Herritarren gunea

Udal politika eraldatu, eta herritarrak udalgintzan inplikatzearen aldeko apustua egin du EH Bilduk.«Dena denok erabakitzea nahi dugu»

EH Bilduk Donostia, Gasteiz eta Bilborako dituen alkategaiak, atzoko hitzaldi sortan. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2015eko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Herritarrek etengabe parte hartu behar dutela esan, eta erabakitzeko gune gisa defendatu ditu udalak EH Bilduk. Politika egiteko modua eraldatu beharra dagoela, «behetik gora» egin behar dela politika, eta ez alderantziz. Horretarako, ezinbestekotzat du herritarrek edozein udal gaietan zuzenean parte hartzea eta erabakitzea, «maila guztietan». «Dena denok erabakitzea nahi dugu».

Aitziber Ibaibarriaga Bilboko Udalerako alkategaia, Miren Larrion Gasteizerakoa eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatetzan errepikatzeko hautagaia euren proiektu eta lehentasunei buruz aritu dira Bilbon, Forum Europak antolatutako gosari-hitzaldian. Pello Urizar EH Bilduren legebiltzarkideak aurkeztu ditu hirurak koalizioaren proiektua gauzatzeko ordezkaririk onenak direla esanda. Erabakitzeko eskubidean egin du indar Urizarrek ere: «Gure edozein herritan bizi diren herritarrek euren etorkizuna eraikitzeko lanean parte hartzeko eta erabakitzeko eskubidea dutela uste dugu irmoki».

Erabakitzeko ahalmena «maila guztietan» izan behar dutela zehaztu du, gainera: «Udal erakundeek herrigintzarako balio behar dute, zalantzarik ez, baina, horrez gain, naziogintzarako ere ezinbestekoak dira, gizarte eredua eraikitzeko oinarrizkoak baitira. Herriz herri egingo dugunak esango digu zer nolako nazioa izango garen».

Aldarrikatzen duen eredu aldaketa posible dela sinetsita dago koalizioa. Politika «behetik gora» egin daitekeela; herritarrek zuzenean eta modu egonkorrean parte hartu dezaketela udalgintzan, eta hala egiteak emaitza onak dakartzala.

Donostia dute horren froga. «Politika herritarrekin egitea, demokratikoagoa izateaz gain, kudeaketarako tresna paregabea ere bada», adierazi du Donostiako alkateak lau urteotako esperientzia oinarri hartuta. «Herritarrak antolatzen direnean, hobeto gobernatzen da; herritarrek instituzioen erabakietan parte hartzen dutenean, hobeto kudeatzen da; herritarrek protagonismoa dutenean, emaitza hobeak lortzen dira».

Baina herritarren inplikazioak benetakoa izan behar duela ohartarazi du, eta bideak sortu behar direla horretarako. Herritarrek proposatu eta erabakitzen dutena errespetatu eta gauzatu behar dutela udalek. Horretan aritu dela azaldu du, eta, prozesu parte hartzaileek erabakietan amaitu behar dutenez, herritar kontsultak egiteko araudia ere egin duela Donostiako Udalak. Arau hori herritarren ekarpenetan oinarritu da.

Horrek ez du kudeaketa txarra eragiten, Bilduko ordezkariek nabarmendu dutenez. Datuak eman ditu Izagirrek. Krisiaren eraginez aurrekontu murritzagoak izan arren, Donostian gizarte zerbitzuak areagotu direla azaldu du; martxan jarritako enplegu planari esker, 3.080 lanpostu sortu direla; eta inork heldu nahi ez zien ezinbesteko azpiegitura lan handiak abiatu direla behar handiena duten auzoetan. Martutene eta Txomin Enea auzoetan uholdeek sortzen dituzten arazoak konpontzeko lanak ditu adibide.

«Ezkerreko pertsonek ez dugula ondo kudeatzen esaten dutenek mespretxuz begiratzen digute», salatu du Gasteizko alkategaiak. Baina, bere hiriburuan, PPren kudeaketa txarrak 65 milioi euroko zuloa sortu duela ohartarazi du.

Ibaibarriagaren hitzetan, Bilbon argi geratu da EAJ «ez dela horren kudeatzaile ona, eta gehien dutenen mesedetan gobernatzen duela». EAJren 35 urteetako «politika iluna» amaitu beharra plazaratu du. «Multinazionalen, alderdiko lagun eta enpresen zerbitzura» jardun duela EAJk, eta hori bukatu behar dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.