Altsasuko auzia. Epaiketa

Kolpeak eta mehatxuak terrorismo ere badirela azaldu du fiskalak

Gertaerak terrorismotzat jo ditu, eta hamabi eta 62 urte arteko eskaerak berretsi ditu. Hori atzera botaz gero, sei urte eta erdi eta hamazazpi eta erdiko zigorrak eskatu ditu

Auzipetuei babesa ematera joandako batzuk, herenegun. J. DANAE / FOKU.
joxerra senar
Madril
2018ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
«Faxismo hutsa da». Gogor, Jose Perals Altsasuko auziko fiskalak atzo defenditu zuen 2016ko urriaren 15ekoa ez zela taberna giroko liskar bat izan, guardia zibilen artean «izua» eragiteko helburua zuen eraso antolatua baizik. Peralsek «pentsamendu bakarra» indarrez inposatu nahi izatea egotzi zien zortzi altsasuarrei. «Gazte koitadu gisa agertu zaizkigu, baina eraso planifikatua izan zen». Bere ondorioetan, «gertaera terroristatzat» jo zuen istilua, eta atzean motibazio politiko bat dagoela azaldu zuen. «Ez da behar erailtzea izua eragiteko. Terrorismoa ez da bakarrik hilketekin eta atentatuekin egiten. Terrorismoa kolpeekin eta mehatxuekin ere egiten da», aipatu zuen bi orduko hitzaldi luzean. Terrorismo delitua egotzita, auzipetuentzat hamabi eta 62 urte arteko espetxe zigor eskaera berretsi zuen. Haatik, epaimahaiak aintzat hartuko ez balu, sei eta hamazazpi urte eta erdira arteko zigorrak eskatu zituen.

Eskaera alternatibo horretan, Ainara Urkijori sei urte eta erdi eskatuko lioke, desordena eragin eta mehatxu egiteagatik. Adur Ramirez de Aldari, Jon Ander Cobi, Jokin Unamunori, Aratz Urrizolari eta Julen Goikoetxeari hamazazpi urte eskatuko dizkie—desordena publikoagatik zazpina urte, aginteari eraso egiteagatik hiruna urte, guardia zibilei eragindako lesioagatik urte bana eta hiruna urte bi emakumeei eraso egitea leporatuta eta generoagatik larrigarria ezarrita—. Oihan Arnanzen kasuan, hamazazpi urte eta erdi eskatuko ditu, mehatxu egitea gaineratuta. Iñaki Abaden kasuan, hamahiru urte —biri eraso beharrean emakume bakarrari eraso egiteagatik; hots, emakume bakoitza kolpatzeagatik hiru urte eskatzen ditu fiskalak—.

Eskaera alternatiboa egin arren, fiskalak Guardia Zibilaren tesia bere egin zuen, eta terrorismo delitua egotzi zien gazteei. «Esan daiteke XIX. mendean Nafarroan guardia zibilik edo orduko poliziarik ez egotea nahiko zutela, eta 36ko gerran batak bestea hil genuen, baina orain etenik gabeko dinamika batean gaude». 1980ko hamarkadan, ETAk «fagozitatu» egin zuen aldarrikapen hori, eta, historikoki, Espainiako Gobernuarekin negoziatu beharreko puntu nagusien artean sartu zuen, Peralsen arabera.

Asteartean Guardia Zibilak egin bezala, ETAk Alde Hemendik kanpaina sortu zuela aipatu zuen, eta Olaztiko gaztetxean atzemandako eskuorriari erreferentzia egin zion. Agiriak poliziak Euskal Herritik kanporatzeko estrategia bat diseinatzen du, haren esanetan. «Hamaika urte geroago, eskuorria erabat indarrean zegoen Altsasun, Ospa mugimenduaren bitartez».

Tesi nagusia hori izaki, eta bere diskurtsoaren ahulgunearen jakitun, testuinguru politiko berriari aipamen egin zion Peralsek. Azken finean, 2011n ETAk behin betiko indarkeria uzteko erabaki estrategikoa hartu zuen, eta datozen egunetan erakundea bera desegiteko erabakiaren berri emango du. Hala ere, ETA ondorengo terrorismoari bidea ireki nahi dio fiskalak. Fiskalaren ustez, Altsasun gertutakoa Alde Hemendik kanpainaren baitan kokatzen da, eta, auzipetuak «etakideak ez badira ere», norabide berean doaz. «2011n, fronte armatuak hiltzeari utzi badio ere, konglomeratu horren gainerako dinamikek indarrean jarraitzen dute». Haren ustez, ideologia horren emaitza da istilua. «Ideia horiek indarkeriarekin defendi daitezkeen pentsamenduaren oinordeko dira gazteak. Hori da auzi honetan larriena».

Hain zuzen ere, fiskalak gaineratu zuen «pentsaezina» zirudiela XXI. mendean kolektibo bati eta haien senideei ospa egiteko aldarrikatzea. «Eurek erabakiko dute nor bizi daitekeen herrian eta nor ez? Giza izaeraren okerrena dira, eta ideia horrek, iragan mendeko Europan, basakeriarik handiena eragin zuen. Arrazismoa eta xenofobia da, faxismo hutsa. Hori defenditzen dute supremazista abertzaleek».

Era berean, gaineratu zuen «aberriaren beldurra inposatu» nahi izan dutela Altsasun, «politikari lausengarien babesarekin». Horien artean, Javi Ollo alkatea aipatu zuen, auzipetuei babesa eman eta, aldiz, biktimak alboratu dituelakoan. «Terrorismoaren biktimek bizi izandako ostrazismoa dakarkigu gogora». Fiskalak arrazoitu zuen liskarrak helburua bete zuela, «izua eta isolamendua» eragin duelako guardia zibilengan eta familiengan.

Fiskalak egiazkotzat jo ditu guardia zibilen testigantza eta akusazioak deitutako adituen txostenak. Aldiz, herenegun, Iñaki Abaden bideoak kolokan jar dezake bertsio hori, eta, horregatik, fiskalak manipulazioaren susmoa zabaldu zuen. Haren ustez, defentsak berandu aurkeztu zuen bideoa. «Harrigarria da alkandoraren zuritasuna». Epaiketa amaituta, defentsak gogorarazi zuen Carmen Lamela epaile instruktoreak oso azkar itxi zuela ikerketaren fasea, frogak aurkezteko betarik eman gabe. Aldiz, Abaden bideo hori hasieratik aurkeztu da bi adingaberen aurkako auzian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.