Liskarrak piztu dira Kenyan, oposizioak hauteskundeen emaitzak ezbaian jarri ostean

Kenyattaren garaipena «iruzurra» dela esan du Odingak. Oposizioak salatu du eraso egin diotela sistemari. Liskarrak egon dira polizien eta manifestarien artean

Oposizioak hauteskundeak iruzurra izan direla esan ostean, liskarrak izan dira Nairobin. DAI KURKOWA / EFE.
2017ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Hauteskundeen emaitzek sortu lezaketen tentsioaren beldur, boza ematera joan ziren asteartean kenyarrak. Behin emaitzak jakinda, tentsioak eztanda egin du. Hiru hildako izan dira: bi, Poliziak tiro egin ostean, eta hirugarrena, hainbat labankadaren ondorioz. Emaitzen arabera, Uhuru Kenyatta egungo presidenteak jarraituko du karguan. Raila Odinga oposizioko liderrak, ordea, hauteskundeen emaitzak «asmatu» izana leporatu dio gobernuari, eta salatu du zibereraso bat egon dela botoak kontatzeko orduan. Hauteskunde Batzordeak ez du agiri ofizialik zabaldu. Iturri ofizialek, botoen %90 zenbatuta, jakinarazi dute Kenyattak bozen %54,5 lortu dituela, eta Odingak, berriz, %44,6. Txio bidez salatu du hauteskunde iruzurra oposizioko liderrak, eta zaleek kaleak itxi dituzte protesta moduan. «Hauteskundeen emaitzak ez onartzeko eskatzen diegu herritarrei, baina liskarrik sortu gabe. Hala ere, nik ez dut haien kontrolik». Poliziak negar gasa erabili du manifestariak sakabanatzeko. Egunak aurrera egin ahala, liskarrak baretuz joan dira.

Iruzurrari dagokionez, sistema informatiboari eraso egin diotela esan du Odingak. Botoetan eragina izan duen algoritmo bat ezartzea leporatu dio gobernuari; duela hamar egun hil zuten Chris Msando Hauteskunde Batzordeko buruaren identitatea erabili dutela salatu du. Trikimailuak 11 punturen aldea emango lioke Kenyattari. Iruzurraren inguruko 50 dokumentu jarri ditu Odingak bere Twitter kontuan. Hauteskunde Batzordeari helaraziko dizkio txosten guztiak, eta oraingoan «harrapatu» egin dituztela adierazi du.

Behin betiko emaitzen zain

Hauteskunde Batzordeak gezurtatu egin du informazioa. Batzordeak adierazi duenez, bere sistemak ez du inongo erasorik jasan, «ez bozetan, ezta ondoren ere». Sistema segurua dela esan du, eta orain arteko datuak ez direla «behin betikoak»gaineratu. Hauteskunde Batzordeak azpimarratu du ez dela datu ofizialik jakingo boto fisiko zein elektroniko bakoitza zenbatuta egon arte.

Nazio Batuen Erakundeak Kenyan duen batzordeak ere adierazi du ez dagoela erabat ados behin-behineko emaitzekin, aurkeztu diren dokumentuak direla eta. Gobernuak, berriz, lasai egoteko eta zuhurtziaz jokatzeko eskatu die herritarrei:«Herritarren biziak eta Kenyaren egoera baketsua galarazten duten ekintzak baztertu behar ditugu».

Bozetan bigarren itzulirik ez egoteko, hautagaiek botoen erdiak baino bat gehiago behar dute, eta, gutxienez, botoa ematera dei eginda dauden herritarren laurdenek hartu behar dute parte bozetan. Azken emaitza ofizialek orain arteko datuak mantenduko balituzte, ez litzateke beste itzulirik izango.

2013an ere hauteskundeen emaitzengatik kexu agertu zen Odinga. 8.000 botoren aldeaz galdu ostean, helegitea jarri zuen bozen irregulartasunengatik. Auzitegi Gorenak atzera bota zuen helegitea.

Geroztik, Odinga oposizioko liderra izan da. NASA Aliantza Nazionala alderdiarekin oposizioko indarrak batu dituzte Kenyatta presidentetzatik kentzeko.

Tentsioa lehertu da

Hauteskunde kanpainan, etnia ezberdinen arteko tentsioa eragiteko hainbat mezu zabaldu zituzten. Agintari nagusiek, hala ere, lasaitasuna eskatu zuten, baita nazioarteko arduradunek ere. Dena den, bozen emaitzek sortuko zituzten erreakzioen beldurrak eztanda egin du. NASA alderdiko jarraitzaileek lehen orduan ekin diete protestei, Odingak Twitter bidez hauteskunde iruzurra iragarri bezain laster. Bi hildako izan dira Mathare auzoan, polizien tiroengatik. Rio Tana herrian ere, hildako bat izan da, bost lagunek labankadaz eraso egin ostean. Bestalde, harriak botaz, Nairobira doan errepide bat itxi dute. Hiriburuko kaleetan ere tentsioa sortu da talde ezberdinen artean, eta gobernuak segurtasun indarrak bidali ditu kalera: armak eta negar gasa erabili ditu Poliziak manifestarien aurka. Manifestariek kaleak itxi dituzte Kibera eta Mathare auzoetan, harriz eginiko harresiekin, eta sua piztu dute zirkulazioa oztopatzeko. Herritar asko bildu da, eta, han ere, negar gasa maneiatu du Poliziak.

Mathare auzoan lehen lerrotik bizi izan zuten 2007ko hauteskundeen osteko indarkeria. Bizilagunek elkarren aurka egin zuten, oposizioak Mwai Kibaki presidenteak kargua hauteskunde iruzur baten ondorioz eskuratu zuela salatu ostean. Orain dela hamar urteko liskarren eraginez, 1.100 pertsona hil ziren, eta 600.000k etxea utzi behar izan zuten. Orduan, Uhuru Kenyatta, oraingo presidentea, lehen ministrordea zen. Nazioarteko Auzitegi Gorenak auzipetu egin zuen gizateriaren aurkako delituengatik. Iaz, lekuko eta testigantza faltagatik, kasua bere horretan utzi behar izan zuten.

Liskarrak baretu direnean, bakea eskatu dute herritarrek. Lagun batek esan du adi egongo zaizkiela buruzagiaren mezuei: «Emaitza onartzeko eskatzen badigu, horrela egingo dugu; horrela ez bada, kalera irtengo gara». Kenyattak berriro hartuko luke kargua; Odingarentzat lehen aldia litzateke. Irabazlea Kenyako seigarren presidentea izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.