Hitza nola bihurtu kantu

Europa Bat-batean Kantu Inprobisatuen Nazioarteko Topaketa egingo dute Mintzolak eta Donostia 2016k udan. Ikuskizunak izango dira larunbatetik aurrera

Europa Bat-batean egitasmoko antolatzaileak, atzo Donostian egindako aurkezpenean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ihintza Elustondo
Donostia
2016ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Zabala da kantu inprobisatuaren eremua. Euskal Herrian ez ezik, munduko txoko askotan egiten duten zerbait da jendaurrean jarri eta bat-batean hitzak eta doinuak harilkatzea. Bertsolariak daude hemen, verseadoreak Kanaria uharteetan (Espainia), dengbej-ak Kurdistanen, glosadoreak Herrialde Katalanetan, reguefeiroak Galizian, cantadoriak Sardinian, repentistak Kuban, trovadoreak Mexikon... Adierazpide horien arteko harremana sustatzeko, Europa Bat-batean Kantu Inprobisatuen Nazioarteko Topaketa abiatu dute Mintzola Ahozko Lantegiak eta Donostia 2016k. Andoni Egaña Mintzolako patronukidearen arabera, tradizio horiek «elkar ezagutzea eta indartzea» da egitasmoaren helburua.

Asmo horrekin, hainbat jarduera antolatu dituzte, eta guztietan lau ardatz jorratuko dira: belaunaldiz belaunaldiko transmisioa, hizkuntza gutxituen eta ahozko tradizioen arteko erlazioa, ezezagunak diren kantu inprobisatuen deskripzioa eta genero ikuspegia.

Udan egingo dute egitasmoko ekitaldi nagusia, uztailaren 11tik 15era bitartean, Donostian. Goizez, 09:00etatik 13:30era, jardunaldi akademikoak izango dira Miramar jauregian, Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroetan: hitzaldiak eta mahai inguruak antolatu dituzte, eta nazioarteko adituek kantu inprobisatuari buruzko ikerketak eta gogoetak plazaratuko dituzte. Besteak beste, herrialde hauetako jendeak parte hartuko du saio horietan: Brasil, Kuba, Ameriketako Estatu Batuak, Herrialde Katalanak, Karelia, Austria, Gales...

Eukal Herriko hainbat aditu ereariko dira solasean topaketa horietan: Arantzazu Loidi eta Jon Sarasua bertso eskolen inguruan ariko dira; Jone Miren Hernandezek, Maialen Lujanbiok eta Miren Amurizak genero ikuspegia landuko dute; eta Joxean Muñozek eta Andoni Egañak bertsolaritza gizateriaren ondare ez-material moduan jorratuko dute, besteak beste. Saio teoriko horiez gain, kantu inprobisatuen inguruko filmak eta argazki erakusketak ere prestatu dituzte.

Ikastaroetan parte hartu nahi duenak, dagoeneko izena eman dezake www.uik.eus atarian, uztailaren 6ra bitartean. Aste osorako edo egun jakinetarako eman daiteke izena; 80 euro balio du aste osoko matrikulak, eta 25 euro egun batekoak.

Aste horretan bertan, astelehenetik larunbatera, nazioarteko kantu inprobisatuen ikuskizunak antolatu dituzte, arratsaldez. Orotara, sei emanaldi izango dira; guztiak 19:00etan. Ostiraleko saioa Oñatin (Gipuzkoa) izango da, eta gainontzeko guztiak Donostiako hainbat gunetan egingo dituzte. Emanaldi bakoitzean lau bat adierazpidetako inprobisatzaileek parte hartuko dute, eta, azken egunean, Kursaalean egingo den saioan, guztiak elkartuko dira. Antolatzaileek adierazi dutenez, ekainean aurkeztuko dute egitarau zehatza.

Kurdistandik ezin etorri

Udako topaketa horien harira, larunbatetik aurrera kantu inprobisatuen girotze saio batzuk egingo dituzte Euskal Herriko hainbat herritan. Kurdistango Adnan Omar eta Brivan Ibish inprobisatzaileak etortzekoak ziren, baina ezin izan dute Turkiatik igarotzeko bisa eskuratu. Horregatik, Alemanian bizi den Zinar Ala kurduak ordezkatuko ditu saio guztietan. Harekin batera, Sardiniako Simone Monni eta Paola Dentoni inprobisatzaileak ariko dira, Stefano Cara eta Michele Deianak lagunduta. Gainera, Herrialde Katalanetako Christian Simelio eta Anais Falco glosadoreak ere ariko dira kantuan Bilboko, Hernaniko (Gipuzkoa), Donostiako eta Iruñeko saioetan, Gerard Diez musikariarekin batera. Partaide horiez gain, saio bakoitzean bi bertsolari ere ariko dira. Ulermena errazteko, emanaldi guztietan euskarazko itzulpenak egingo dituzte.

Hirugarren atal bat ere izan zuen iaz Europa Bat-batean egitasmoak. Izan ere, gai bera landuz, 2015eko udazkenean jardunaldi batzuk egin zituzten Leonen (Espainia) eta Bartzelonan.

Mintzola fundazioa 2008an sortu zuen Bertsozale Elkarteak, eta, ordutik, bertsolaritzatik abiatuta, ahozko tradizioen gaineko hausnarketa eta elkarreragina bultzatzen dihardu. Baina, hori baino lehen hasi zen gai horien inguruan ikertzen Bertsozale Elkartea. Izan ere, 2003an, lehen aldiz, Ahozko Inprobisazioa Munduan topaketa antolatu zuen Donostian. Ordutik hamahiru urte igaro dira, baina, Egañak azaldu duenez, bazuten zerbait «indartsua» egiteko gogoa, eta kultur hiriburutzaren urtea baliatu dute horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.