Ez dago urruti Sahara

Donostia 2016k eta San Telmo museoak Hondar Artean egitasmoa abiatu dute. Sahararen inguruan hainbat ekitaldi egingo dituzte gaurtik ekainera bitartean

Federico Guzmanen Tuiza artelana uztailaren 3ra arte egongo da San Telmo museoan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ihintza Elustondo
Donostia
2016ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Euskal Herria eta Sahara ez daude elkarrengandik hain urruti. Ez behintzat Donostia 2016k eta San Telmo museoak —beste hainbat eragileren laguntzarekin— martxan jarri duten Hondar Artean egitasmoan. Izan ere, Saharako herria pairatzen ari den okupazioa ardatz hartuta, hogei kultur jarduera baino gehiago egingo dituzte Donostian, gaur hasi eta ekainaren 18ra bitartean. Xabi Paya Donostia 2016ko programazio arduradunen arabera, «munduan dauden injustiziak aztertzea» da proiektuaren helburua. «Elkarrekin bizi behar baldin badugu, ezinbestekoa da elkartasuna balio izatea, urrunekoak ere gertu sentitzea, bestela gertukoak urrun sentitzeko arriskua izango baitugu».

Distantzia horiek apurtzeko, espazio bat sortu du Federico Guzman artistak (Sevilla, Espainia, 1964): Tuiza. Bojadorko (Mendebaldeko Sahara) emakume errefuxiatuen laguntzarekin eraiki duen haima bat da, koloretako oihalez osatua. Guzmanek azaldu duenez, «tragedia» alde batera utzi, eta «bizitza eta elkartasuna ospatu» nahi izan dituzte sahararrek obraren bidez. Donostiako San Telmo museoan egongo da, uztailaren 3ra artea, eta haren barruan egingo dira Hondar Artean egitasmoko ekitaldi gehienak —sarrera librea izango dute han egiten direnek—. Susana Soto San Telmo museoko zuzendariaren arabera, «elkartzeko, eztabaidatzeko eta hausnartzeko» gune bat izango da. Artelanaren izena bera esanguratsua da, tuiza euskaraz elkarlana baita.

Ekainaren 18an amaituko da Hondar Artean egitasmoa, eta egun horretarako jaialdi bat prestatu dute. Ordura bitartean, mota guztietako ekintzak izango dira: hitzaldiak, zinema zikloak, erakusketak, egonaldi artistikoak, tailerrak... Besteak beste, Donostialdeko gizarte mugimenduekin bilera batzuk egin ostean, erresistentzien mapa bat egingo dute, eta Euskal Herriko bi artistak eta Saharako bik truke artistiko bat egingo dute Tabakaleran. Gainera, Donostialdeko hamalau eskolatako ikasleek loreak bidaliko dituzte Mendebaldeko Saharara, harresiaren inguruan modu sinbolikoan landatzeko.

SOLASALDIAK

Askotariko solasaldiak izango dira Tuiza-n. Gaur bertan, Oporrak Bakean egitasmoaren inguruko hitzaldi bat izango da, 11:00etan, eta, bertan, Saharako haurrak etxean hartzeko zer egin behar den azalduko dute. Datorren asteazkenean, 18:30ean, Nazioarteko feminismoa: gure borrokak sozializatzen solasaldia izango da, feminismoaren eta erresistentziaren inguruan. Maiatzaren 26an, berriz, Euskal Herriko bake prozesuan emakumeek izan duten parte hartzearen inguruko azterketak eta proposamenak plazaratuko dituzte, eta neoliberalismoaren aurkako proposamen feministak hobeto ezagutzeko aukera egongo da ekainaren 15ean egingo den solasaldian.

San Telmo museoko ekitaldi aretoan egingo dute beste jardunaldi bat, maiatzaren 10ean. Mahai ingurua eta eztabaida prestatu dituzte, garapen jasangarriaren inguruko berrikusketa kritikoa egiteko.

San Telmo museoko ekitaldiez gain, beste bi antolatu dituzte Okendo kultur etxean. Apirilaren 25ean, Mendebaldeko Sahararen okupazioa eta espoliazioa hitzaldia emango dute, eta, apirilaren 29an, Kapitalismoaren espoliazioaren aurkako erresistentziak izenekoa.

ERAKUSKETAK

Zabalik dago Okendo kultur etxean Lurra, kultura eta identitatea: ondasun lapurtua multimedia erakusketa. Saharako kasuaz gain, mundu zabalean gertatzen diren bidegabekerien inguruan hausnartzea da haren helburua. Maiatzaren 21era arte egongo da ikusgai.

AISIALDI EKITALDIAK

Haimaren kulturak izeneko jardueran, Euskal Herrian bizi diren sahararrek hango kultura nolakoa den erakutsiko dute. Hilero bi asteartetan errepikatuko da ekintza hori Tuiza-n. Datorren asteartean izango da lehen saioa, 17:00etan hasita. Jolas tipikoen saio bat egingo dute, eta Minetu eta Ergueibi artistek kontzertu bat emango dute jarraian.

Horrez gain, familia osoarentzako lau tailer antolatu dituzte. Maiatzaren 7an, loreak egingo dituzte Tuiza-n, eta eskulan bat baino gehiago bilakatuko dira: edertasunaren eta laguntasunaren sinbolo, hain zuzen. Horren ostean, Hondarrean marraztu arte tailerraren txanda izango da. Federico Guzmanek gidatuta, Saharako gatazkara hurbiltzeko saio bat baino gehiago egingo dituzte maiatzaren 14tik aurrera, San Telmo museoan eta Tuiza-n. Ekainaren 4an, kateak loturaren sinbolo gisa landuko dituzte Tuiza-n, eta, ekainaren 11an, antzeko saio bat izango da leku berean: sarea elkartasunaren sinbolo gisa landuko dute.

ZINEMA ZIKLOAK

Sahararrek egindakoak diren edo Sahara ardatz duten filmen zikloak antolatu dituzte. Lehen saioan, Leyuad filma emango dute, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian. Viktoria Eugenia antzokian izango da emanaldia, apirilaren 19an. Gainontzeko hiru zikloak, berriz, Tuiza-n izango dira. Maiatzaren 12an, El maestro saharaui (Maisu sahararra) emango dute; ekainaren 2an, Life is waiting (Bizitza itxaroten ari da), eta ekainaren 16an, Saharako film labur batzuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.