75. Musika Hamabostaldia. Miren Urbieta Vega. Sopranoa

«Artista eginaren eginaz ontzen da»

Umetatik zekien Miren Urbietak musikatik biziko zela. Klarinete ikasketak egiten ari zela ikusi zituen gauzak argi, eta kantua ikasten hasi zen. Hamabostaldian bi emanaldi egingo ditu; lehenengoa, gaur.

Araitz Muguruza.
Donostia
2014ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Zortedun sentitzen da Miren Urbieta Vega sopranoa (Donostia, 1983). Klarinete ikasketak egiten ari zela erabaki zuen kantuan jardun nahi zuela, instrumentuarekin lotura berezirik ez zuelako ikusten. Eta asmatu zuen, orain kantuak betetzen duela uste baitu. Kontzertu ugari ematen ditu, eta Donostiako Musika Hamabostaldiak ere agenda bete xamar duela harrapatu du. Gaur Debako Andra Mari elizan (Gipuzkoa) eta hilaren 16an Leireko monasterioan (Nafarroa) emango dituen kontzertuen artean, beste zenbait emanaldi dauzka hitzartuta Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin. Jose Ignazio Ansorena txistulariarekin eta Koro Saenz organistarekin batera arituko da Hamabostaldian.

Jose Ignazio Ansorenak propio sortu duen konposizioa estreinatuko duzue gaurko kontzertuan. Nolako obra da?

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak 250 urte bete ditu aurten, eta horren harira sortu du abestia Ansorenak. Ezaugarri bereziak ditu. Txistuak, sopranoak eta organoak osatutako kontzertua izango da. Banatu egin dugu kontzertua: txistuak eta organoak joko dute zati batean, eta, bestean, nik organoarekin abestuko dut. Kontzertuaren erdialdetik bukaerara, hirurok elkarrekin osatuko ditugu obra ezagun batzuk.

Sarritan ikusten ez den hirukoa da txistua, organoa eta sopranoa.

Talde honetarako propio egokitutako konposizioak joko ditugu. Aita Donostiak konposatu eta Tomas Araguesek moldatutako Oinazez pieza emango dugu, besteak beste. Tomas Garbizu eta Jesus Guridi ere interpretatuko ditugu. Sarrerako obra izan ezik, beste guztiak izango dira hemengo konpositoreenak.

Musika Hamabostaldian, tokiko musikari gazteek izaten duzue tokia, hasiera ekitaldian eta Hamabostaldiaren barruko zikloetan. Urte osoko mugimenduarekin alderatuta, arnasgune moduko bat da?

Zerbait bada. Garaien araberakoa izaten da gure egoera. Niri ongi joan zait; lana ez zait falta, baina ikusten da krisiak eragin duen beherakada, eta, horren eraginez, ziklo inportante asko orain ez dira urtero egiten.

Topikoek diote operak ez dituela erakartzen gazteak, baina obrak interpretatzen gazteak ikusten dira. Uste okerra dagoen seinale?

Oso okerra, gainera. Operak milaka daude, eta topatu behar da zuri gehien gustatzen zaizuna. Orain dela bost urtekoa edo orain dela gutxi estreinatu dena oso desberdinak izan daitezke, beste zuzendari batekin egin dutelako, edo beste jantzi batzuekin, eta gustatu egiten zaizu. Opera oso plurala da; askotariko musika izan dezake, baita oholtzaratzea ere. Nik zinemarekin egiten dut alderaketa. Hara joatean ere nahikoa diru ordaintzen da, eta beti ez zara gustura irteten handik, baina ez diozu zinema ez zaizula gustatzen, filma ez duzula gustuko baizik. Jendeak opera bat ikustera joan eta ez bazaio gustatzen, «opera ez zait gustatzen» esaten du. Egia da urteetan talde elitista bati begira egin dela eta ez zegoela denen eskura. Gaur egun, ordea, eskuragarriago dagoela esango nuke. Badira askorik pentsatu gabe ordaintzen ditugun beste hainbat kontu; futbola, adibidez, eta horri buruz inork ez du ezer esaten. Ohitura hartzea da, eta, noski, erakundeek ere lagundu behar dute horretarako.

