Ezra Pound eta Al Berto batu dituzte Munduko Poesia Kaieretara

Luigi Anselmik euskaratu ditu egile estatubatuarraren poemak, eta Joxemari Sestorainek, berriz, portugaldarrarenak. XX. mendeko poesiaren berritzaile izan ziren

Luigi Anselmi eta Joxemari Sestorain itzultzaileak, atzo Donostian egindako aurkezpenean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2018ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Poeta gutxi dira XX. mendean Ezra Pounden garrantzia eta prestigioa lortu dutenak. Hala azaltzen zuen Beñat Sarasolak, Munduko Poesia Kaierak bildumaren antolatzaileak, Poundi eskainitako alearen hitzaurrean. «Gurean, esaterako, presentzia azpimarratzekoa du Bernardo Atxagaren Etiopia poesia liburuan; hango etcetera famatuak, adibidez, Poundengandik hartuak dira». Halere, orain arte poema gutxi batzuk baino ez zeuden euskaraz emanak (Jabier Kaltzakorta, Eduardo Gil Bera); Luigi Anselmi itzultzaileak harrapatu du Pounden unibertso poetiko hori orain, eta euskaraz eman du, haren ibilbidearen lagin erakusgarri bat osatuz.

Make it New (Egizu berri!) izan zen Pounden aldarri ezagunetako bat, denborarekin modernismo anglo-saxoiaren goiburu bihurtu zena. Imaginismoa deitu izan zitzaion mugimendu abangoardistako buru garrantzitsuena izan zen Pound, eta «ondare poetiko greko-latindarra beti aldean izanik ere», asko edan zuen Japoniako eta Txinako literatur tradiziotik ere. «Iruditeria bizi eta aratza bilatzen zuen bere poesian, hain justu literatur tradizio horietan ohikoak diren argazki poetiko sotilen uberan. Irudi horiek osatzeko, Poundek 'xehetasun argitsuak' bilatzen zituela esan izan zuen inoiz», dio Sarasolak.

Estatubatuarra zen jaiotzez—1985ean jaio zen, Idahoko herrixka batean—, eta gazte zelarik joan zen Europara. Italiatik pasatu ondoren, Londresera joan zen bizitzera, eta han geratu zen 1920ra arte. Han ezagutu zituen idazle anglo-saxoi handienetako batzuk: W.B. Yeats, T.E. Hulme... 1910eko hamarkadan, Japoniako eta Txinako literatura klasikoa ikertzen jardun zuen, eta izugarrizko eragina izan zuten haren lanean. Cathay liburu berezia da horren adibide behinena. Urte horien bueltan hasi zuen, halaber, bere bizitzako egitasmo poetikorik handiena: The Cantos, 116 kantuko poema luzea, amaitu gabe utzi zuena. Horietako I. Kantua dago kaiera berrian bildua.

Italiara mugitu zen 1924an. Bigarren Mundu Gerraren atarian, faxismoaren aldeko idazkiak idazten hasi zen. Gerra amaitu zenean, partisanoek atxilotu eta kartzelara sartu zuten, harik eta AEBetara bidali eta traizioagatik epaitu zuten arte. Buru gaixotzat diagnostikaturik, St. Elizabeth ospitalean sartu zuten 1958. urtera arte. Handik atera zenean, Italiara itzuli zen. Venezian hil zen 1972an. Faxismoarekin izandako loturaz gaindi, idazle lagunek miretsia izan zen Pound, Anselmik dioenez. «Ernest Hemingway laguna izan zuen , nahiz eta denbora luzez harremanik izan ez. Hark zioen munduan literaturak irauten duen artean iraungo duela Pounden poesiak».

Aurrenekoz euskaraz

Ez da idazle ezaguna euskal letretan, nahiz eta Fernando Pessoaren ondorengo poeta portugaldar antologatuenen artean egon. Orain artean ez zegoen Alberto Raposo Pidwell Tavaresen (Coimbra, Portugal, 1948-Lisboa, 1997) poesiarik euskaraz emana —Al Berto izenez ezaguna da poeta—. Joxemari Sestorainek euskaratu ditu aurrenekoz haren poemetako batzuk, Susa argitaletxeak atondutako Munduko Poesia Kaierak bildumarako: «Ate bat ireki nahi izan dut, oso poeta pertsonala eta aberasgarria baita, eta ez oso ezaguna. Merezi du deskubritzea».

1987an argitaratu zuen O Medo (Trabalho Poético 1974-1986) antologia —Beldurra, lan poetikoa 1974-1986—, eta liburu horrek ezartzen du, nolabait, Al Bertoren poesiaren muina. Sestorainek, aldiz, bilduma berrirako abiapuntu gisa Jorge Reis-Sa editore eta idazleak apailaturiko O ultimo coraçao do sonho (Ametsaren azken bihotza) antologia erabili du. «Errezitaletan errepikatzen zituen poemak sartu ziren antologia horretan, eta horixe litzateke, beraz, poetaren beraren hautaketarik pertsonalena», Sestorainen iritzian. Izan ere, poemak «ahoz gora» irakurtzeko idazten zituen, eta, hartara, musikalitate eta erritmo ederreko aleak bildu dituzte euskarazko kaieran.

Poema horiez gain, Sestorainek O Medo-tik ateratakoak eta beste ale solte zenbait ere euskaratu ditu: Udazkeneko eskutitzak, esaterako. Beñat Sarasolak honela idatzi du aitzinsolasean: «Azken horietan, ziur aski, Al Berto gordinago bat topatuko du irakurleak, ez hain lirikoa akaso, baina barne-muinetaraino sartzen den indar poetikoduna».

Kritikak Errealismo Berriaren ordezkaritzat jotzen du Al Berto, beste errealitate bat erakusten duelakoan: «Nolanahi den, gordintasun horrekin batera topatzen ahal ditugu lirismoa, metafora pindartsuak eta halako jaidura sinbolista bat», dio Sarasolak.

Goi-burgesiako familia baten jaioa, «hezkuntza artistiko apartekoa» jaso zuen. Lisboan lehenengo, eta Belgikan ondoren, margolaritza ikasten jardun zuen, harik eta hura baztertu eta idazteari ekitea erabaki zuen arte. Komunitate hippy batean bizi izan zen Bruselan, beste artista batzuekin, eta garai hartako joan etorrietan oinarritu zen 2017an estreinatutako Al Berto filma, Vicente Alves do Ó zuzendariarena.

Sestorainen iritzian, gayen arteko maitasunaren eta bazterreko jendearen (gayak, transexualak, txaperoak...) erretratugile fina izan zen. «Hori bera izan daiteke Portugaldik alde egiteko arrazoietako bat». Al Bertoren poesiaren ezaugarrietako bat «gorputzak» duen presentzia da, Sarasolaren hitzetan: «Poesia goi-zeruekin erlazionatu ohi da maiz, baina Al Bertok poesia ere gorputzarena izan daitekeela erakutsi zuen: 'Gorputzak kondenatzen nau bizitzera' zioen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.