Galdera deserosoen karaokea

'Miss Karaoke' antzezlanaren estreinaldia egingo dute gaur, Gasteizen. Metrokoadroka eta Pez Limbo konpainiek egin dute, elkarlanean. Identitatearen eraikuntzari buruzko gogoeta bat da

Lau aktore ari dira antzezpenean, eta Miss Karaokeren rola txandakatu egiten dute euren artean. KAULDI IRIONDO.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2017ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Ekitaldi handi batean kantatu behar du pertsona batek. Hor hasten zaizkio zalantzak. Zer kantatuko du? Zein hizkuntza aukeratuko du? Identitateari buruz gogoeta egin nahi du Miss Karaoke-k, Metrokoadroka eta Pez Limbo konpainiek elkarlanean prestatu duten antzezlanak. Umorea, absurdoa eta performancea tartekatzen ditu emanaldiak, eta gaur izango du estreinaldia, Gasteizko Principal antzokian.

Oier Guillanek Donostia 2016 Kultur Hiriburutzarako idatzi zuen testu bat da lanaren oinarria. Dramaturgia Berriak programaren deialdian aurkeztu zen lana, eta «jolasteko probokazio gisa» ikusten du egileak. Sormen prozesurako akuilu izan da, baina bidean aberastu dute bi faktorek. Batetik, aktoreek egindako proposamenek eta sorkuntza lanak. Bestetik, Metrokoadrokak bideratu duen zuzendaritza artistikoak. «Hasierako testutik gutxi geratzen da», azaldu du Guillanek.

Estreinaldiaren aurreko egunak Gasteizko Hegoalde aretoan pasatu dituzte. Entsegu orokor baten ondotik mintzo da Guillan obra idaztera eraman zituen arrazoiei buruz. «Saiatu gara geure burua leku deseroso batean jartzen; alde horretatik, gu geu jarri gara kontraesanen erdigunean, eta saiatu gara mina ematen diguten toki horietan hatza sartzen». Ekitaldi handi bat aipatzen da atariko gisa. Donostia 2016 berari egindako kritika ote? Guillanek dio ez dagoela salaketarik; akaso, «autoironia» ukitu bat. Gatazka bat planteatzeko modua da abiapuntu hori, baina beste bide batzuk hartuko ditu antzezpenak.

Pertsonaiatik kontzeptura

Pertsonaia gisa sortu zen Miss Karaoke, baina, dramaturgia garatu ahala, beste bide bat aukeratu zuten. «Ideia bat da, kontzeptu bat, geure burua itauntzeko era», zehaztu du egileak. Oholtzan lau aktore ariko dira, eta denek hartuko dute, saioko uneren batean, Miss Karaokeren rola, Idoia Beratarbidek sortu duen beroki batek sinbolizatzen duena. Iñaki Ziarrusta, Unai Lopez de Armentia, Marina Suarez eta Javier Fernandez dira aktoreak.

Identitateaz eta hizkuntz hautuez mintzo da, batez ere, Miss Karaoke. «Ideia horren inguruan hainbat irudi poetiko, bisual eta fisiko sortu dira», esan du Guillanek. Identitate baten eraikuntzaren atzean zer dagoen ikertu nahi dute antzezleek. «Obran kontatzen dugu, esaterako, munduaren eta kulturaren ikuskera erdaldun bat duen pertsona batek nola egiten duen trantsizioa euskal erreferentziadun mundu batera, hizkuntzaren bidez».

Guillan bera mundu erdaldun batetik dator. Aldaketa hori irudikatzeko erabiltzen dute obran karaokearen ideia. «Karaoke batean etortzen zaizkigun kanta tipiko eta zabarrenak gazteleraz izan ohi dira, txikitan entzundakoak eta horrelakoak». Karaokea aitzakia bihurtzen da kultur trantsizio hori kontatzeko.

Testutik haratago, Guillanek berak eta Javi Barandiaranek gidatu duten zuzendaritza artistikoaren eta aktoreen ekarpenaren uztartzetik atera da azken emaitza. Dramaturgia berrian aktorea antzezle hutsa baino gehiago da: sortzaile bihurtzen da. Inprobisazio ariketa asko egin dituzte, eta horrek eremu fisiko batera eraman du obra. «Normala da aktoreetatik abiatzen bazara proposamen fisikoak egotea, eta gorputzetik etortzea gauza».

Nahi zituzten lekuetara bideratuta, aktoreak beren kasa utzi zituzten zuzendariek, pertsonaiak eta egoerak garatzeko. Zer ikusiko du publikoak? «Ikusiko ditu lau aktore jolasten, identitatea, nortasuna, generoa, hizkuntza eta halako gai potoloak geure gorputzekin adierazten, era eta angelu ezberdinetatik», azaldu du Javier Fernandez aktoreak.

Elkarlanean egindako obra

Miss Karaoke hasieratik Gasteizen muntatzeko ideia zegoenez, hiriko jendearekin lankidetzan egitea erabaki zen. Hala, Metrokoadrokoek Pez Limbo konpainiaren lankidetza nahi izan zuten —«ezinbesteko aliatua», Guillanen hitzetan—, eta aktoreak aukeratzeko orduan ere antzerkigintza kode antzekoetan zebiltzanekin lan egiteko parada baliatu dute, hasieratik argi izanda nor hartu behar zuten aintzat.

Gasteizko hiru antzezle daude, «antzerkigintza berriko» hainbat proiektutan sartuta daudenak jadanik. Lopez de Armentia Baratza aretoan dago; Suarez, Tripak eta Hori bai proiektuetan, eta Fernandez, Monstrenkan. Ziarrusta bilbotarra Atx teatroan dabil. Gasteizkoaren ondoren, hilabete barru Donostian egongo dira, eta, udazkenean, Bilboko Arriagan.

'MISS KARAOKE'

Konpainiak. Metrokoadroka eta Pez Limbo.

Testua. Oier Guillan.

Dramaturgia. Metrokoadroka eta aktore taldea.

Zuzendaritza artistikoa. Oier Guillan, Javi Barandiaran eta Metrokoadroka.

Aktoreak. Javier Fernandez, Unai Lopez de Armentia, Marina Suarez eta Iñaki Ziarrusta.

Jantziak eta eszenografia. Idoia Beratarbide eta Maria de Bernardo.

Emanaldiak. Gaur, Gasteizko Printzipal antzokian (15 euro). Maiatzaren 13an, Donostiako Antzoki zaharrean (15, 10 euro).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.