Arbasoek jarri zuten moduan utzi dute

Bergara, Elgoibar eta Soraluze herriek bat egiten duten lekuan dagoen 3,5 tonako menhirra zutik jarri dute hondeamakina baten laguntzaz. Antzina izan zuen funtzio bera izango du aurrerantzean ere: ingurukoak kokatzeko balioko du.

Goizean goiz, Elosutik abiatu zen hondeamakina bat, eta hark jarri zuen zutik 3,60 metroko menhirra. ANDONI CANELLADA /ARGAZKI PRESS.
Araitz Muguruza.
Elgoibar
2014ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Hiru tona eta erdiko menhirra berriz ere zutik jartzea «erronka» izango zela azaldu zien Debegesa garapen agentziako Aitziber Kortazarrek, hara bildu ziren kazetariei. Ez zebilen oker, eraikuntzarako erabiltzen den hondeamakina handi bat erabili baitzuten horretarako. Ia 900 metrora igo zen hondeamakina, Elosuko gainetik (Bergara) goizean goiz abiatuta. Haren laguntzaz jarri dute Arribirilletako menhirra zutik, orain dela 4.000 urte jarri zutenek kokatu zuten modu berean.

Istorio bitxia du Arribirilletako menhirrak. Hasieran dolmen izango zelakoan zeuden Aranzadi zientzia elkartekoak, eta uste horrekin ekin zioten indusketei orain dela bi urte. Manu Zeberio arkeologoa eta Aranzadiko kidea ari da indusketak zuzentzen: «Hasieran uste genuen trikuharri baten ganbera zela, eta hura osatzen zuten gainerako zatiak aurkituko genituelakoan hasi ginen indusketa egiten, eta ohartu ginen hor zegoena zulo bat zela eta menhirra kokatzeko balio zuela». Menhirra Brontze Arokoa dela azaldu du Zeberiok, suharri zatiak aurkitu baitzituzten indusketetan. Luzeran eta zabaleran, 1,60 eta 1,70 metro neurtzen du hurrenez hurren. Lodieran, berriz, 0,40 metro.

Trikuharri eta tumuluak ez bezala, menhirrak ez zituzten hildakoak lurperatzeko erabiltzen. Mugarriek duten antzeko funtzioa hartzen die Zeberiok. «Gizakiaren kokaleku bat zegoela esateko erabiltzen zituzten. Komunikazio bideetan egon ohi ziren; handik igarotzen zirenek bazekiten inguru horretan bizi zela jendea».

Izan ere, Deba eta Urola eskualdearen arteko igarobidea izan zen urteetan, Karakate, Irukurutzeta eta Agirreburuko tontorrek osatzen duten mendilerrotik igarotzen ziren. Arribirilletako menhirrarekin batera, beste hogei monumentu megalitiko daudela zehaztu du Zeberiok, horietako bi azken urteetan aurkitutakoak. Trikuharriak eta tumuluak dira horietako gehienak, eta Jose Migel Barandiaran arkeologoak aurkitu zituen, 1920an. Zeberioren arabera, ez da ohikoa horren mendilerro laburrean horrenbeste monolito aurkitzea. «Aralar da monumento megalitiko ugari dituen beste lekuetako bat, baina haren aldean beste ezaugarri batzuk betetzen ditu Dolmenen ibilbideak; horregatik, Euskal Herrian garrantzi berezia hartzen duen tokia da».

Menhirra berriz ere zutik ipintzeko, baina, proiektu arkitektoniko bat ere egin dute. Anartz Ormaza arkitektoa arduratu da lan horretaz. Menhirrarentzat bereziki sortu duten zimendatze sistema erabili dute. «Menhirra inoiz bere lekutik atera nahi bada, arazorik gabe atera ahal izango da, jarri diogun egitura itzulgarria baita». Lurreko zuloa eta menhirraren beheko aldea —lur azpian geratzen dena— plastikoz estali dituzte. Oinarrian burdinezko egitura bat ere jarri diote; Ormazak zehaztu du handik ez mugitzeko ipini dutela menhirra. «Bi materialak nahastuko ez direnez, oinarriaren neurrira egindako egitura jarri diogu, haize bolada handietatik edo beste edozein fenomenotatik babesteko».

Keixetan ere indusketak

Arribirilletako menhirrarekin batera, Keixetako trikuharria ere ikertzen aritu dira. Aurreko astean amaitu zituzten hango lanak, baina emaitzarekin ez da horren gustura agertu Zeberio.«Zoritxarrez, trikuharriaren ganbera apurturik zegoen, eta norbaitek desegindakoa zela zirudien». Debegasa garapen agentziarekin eta eskualdeko udalekin elkarlanean eraman dute aurrera proiektua, eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte udazkenerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.