Erresuma Batuak dio ez duela eskumenik Ipar Irlandako abortuaren legeaz ebazteko

Auzitegi Gorenak baztertu egin du Ipar Irlandako Giza Eskubideen Batzordearen helegitea. Epaileek uste dute abortuaren legea giza eskubideen kontrakoa dela

Ipar Irlandan abortua legeztatzeko eskatu zuten atzo Londresen, Erresuma Batuko Auzitegi Gorenaren atarian egin zuten elkarretaratzean. WILL OLIVER / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Ipar Irlandak abortuari buruzko munduko legerik zorrotzenetako bati eutsiko dio oraingoz, eta ez dirudi indargabetzeko aukera egongo denik, luze gabe behintzat. Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak ebatzi du ez duela eskumenik erabaki juridikorik hartzeko uhartearen iparraldean indarrean dagoen abortuaren legearen inguruan. Epaileek —zazpitik lauk— baztertu egin dute NIHRC Ipar Irlandako Giza Eskubideen Batzordeak jarritako helegitea argudiatuta ez dutela jarrera bat hartzerik, nahiz eta argi eta garbi adierazi duten legeak giza eskubideak urratzen dituela. Zehaztu dute Europako Giza Eskubideen Itunaren 8. artikuluaren kontrakoa dela.

Jonathan Mance Auzitegi Goreneko presidenteordearen hitzetan, ondorio hori aintzat hartu beharko litzateke orain: «Ipar Irlandako legea giza eskubideekin bateragarria ote den egiaztatzeko erantzukizuna dutenek onartuko dute hori». Epaileak, arrazoi teknikoetan babestuta, erakunde politikoen eskuetan utzi du orain «legea nola zuzendu» aztertzeko erantzukizuna.

Orain, galdera da zeinek duen auzia deliberatzeko erantzukizuna: Stormontek edo Westminsterrek. Ipar Irlandan gobernurik gabe daude iazko urtarriletik, eta, hemezortzi hilabeteren ostean zantzurik ez dagoen arren pentsatzeko blokeo politikoa ez dela gaindituko, bi komunitateek autonomiari eusten diote de facto, nola edo hala.

Sinn Fein eta DUP Alderdi Demokratiko Unionistaren arteko gobernua 2017ko urtarrilean desegin zen, eta, bi hilabete geroago hauteskundeak egin bazituzten ere, bi komunitate nagusien ordezkariak ez dira ados jarri koalizioa eratzeko. Londresek, berriz, gobernatzeko ardura badu ere, praktikan ez du esku hartu.

Unionisten hitza

DUPek zeresan handia dauka horretan. Theresa Mayren gobernuak iazko hauteskundeetan gehiengo absolutua galdu zuenetik, kontserbadoreek hamar diputatu unionistei esker agintzen dute. Bada, Mayren gobernuak ez ditu konplizeak gogaitu nahi, nahiz eta gero eta gehiago diren abortuaren legearen inguruan erabaki bat har dezan eskatzen dioten ahotsak. Alderdi Kontserbadoreko hainbat kideren presioa ere jaso du abortuaren legea despenalizatzeko, baina gobernuko iturriek aste honetan bertan jakinarazi dute erreforma ez dagokiela beraiei.

Belfasten ere ez dute erraza. 2015ean, Ipar Irlandako Auzitegi Gorenak arrazoia eman zion NIHRC erakundeari, eta ebatzi zuen abortuaren legeak giza eskubideen ituna urratzen duela. Ipar Irlandako Fiskaltzak eta Justizia Ministerioak helegitea aurkeztu zuten epai historiko haren kontra, eta Belfasteko Helegiteen Auzitegiak iazko ekainean eman zuen ebazpena. Horren arabera, legea erreformatzea ez dagokio justiziari, parlamentuari baizik, auzi «konplexua eta morala» baita.

Ipar Irlandakoa Europako legerik murriztaileenetako bat da. 1861ean eta 1945ean onartutako bi legeren bidez arautzen da abortua, eta, berez, legediak bizi osorako kartzela zigorra ezartzeko modua ematen du, ez bada amaren bizitza edo osasuna arriskuan daudelako. Horren ondorioz,emakumeek atzerrira joan behar izaten dute abortatzera. 2016an, 700 emakume joan ziren abortatzera Ingalaterrara.

Erreferendumaren eragina

Baliteke, baina, Irlandako Errepublikan heldu den maiatzaren 25ean egindako erreferendumak zirrikitu bat zabaldu izana emakumeentzat. Hegoaldeko herritarren %66k babestu zuten haurdunaldiaren lehen hamabi asteetan abortatzea legeztatzea —batzuetan 24. astera arte luzatzen da eskubidea—, eta errepublikan datorren urtearen hasieran indarrean sartzekoa den araudia iparraldekoei ere ezarri ahal izatea aurreikusten da. Errepublikanoek uste dute Ostiral Santuko Akordioak horretarako bidea ematen duela. Galdeketaren emaitzak ospatzeko ekitaldietan, Mary Lou MCDonald Sinn Feineko presidenteak iparraldea da hurrengoa zioen afixa bat zabaldu zuen.

DUPek, hala ere, ez du bidea erraztuko, gai sozialek zeresan handia baitute bi komunitateen arteko zatiketa historikoan, eta aurrerantzean abortuak lehentasuna hartuko du nazionalistek eta unionistek dituzten desadostasunen zerrenda luzean. DUP-ek jada iragarri du abortuaren legea berrikustea ez dagoela bere asmoen artean. Arlene Foster DUPeko buruzagia harago joan da, eta esan du errepublikako emaitzak ez duela ondoriorik izango iparraldean. Erantzukizuna Stormontena dela ere berretsi du.

Fosterren mezua Londresera zuzenduta ere badago. Erresuma Batuko Parlamentuak unionisten botoei esker atera zuen aurrera gobernu programa duela urtebete. Trukean, kontserbadoreek Ipar Irlandan 1.100 milioi euroko inbertsioa egiteko hitza eman zieten unionistei, baina, kritikak isilarazteko, oposizioari ere keinu bat egin zioten, haien eskaeretako bat aintzat hartuz: Ingalaterrara joaten diren emakumeei dohainik abortatzeko bidea zabaltzea —gaur egun 1.100 bat euro ordaindu behar izaten dute—.

Erresuma Batuko Parlamentuak 1967an legeztatu zuen abortua. Legea Ingalaterran, Galesen eta Eskozian ezarri zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.