Abian pultsuari irmo eusteko atzerako kontua

Kataluniako kontsulta bertan behera lagako du gaur Auzitegi Konstituzionalak, ezusterik ezean.Ezer urratzen ez duela dio Masek.Galdeketa eragileen esku uzteko asmoak indarra hartu du

Josep Rull CDCko koordinatzaile nagusia eta Artur Mas Kataluniako presidentea, atzo, CDCren bileran. ALEJANDRO GARCIA / EFE.
Oihan Vitoria.
2014ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Izkin egin edo amore emateko ordua ailegatu da Katalunian. Zinez aste erabakigarrian sarturik, bost egun eskas baino ez dira falta azaroaren 9ko galdeketarako. Oraindik, edonola ere, airean da kataluniarrek ezarritako datan bozkatu ahalko duten edo ez. Gaurtik aurrera hasiko dira duda-muda horiek argitzen, ustekaberik ezean, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak goizean bertan baliogabetuko baitu behin-behinean igandeko kontsultarako deia. Asteroko bileran batuko dira epaitegiko hamabi magistratuak. Espainiako Gobernuak jarritako helegitea izango dute aztergai; Madrilen eskaria tramiterako onestea eta galdeketa indargabetzea espero da.

Hainbat hedabideren arabera, horrez gainera, balizko debekuari entzungor egitearen «ondorioez» ere ohartarazi ahal dio auzitegiak Artur Mas Kataluniako presidenteari. Generalitateak, berriz, Madrilen «botere gehiegikeriaren» kontrako lehenbiziko neurria hartu du dagoeneko: salaketa jarri zuen atzo Auzitegi Konstituzionalean, helegitea bazter dezala eta galdeketa galaraz ez dezala eskatzeko. Generalitateko bozeramaile Francesc Homsen hitzetan, Mariano Rajoy buru duen gobernuak «ez du behar bezala ulertu» deialdi berria: «Egiten ari ez garen zerbait egotzi digu. Ez da justua. Ez da bertan behera utzitako kontsulta, eta ez du ezer urratzen. Beraz, ez dago iruzurrik». Halakorik balego ere, helegitea ez, Madrilek beste bide batzuk hartu beharko lituzkeela esan du Homsek: «Legeak hala zehazten du. Baina orain ere automatikoki baliogabetu nahi dute prozesua, azalpenak emateko aukerak ukatuz».

Iganderako atzera kontua hasi da, eta Joana Ortega Generalitateko presidenteordeak «guzti-guztia prest» dutela berretsi arren, onartu du ezin dutela «ehuneko ehunean» ziurtatu bozkaleku eta hautetsontziak jarriko dituztenik. Azken orduetan, halaber, indar franko hartu du galdeketaren antolaketa gizarte eragileen esku uzteko asmoak. Balizko debekuari nola erantzun adosteko, Masek elkartzera dei ditzake asteon Erabakitzeko Eskubidearen aldeko Hitzarmena babesten duten alderdi subiranista eta erakundeak.

ANC Biltzar Nazional Katalanak eta Omnium Culturalek, hala ere, ez dute begiko proposamena. Herritarren mugimenduen artean geroz eta ozenagoa da bozkatzera joateko aldarria, eta Carme Forcadell ANCko presidentea ez dago ados prozesua Generalitatea ez den beste erakunde baten esku lagatzearekin. Gobernuak galdeketaren «lidergoari» eutsi behar diolakoan dago. «Kontsultaren buru da. Hark antolatu du, eta harena da ardura ere», oroitarazi du Forcadellek. Erabakitzeko Eskubidearen aldeko Hitzarmenaren koordinatzaile Joan Rigol, ordea, prest da debekuaren ondoren galdeketaren «erantzule» izateko.

«Erantzukizunez jokatzea»

CDCk ere ondo deritzo herritarren erakundeetara jotzeari. Zalantzak uxatu nahi izan ditu Merce Conesa bozeramaileak. Azaldu du «kasurik okerrenean ere» topatuko dutela «modua» herritarrek botoa eman dezaten. Galdeketa baliogabetuta ere, orainoko kanpainari eutsiko diotela ziurtatu du ERCko presidenteak. Generalitateak «erantzukizunez» jokatzea eta galdeketarekin aurrera segitzea espero du Oriol Junquerasek: «Bestela izatea pentsaezina litzateke. Erabakiak erabaki, herriari jaramon egitea da lehentasuna». PSCk, aldiz, ez du uste Masek desobedientziaren bidea hartuko duenik. Sozialistek astelehenean plazaratuko dute Konstituzioa aldatzeko proposamena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.