekin bat egingo dutela esan dute PPk eta UPDk ere, nork bere ñabardurekin. PPtik Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak egin du bat ikerketa batzorde bat sortzeko proposamenarekin. De Andresek jakinarazi duenez, bere alderdiak babestu egingo luke legebiltzarrak auzia ikertzea: «Auzia argitzeko edozein ekinbide babesteko prest gaude». UPDk, berriz, errezeloz hartu du EH Bilduren proposamena, Kutxabanken eredua auzitan jartzen duela iritzita, eta adierazi du nahiago duela ganbera Cabieces auziarekin zerikusia duten gorabeherak bakarrik ikertzea. Balizko ikerketa batzorde baten sorreraz iritzirik ez dute eman, oraingoz, EAJk eta PSEk.
PPrentzat, «iseka»
Fernandezek fiskalaren aurrean deklaratu zuenez, PPko goi kargudun batek —Antonio Basagoiti, Iñaki Anasagastiren arabera— 2012ko hasieran egindako dei batek eragin zuen Kutxabankek Cabiecesi «lan irteera bat» ematea. PP ustezko trikimailu ilun horien erdian egon zela entzuteak EAEko PPko buruak mindu ditu. Haserre mintzatu da, bederen, Arantza Quiroga EAEko PPko presidentea gaiaren inguruan. Haren ustez, «iseka» da PSEk eta EAJk PP egitea Mikel Cabiecesekin gertatutakoaren erantzule. Jeltzaleek Kutxabanken gaineko kontrola duela gogoratu du Quirogak, besteak beste, Administrazio Batzordeko kide gehienak EAJk izendatu dituelako.
Fernandezek operazio hori«estatu politikarekin» lotu izana kritikatu du, halaber. Hark esan zuen ETAren aurkako borrokaren aitzakian «idatzi gabeko lege» bat zegoela gobernu eta alderdi guztiekin funtzionatu duena azken 30 urteotan. Quirogak erantzun dio esanez ETAren kontra «asko» eman duten pertsonen «ilara luzeak» izan litzakeela bere bulegoan, baina horiei ez zaizkiela inoiz «hilean 6.000 euro ordaindu». Nolanahi ere, EAEko PPk ez duela zer «ezkutatu» azpimarratu du Quirogak, eta auzia bururaino eramatearen alde egin du, «bidean erantzukizunen bat» bere gain hartu behar bada ere. «Garrantzitsuena leihoak irekitzea eta Kutxabanken antzeko kasurik izan den argitzea da».
Arabako ahaldun nagusiak, berriz, «koldartzat» jo ditu Fernandezek esandakoak, eta ukatu egin du Cabieces kontratatzeko eskaera Basagoitik egin izana. Alderdiko inork ez zuela horren berririk argitu du, halaber. «Nagusirik ez edukitzeaz harro agertu izan da Mario Fernandez, baina, antza, haren buruzagia PPn zegoen eta guk ez genekien». Egokiena, haren ustez, PPko buruzagi horren izena ematea litzatekeela esan dio De Andresek Fernandezi.
Kontrol publikoa
EH Bildurentzat, ostera, ezinbestekoa da Kutxabanken EAJ, PSE eta PP alderdien arteko «mesede politiko eta ekonomikoak» egon ziren edo ez argitzea. Eta horregatik eskatuko du legebiltzarrean ikerketa batzorde bat eratzeko.Gaia ikertzeko batzordeak legebiltzar talde guztien babesa izatea nahiko luke EH Bilduk, auziaren eraginez «zalantzak» sortzen direlako dirua «modu ez oso etikoan» eta EAJ, PSE eta PPren interes pertsonal eta politikoetarako erabiltzen ari direlako.
Bankuan izandako ustezko irregulartasunak salatzeko koalizioak Donostian egindako elkarretaratzean, Ainhoa Beolak nabarmendu du gertatutakoak agerian uzten duela bankuak kontrol publikoa izateko dagoen beharra. Kontrol publikoa egon izan balitz, «irregulartasun horien informazio zuzenagoa» izango lukete orain, haren iritziz. Hala, EAJ, PSE eta PP egin ditu egoeraren erantzule, kanpo ikuskaritzak egitearen kontra bozkatzeagatik.
Oskar Matuteren aburuz, berriz, «ezkutatzeko» ezer ez badute, trabarik ez lukete jarri beharko EAJk, PSEk eta PPk ikerketa batzordea eratzeko. Ziur da Matute alderdi horiek «konplizeak» direla «ate birakariak» ohiko bilakatzean.
Bien bitartean, EAJko eta PSEko buruzagiek apenas aipatu dute afera azken orduetan. Igandean, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Markel Olano EAJko ahaldungai nagusiak ez zuten auziari buruzko hitzik esan Eibarren (Gipuzkoa) egindako ekitaldi politikoan. Idoia Mendia PSEko idazkari nagusiak, berriz, bere alderdiaren «gardentasuna» azpimarratu zuen, baina auzia aipatu gabe. Atzo ere bi alderdiok ez zuten gaiari buruzko adierazpenik egin.
Ikertzeko eskatuko dute
Legebiltzarrean 'Cabieces auzia' argitzeko ikerketa batzordea eratzea nahi dute EH Bilduk, PPk eta UPDk.EAJk, PSEk eta PPk elkarri egotzi dizkiete erantzukizunak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu