Kasko urdinen miseriak

Nazio Batuen baketze indarrek laguntzera joandako herrietan sexu truk salgaiak ematea «ohikoa» dela aitortu du NBEk. 531 gehiegikeria kasu salatu dituzte

Xabin Makazaga.
2015eko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Sexua janari truk. Jakinekoa da, aspalditik, NBE Nazio Batuen Erakundeak gatazka guneetara bidali izan dituen soldaduek tokiko pertsonekin sexu harremanak izan eta dirua edo salgaiak eman izan dizkietela ordain gisa. Sexu gehiegikerien salaketak ere ugariak izan dira, eta hainbat kasu egiaztatu ere egin dituzte. 1947an hedatu zituen NBEk aurreneko aldiz bake indarrak —Grezian—, eta sexu esplotazioari eta gehiegikeriei buruzko zantzuak 1990eko urteetan hasi ziren zabaltzen, Kanbodia, Ekialdeko Timor eta Balkanetako misioetan. Baina NBEk berak egindako ikerketa batek erakutsi du kasko urdinek sexua izateagatik tokian tokiko herritarrei ordaintzea, salbuespena barik, «ohikoa» dela.

Haitin eta Liberian ehunka emakume galdekatu ditu NBEren OIOS Barne Ikuskatze Zerbitzuen Bulegoak, eta ondorioztatu du«arrunta» dela tokiko biztanleek diru edo salgaien truk sexu harremanak izatea herrialdea baketzera joandako kasko urdinekin, goseak, pobreziak edota bizimodua hobetzeko premiak eraginda: «Baketze misioak hedatuta dauden bi herrialdetako ebidentziek erakusten dute ordainpeko sexua nahiko ohikoa dela, nahiz eta horri buruz informazio askorik ez eman». Reuters berri agentziak zabaldu du OIOS bulegoak landutako barne txostena.

AP berri agentziaren arabera, iaz egindako galdeketan Haitiko 231 pertsonak onartu zuten kasko urdinekin ordainpeko edo trukeko sexua eduki izana, eta janaria eta sendagaiak ere jaso zituzten trukean.

Sexu truk Haiti eta Liberiako emakumeei kasko urdinek dirua nahiz arropak, bitxiak, lurrinak, sakelako telefonoak eta bestelako salgaiak eman ohi dizkietela jaso du txostenean NBEk. Eta nabarmendu du 2003. urtetik baketze indarrek debekatuta daukatela tokian tokiko biztanleekin sexu transakzionala izatea. Kofi Annan NBEko idazkari nagusi zela ezarri zuten «zero tolerantzia» barne araua, erakundearen sinesgarritasun eta irudiari kalte egiten zielako kasko urdinen jardunak.

Baina NBE ez da mugatu tokian tokiko bizilagunen testigantzak jasotzera. Zantzu objektiboak ere bildu ditu, iritsi den ondorioetara iristeko: «Banatutako kondoi kopuruak eta GIB birusaren proba egin edo horri buruzko aholkua eskatzen duen [NBEko] langile kopuruak iradokitzen du baketze indarren eta tokiko herritarren arteko sexu harremanak errutinazkoak direla».

531 salaketa zazpi urtean

NBEk ez dauka barne arauak urratzen dituzten soldadu eta langileak zigortzeko eskumenik —nor bere herrialdean epaitu behar lukete—, eta baketze indarretatik kanporatu eta hurrena beste misio batean parte hartzea galarazi besterik ezin du egin. Sexu esplotazioarekin eta, are, sexu gehiegikeriekin lotuta, azken urteetan NBEko langileen aurkako 531 salaketa jaso dituztela ere azpimarratu du OIOSen barne txostenak: 480 salaketa 2008-2013 aldian, eta beste 51 iaz. Gertatzen diren delituetatik asko biktimek ez dituztela salatzen erantsi du NBEren bulegoak. Kasuen heren batean, sexua 18 urtez azpiko adingabeekin izan zuten kasko urdinek.

NBEk baketze misioetako langileei ordainpeko sexua debekatu eta urtebetera, salaketak bikoiztu egin ziren: 2004an 121 salaketa izan ziren sexu esplotazioagatik eta sexu gehiegikeriengatik, eta 105 kasutan kasko urdinak izan ziren salatuak. NBEren misioetako soldaduen kontrako salaketen erdiak, gainera, adingabeekin izandako sexu harremanengatik izan ziren, eta %15, bortxaketa eta sexu erasoengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.