Hamabostaldiak urtero ekartzen du opera bat. Jendearengana gerturatzeko balio izaten du?

Saiatzen dira beti titulu erakargarri bat ekartzen. Opera dinamikoak izan ohi dira; horrek jendea errazago erakartzen du.

Musika Aitzakia zikloaren barruan eman behar duzue beste kontzertu bat, Leireko monasterioan, Nafarroan. Inoiz kantatu duzu hor?

Tokiagatik, hasteko, niretzat oso emanaldi berezia izango da. Abeslariok askotan errepikatzen ditugu kontzertuak, baina inoiz ez da berdina izaten. Gugandik hasita, ez baikara beti egoera berean egoten, baina lekuak ematen dizun xarmak, akustikak... Eta Leireko kontzertuak horretatik badu zerbait. Ez dut inoiz abestu han, gainera.

Euskal Herrian egin duzu ikasketen zati handi bat; ondoren, Valentziara joan zinen (Herrialde Katalanak). Atzerrira joatera derrigortuta zaudete?

Nik zorte handia izan dut hemen egin ditudalako ikasketa guztiak. Zorionez, goi mailako musika ikasketak ere egin daitezke Musikenen. Baina kanpora joan behar da interpretazioan ontzeko, batez ere. Mugimendu handiagoa dago Italian eta Alemanian, esaterako. Ni Valentziako Placido Domingo zentrora joan nintzen. Kontserbatorioetan ezagutza hartzen duzu, baina artista oholtzan ontzen da, eginaren eginaz.

Zer-nolako galbahea igaro behar izaten duzue?

Sopranoak aktore ona izan behar du, itxura egokikoa, eta, noski, ongi abestu behar du. Zenbaitetan, gainera, gaztea izatea lehenesten dute. Nik egin ditut Parisen hainbat proba, eta hirurehun bat lagun aurkeztu ginen hamabi lekutarako. Antzeko kopuruak izaten dira opera estudioetarako, opera handiei atxikitako akademietarako. Gazteak lantzen dituzte hor, gerora antzoki handietan lan egingo dutenak. Konpetentzia gogorra dago.

Oso gazterik hartu zenituen zuzendaritza lanak Mariaren Bihotza abesbatzan eta Donostiako Orfeoi Txiki eta Gaztean. Ondoren egin zenuen bakarka abesten hasteko jauzia.

Donostiako kontserbatorioan klarinetea ikasten nuen bitartean, Bilboko unibertsitatean musika irakasletzako eta abesbatzen zuzendaritzako ikastaroak egin nituen. Haiek animatu ninduten Musikeneko kantuko proba egitera. Neure burua ez nuen ikusten klarinetearekin goi mailako ikasketak egiten; horregatik, prestatu, eta zortea izan nuen.

Goi mailako ikasketak amaituta, beste apustu bat egin zenuen, eta kantuan jardutea erabaki.

Ikasten ari nintzen bitartean, abesbatzak zuzentzen nituen. Zuzendari lanak alboratu beharra ikusten nuen bakarlari gisa aurrera egin nahi banuen, eta utzi egin nuen. Orduan joan nintzen Valentziara. Horien falta sentitzen dut oraindik ere, irakastea beti izan baita nire beste bokazioetako bat.

Ibilbidean jaso dituzu sari batzuk. Hartutako bidea finkatzeko balio izan dizute?

Sariak geure burua ezagutzera emateko eta harremanak egiteko zaizkigu baliagarriak; erakusleiho moduko bat dira. Maiatzean, Euskalduna jauregian debutatu dut, 2012an irabazi nuen sari bati esker. Produkzio handi batean lan egin dudan lehenengo aldia izan da.

Aldaxka Trio eta Trio Easo taldeetan ere parte hartzen duzu. Betikotik aldentzeko balio dizute?

Klarineteak, pianoak eta ahotsak osatutako taldea da Aldaxka Trio; tronpetak, pianoak eta ahotsak osatutakoa Trio Easo taldea. Biak ere betiko lagunekin osatutako taldeak dira. Errepertorio klasiko eta barrokorako egokitutako piezak jotzen ditugu. Tarteka betikotik ateratzea gustatzen zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.