Aspaldiko etsaien lehia

Hauteskundeak egingo dituzte gaur Kenyan. Kenyatta presidentea eta Odinga oposizioko liderra dira hautagaiak. NBEk «indarkeria alboratzeko» eskatu du

Aspaldiko etsaien lehia.
2017ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Indarkeriaz beteriko eguna izango den beldurrarekin egingo dituzte hauteskundeak, gaur,Kenyan. Hautagaien artean ez da berririk: 2013az gerozko presidentea, Uhuru Kenyatta, eta oposizioko liderra, Raila Odinga. 2013an kargua hartu zuenetik, Kenyattak herritarren babes handia izan du. Jomo Kenyatta Kenyako Errepublikako lehen presidentearen semea da —1964tik 1978ra izan zen presidente—. Hala ere, ustelkeria kasuek bozetan eragin dezaketela diote inkestek. 2008tik 2013ra lehen ministro izan zen Odinga, eta kargua lortzeko lehian, oposizioko alderdiek osatutako koalizioaren buru moduan aurkezten da. NASA Aliantza Nazionala izenarekin eratu da oposizioko koalizioa, eta,azken inkesten arabera, bi alderdien arteko aldea oso estua izango da.

Hemeretzi milioi herritar daude deiturik bozetara eta parte hartzea giltzarria izango da irabazlea erabakitzeko orduan.

Tentsio handiko kanpaina izan da. Bi hautagaien arteko desadostasunek, desafio mezuz bete dute kanpaina. Politikarien arteko tentsioa kalean ere nabaritu da, eta hainbat liskar egon dira hainbat herriren arteko herritarren artean. Aipagarriena, Chris Mando Hauteskunde Batzordeko arduradunaren hilketa. Gertakariak, hauteskundeen manipulazioaren susmoa areagotu du. Besteak beste, Odingak Kenyattari leporatu dio armadarekin akordio bat izatea, bozetako emaitzetan iruzur egiteko.

Hala ere, bakearen aldeko aldarriak ugariak izan dira. Bozkatzeko orduan liskarrik egon ez dadin eta kenyarrek modu librean bozkatu dezaten, segurtasun neurriak areagotuko dituela jakinarazi du gobernuak. Kagwiria Mbogori Keniako Giza Eskubideen Aldeko Batzordeko kideak errespetuz jokatzeko eskatu die herritarrei: «Norberaren hautagaiak irabaziz gero, ez aurpegiratu garaipena bizilagunari. Emaitza bestelakoa bada, onartu porrota».

Bakearen aldeko mezuek, ordea, talka egiten dute Kenyaren errealitatearekin. Gizarte bateratu batetik urrun, etnia desberdinen arteko desadostasunek batasun soziala eragozten dute. Adituen ustez, Jubilee Kenyattaren alderdiak Kikuyu, Meru eta Embu etnien botoak jasoko ditu. Orain arte, horien botoekin gehiengoa izatea lortu duten arren, NASA oposizioko alderdiko koalizioak hainbat etniatako jarraitzaileak bereganatu ditu. Hori dela eta, azken urteetan gertatu ez bezala, botoa sakabanatuta dago.

2007ko bozak gogoan

Orain dela hamar urte ere hauteskundeak egin zituzten Kenyan. Orduan, Mway Kibaki Jubilee alderdiko burua —oraingo Kenyattaren alderdia— eta gaur ere hauteskundeetan izango den Raila Odinga ziren presidente izateko hautagaiak. Kibakik alde txikiagatik lortu zuen kargua. Oposizioak, aldiz, ez zituen emaitzak onartu, eta ustelkeriagatik salatu zuen Kibakiren alderdia. Ondorioa kaleetan nabaritu zen: 1.100 hildako egon ziren, eta 600.000 herritarrek alde egin behar izan zuten euren etxeetatik. Nazioarteko Auzitegi Penalak Uhuru Kenyatta, orduan lehen ministro zena, akusatu zuen gizateriaren aurkako delituengatik. Iaz, beharrezkoak diren lekuko nahikorik ez izateagatik eta testigantza faltagatik, kasua itxi behar izan zuela jakinarazi zuen Nazioarteko Auzitegi Penalak. 2007ko gertakariak berriro gerta ez daitezen, NBE Nazio Batuen Erakundeak Kenyako agintariei dei egin die hauteskundeak «modu librean» igarotzera, eta indarkeria albo batean uzteko eskatu diete: «Agintariei dei egiten diegu beraien eskuetan dagoen guztia egin dezaten bozak indarkeria gabeko egoera batean gerta daitezen». Herritarrei bozkatzeko eskubidea dutela gogorarazi die eta Poliziari «egoeraren araberako neurriak» hartzeko eskatu dio.

Lehortea eta baliabide eza

Azken urteetako lehorterik gogorrena ari da pairatzen Kenya. Ur eskasiak eta azpiegitura nahikorik ez izateak, tribuen arteko ezberdintasunak areagotu ditu. Gobernuaren ezintasunek, 350.000 pertsona laguntza humanitarioen menpe utzi dituzte. Zifra horri, Dadaab kanpalekuan dauden errefuxiatuak gehitu behar zaizkio: 300.000 errefuxiatu inguru daude bertan eta errefuxiatu kanpalekurik handiena da. 1991z geroztik, armadaren eta Al-Shabad talde jihadistaren arteko gerra zibilean murgilduta dago Somalia—ondoan dago Kenya—, eta gatazka horretatik ihesi doazenak Kenyako kanpalekura joaten dira. 50 gradutik gorako ingurunean bizi dira, basamortuaren erdian. Familia bakoitza bere baliabideen arabera eraikitako etxebizitzetan bizi da.

Kenya, ekonomikoki, Afrika ekialdeko lurralderik aurreratuena da. Garapen bidean den herrialdea izan arren, hazkundea ez zaie ari modu berean eragiten herritar guztiei: %75ek Interneterako konexioa dute, baina biztanleen %45 pobrezian bizi dira.

Politika iluntzen duten ustelkeria kasuek zalantzan jartzen dituzte herrialdearen erronkak. Indarkeriaren mehatxupean, etorkizuna erabakitzeko dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.