Torturarekin «utzikeria» eta «itsukeria» egon dela salatu du Martxelo Otamendik

Torturaren biktimentzat «errespetua» eskatu du BERRIAko zuzendariak Memoria Lantaldean. Ajuriaeneko Itunak torturaren aurka egin ez izana deitoratu du

Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria, atzo, Memoria lantaldean azalpenak ematen. DAVID AGUILAR / EFE.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2017ko urriaren 26a
00:00
Entzun
«Gogorra eman balezake ere, bada garaia torturaren gaiari merezi bezala heltzeko, aurrez aurre begiratzeko eta, behingoz, onartu beharrekoak onartzeko». Torturaren errealitateari buruzko hausnarketa «gordina» helarazi zien atzo Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendari eta Euskaldunon Egunkaria-ko zuzendari ohiak Eusko Legebiltzarreko Memoria eta Bizikidetza lantaldeko ordezkariei. Torturaren errealitatea ez baita desagertzen «begiak ixteagatik», nahiz eta urtetan «beste aldera begiratu den», Otamendiren hitzetan. «Torturarekin utzikeria, itsukeria eta, kasu batzuetan, are larriagoa dena, konplizitatea egon da».

«Errespetua» eskatu zuen BERRIAko zuzendariak torturaren biktimentzat. Oraintsu arte soilik ETAren biktimei zor zaien errespetuaz hitz egin dela, baina azkenaldian Poliziaren biktimentzako aitortza ere mahai gainean jarri dela, eta badela pauso bat, nahiz eta «oso berandu» etorri den. Eta errespetu hori etorriko dela tortura existitu dela jakinda ere, ezer ez egitea erabaki zela aitortzen den unean. «Aitor dezagun behingoz: bagenekien, baina ezer ez egitea erabaki genuen», adierazi zien ordezkari politikoei.

Otamendi Guardia Zibilak torturatu zuen Euskaldunon Egunkaria-ren aurkako operazioan atxilotu ostean, 2003. urtean. Memoria Lantaldean egindako agerraldian Guardia Zibilak, Espainiako Poliziak eta Ertzaintzak atxilotuei egindako torturak izan zituen mintzagai.

Hiru galdera hausnartzeko

«Zenbat», «noiz» eta «nola» torturatu den. Hiru galdera horien bueltan egin zuen ekarpena, hausnarketarako galdera asko mahai gainean utzita. «Asko torturatu al da mende erdi honetan gure herrian?». Eusko Jaurlaritzaren aginduz, Paco Etxeberria auzi medikua osatzen ari den txostenaren behin-behineko datuen arabera 4.000 tortura salaketa egon dira, baina ia 5.000ra iritsiko dira ikerketa amaitutakoan. Kopurua «ikaragarria» dela aitortu zuen Otamendik, eta hori horrela izatea nola izan den posible azaltzeko adibide argigarriak jarri zituen.

Ajuriaeneko Ituna aipatu zuen lehenik. Akordio haren helburua giza eskubideen defentsa egitea izan zen, eta ETAren aurkako borrokan «arrakasta» lortu zuen, baina ez zuen xede bera erdietsi torturari dagokionez, Otamendiren ustetan. Itunak iraun zuen hamar urteetan (1988-1998) tortura salaketak 873 izan ziren—Etxeberriaren txostenaren datuen arabera—: 475 salaketa Guardia Zibilari dagozkio, 231 Espainiako Poliziari, eta 167 Ertzaintzari. «Nola da posible ahoa betetzea giza eskubideekin, eta tolerantzia hori edukitzea torturarekin?». Ajuriaeneko Itunaren sinatzaileek torturaren aurkako konpromiso politikoa agertu izan balute, praktika hori desagertu egingo zela ziurtatu zuen Otamendik.

Horrez gain, tortura existitu bada auzitegien jarrerari esker existitu dela azpimarratu zuen. Haren iritziz, instrukzio epaile batzuek torturarekin duten jarrera «estaltze delitutik» gertu dago, urteetan torturatuekin ez ikusiarena egin dutelako. «Nola da posible magistratu batek ezer ez esatea atxilotu bat tortura zantzu argiekin eramaten dion poliziari?».

Ertzaintzaren protokoloa

Tortura salaketak apenas ikertu diren, eta, ikertu badira, Espainiako Estatuak praktika horren arduradunak ez ditu zigortu. Adibide zehatzekin salatu zuen hori BERRIAko zuzendariak. Besteak beste, gogora ekarriz Enrique Rodriguez Galindo Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuarteleko burua 75 urteko espetxealdira zigortua izan arren bost urte baino ez zituela bete, eta hogei kondekorazio eman zizkiola estatuak.

Ertzaintzari atal berezi bat eskaini zion atzoko agerraldian. Juan Mari Atutxa Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu ohia joan den ekainean Euskadi Irratiko elkarrizketa batean ziur agertu zen torturaren existentziaz eta pasarte horren audioa jarri zien lantaldeko ordezkariei. Horrela, agerian utzi nahi izan zuen Ertzaintzak ez duela «behin ere torturatzaile bat atxilotu», eta bestelako jarrera bat har zezakeela Espainiako segurtasun indarrekin izandako hartu-emanetan.

Halaber, azpimarratu zuen Ertzaintzari lotzen zaizkion 310 tortura kasuak ikertzeko —gehienak Atutxaren garaikoak— ez dela behar besteko ahaleginik egin, eta, horri lotuta, barne protokoloaren inguruko zalantzak azaldu zituen. Torturarekin ez ikusiarena egitea ere kritikatu zuen: «Tortura aurreikusi eta eragozteko osagai guztiak dituen delitua da».

BERRIAko zuzendariak ez ezik, Iñaki Garcia Arrizabalaga Komando Autonomo Antikapitalistek hildako Juan Manuel Garcia Arrizabalagaren semeak ere agerraldia egin zuen Memoria Lantaldean. Garciak ez zien adierazpenik egin nahi izan komunikabideei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.