Gaindegiaren aurkako ikerketa

Gaindegia jopuntuan

Espainiako Poliziak zelatatu egin zituen Gaindegiako 25 pertsona. Haien jardun politikoa aztertu zuen. Ikerketa baliatu du gobernu ordezkariak diru laguntzen kontra jotzeko, eta galdu egin du auzia

Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2018ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Gaindegia euskal behategia ikerketapean eduki zuen Espainiako Poliziak 2015ean. Haren inguruko 25 lagun zelatatu zituzten, eta polizia txosten batean jaso zuten haien jardun politikoaren berri: sindikatuetako afiliazioak, mugimendu sozialetako parte hartzea, ordezkaritza karguak, hautagaitzak, manifestazioetan eta bileretan parte hartu izana... Datu pertsonal ugari. Polizia txosten hori baliatu du Espainiako Gobernuaren EAEko Ordezkaritzak, Gaindegiak jasotako diru laguntza batzuei helegitea jartzeko. Horregatik izan du Gaindegiak Poliziaren ikerketaren berri. Epaileak kritikatu egin du era horretako ikerketa bat egin izana diru laguntzei helegitea jartzeko. Laguntzen auzia bera ere ebatzi du auzitegiak: ontzat jo du emandako laguntza.

Gaindegiak atzo eman zuen kasuaren berri, baina aurreko urteetakoak dira helegiteak eta polizia txostenak. Abiapuntuan Gipuzkoako Aldundiak emandako bi diru laguntza daude, 2013koak eta 2014koak —Bildu zegoen foru gobernuan—. Gaindegiaren arabera, bi alde zituen Espainiako Estatuaren abokatuak jarritako helegiteak: batetik, diputazioari ukatu egiten zion laguntzak bere irizpideen arabera ematea; bestetik, Gaindegia jarri zuen jomugan.

Helegiteak zuzeneko eragina zukeen Gaindegiaren lanean, eta, beraz, parte gisa sartu zen auzian.

Informazio Brigadarena

Helegitearen dokumentazioa jasotzean ikusi zuten Espainiako Poliziaren bi txosten zeudela froga gisa. Bi asteko epean sinatutako bi dokumentu dira: 2015eko abuztuaren 27an eta irailaren 9an. Informazio Brigadako Donostiako taldeak egindakoa da ikerketa.

Finean, Gaindegiako zuzendaritzan egondako lagunei buruzkoak dira bi txostenak. Datu pertsonalak jaso zituzten, eta, batez ere, mugimendu sozialetan izandako parte hartzea. Tartean daude, bileretan parte hartu izanari buruzko datuak, eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko bozetan hautagai izateari buruzkoak. «Pertsonak kriminalizatuz proiektua zapuzteko ahalegin argia izan zen», ohartarazi du Gaindegiak.

Hori ikusita, auzitegian helegitea jarri zuen Gaindegiak, Espainiako Poliziaren ikerketak ez zitzaten kontuan har diru laguntzei buruzko auzian. Auzitegiak arrazoi eman zion 2016ko irailean: ez zuen bidezko ikusi polizia txosten horiek froga gisa hartzea kasuan.

Hori oinarritzeko, auto irmoa kaleratu zuen administrazioarekiko auzien Donostiako hirugarren epaitegiak. «Aurkeztutako bi polizia txostenak irakurrita, zalantzarik gabe, haietan dagoen informazioa pertsona fisiko zehatz batzuen ideologia politikoari buruzkoa da: talde politikoetako edo ideologia politiko bati lotutako elkarteetako kide direla, baita sindikatuen jardunari eta laneko jardunari buruzkoak ere». Gisa horretako ikerketa bat ez zen beharrezkoa diru laguntzei buruzko auzi baterako, epailearen arabera: «Prozedura honen helburuak ez dauka batere zerikusirik segurtasun publikoaren arriskuarekin, ezta arau-hauste penal baten prebentzioarekin edo ikerketarekin ere». Arduradunei kargu hartu die epaileak, «intimitaterako eskubidea» urratu dutelakoan.

Espainiako Poliziaren txostenak baztertuta, diru laguntzei buruzko ebazpena galdu egin zuen Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak: diputazioaren laguntza bidezkoa izan zela erabaki zuen. Erabakiari helegitea jarri zion gobernuak, baina EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du. Aldeko ebazpenak eskuetan, auziaren berri eman du Gaindegiak.

Euskal «herrigintzari» egindako erasoa ikusi du auziaren oinarrian Gaindegiak: «mehatxuz betetako bidea» dutela arlo horretako eragileek. Egoera horren aurrean, «tokian tokiko eragile instituzional eta sozialen aitortza eta babes esplizitua» eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.