Etxerat-ek bere gain hartuko du euskal presoen osasun eta lege laguntza

Bi arlo horiek senideei eragiten dizkieten gastuak pagatuko dituzte. «Jar litezkeen ekimen juridiko guztiak» jarriko dituzte abian, preso bakoitzaren egoeraren arabera

Urtzi Errazkin eta Patricia Velez Etxerat elkarteko bozeramaileak, Donostian eginiko prentsaurrekoan. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Iñaki Lasa Etura.
Donostia
2017ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Euskal presoen lege eta osasun laguntza bere gain hartuko du Etxerat-ek aurrerantzean. Laguntza ekonomikoa helaraziko die senideei, sortzen diren gastuei erantzunez eta beharrezko abokatuak bermatuta eta ordainduta. Aurrerapausoa emango du preso eta iheslarien senideen elkarteak, orain arte bete gabeko ardurei helduko baitie. «Espainiako eta Frantziako estatuek blokeoa mantentzen duten heinean, ziklo politiko berrian Etxerat elkarteak urrats bat aurrerantz egiteko erabakiaren berri ematen du». Atzo jakinarazi zuten erabakia Urtzi Errazkin eta Patricia Velez bozeramaileek, Senideei babesa indartzeko unea da lelopean eginiko prentsaurrekoan. Fernando Arburua Jaiki Hadiko sendagilea, Haizea Ziluaga abokatua, Gorka Garzia Etxerat-eko kidea eta hainbat senide izan zituzten alboan.

Bi eremutan jorratuko du lege laguntza, abokatuen bitartez. Batetik, euskal presoak espetxeetatik ateratzeko eta haiek etxeratzeko asmoarekin, beharrezko «ekimen juridiko guztiak» abiatuko dituzte; «preso bakoitzaren errealitatearen arabera». Bestalde, kartzelan daudenen bizi baldintzak hobetzeko lana egingo dute. Kasu bietan muturreraino iristeko prest agertu dira, beharrezkoa bada bide guztiak ibilita. «Badakigu kasu batzuetan Giza Eskubideen Europako Auzitegiraino jo beharko dugula».

Osasunari dagokionez, laguntza fisikoa eta psikologikoa eskainiko dute. Etxerat-eko bozeramaileek azaldu dutenez, euskal presoen kopuruak behera egin duen heinean —312 daude kolektiboaren barruan, gaur egun—, esponentzialki hazi da preso gaixoen kopurua: uneotan 91k dute nolabaiteko gaitzen bat. Horietako hamahiruk gaixotasun larriak dituzte, eta beste zortzik ez dute publiko egin nahi haien osasun egoera kaskarra. Espetxe zigor luzeak eta adina identifikatu ditu Etxerat-ek faktore gisa. Kartzelak osasun egoeraren gainbeherarekin harreman zuzena duela jakinarazi dute Errazkinek eta Velezek. «Espetxean urte gehiagoz egoteak ondorio kaltegarriak ditu osasun fisikoan eta mentalean, denbora honetan zehar egiaztatu ahal izan dugunez».

Etxerat Lagun izateko deia

Ardura berriek esfortzu ekonomiko handia eskatuko dute. Erronkari aurre egin ahal izateko eta sakabanatzeak eta urruntzeak eragindako premiak eta gastuak «arintzeko», laguntza eskatu diote euskal gizarteari. Etxerat Lagun bihurtuta egin daiteke ekarpena. Hilero edo puntualki lagun daiteke. Elkartearen webgunean eskura daiteke inprimakia: www.etxerat.eus .

Horrez gain, hainbat esparrutako eragileekin elkartuko direla baieztatu du Etxerat-ek: eragile poltikoak, sozialak eta sindikatuen mugimendukoak, langile eta enpresaburuak; kirol eta kultur alorrekoak, Eliza... «Planteatuko dieguna hau izango da: apustu erabakigarri honetan inplikatzea garrantzitsua dela, eta bakerantz eta gatazkaren ondorioen behin betiko ebazpenerantz urrats atzeraezin bat egiten laguntzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.