Eneko Garamendi. Sukaldaria eta basozaina

«Everesten, dilistek denbora gehiago behar dute egosteko»

Alex Txikonek Everest neguan eta oxigenorik gabe igotzeko egin duen bigarren saiakerako sukaldaria izan da Garamendi. Apenas prestatu zen espediziora joateko, eta, hala ere, ondo eutsi dio mendiko gaitzari.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2018ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Afari baten ondoren eta mahaiaren bueltan esandako hitzak dira hauek: «Alex, eta zergatik ez duzu Eneko zurekin eramaten, sukaldari ?». Alex Txikon mendizaleari egindako galdera izan zen hori, eta Eneko Garamendi zen hari proposatu ziotena. Basozaina da ofizioz, baina afizioz sukaldaritzan aritzea gustatzen zaio, eta gau hartako afaria ere hark prestatu zuen, Lekeitioko (Bizkaia) Kai Alde elkarte gastronomikoan. Egun hartan hitzaldia ematera joana zen Txikon kostako herri horretara, eta afaltzen geratu zen: «Alexek esan zidan sukaldaria behar zuela bere hurrengo espediziorako, etagaldetu zidan ea berarekin joango nintzen; nik baietza emanez gero betetzeko zela erantzun nion». Eta hala egin zuen. Baiezkoa eman, eta Txikonekin joan zen. Everest oxigeno gabe eta neguan igotzeko Txikonek egin duen bigarren saiakerako sukaldaria izan da Garamendi.

Esperientzia polita izan zela azaldu du, baina aitortuta hobe izango zela beldur gutxiagorekin joan izan balitz: «Errespetu handiarekin joan nintzen, eta badakitgehiago gozatuko nuela beldur barik joan izan banintz. Banekienhalako altueretan kosta egiten dela arnasa hartzea, eta horregatik nuen beldur hori». Hala ere, esperientzia ahaztezina izan dela aitortu du: «Itzela izan da ikustea nola funtzionatzen duen espedizio batek barrutik, nola antolatzen diren planak, nola prestatzen den dena...».

Baina hura ez zen espedizioaren ikusle hutsa izan: bertako partaide zuzena izan zen. Eguneroko otorduak prestatzeko ardura zuen, eta ez zen lan erraza izan: «Urak, egosterakoan, ez du tenperatura bera hartzen, eta, beraz, Everesten dilistek denbora gehiago behar dute egosteko». Lapikoak denbora gehiagoz egon behar zuen sutan, horregatik. «Hala ere, ondo moldatu gara, sukalde ona izan dugulako eskura».

Baina zer jaten dute Everestera neguan igo nahi duten mendizaleek? Garamendik azaldu du zein izaten zen menua: «Ur asko edan behar denez, zopa asko prestatu behar izan ditugu; gurekin zeuden nepaldarrek berakatz zopa prestatzen zuten, baina ez guk jaten dugun modukoa, berakatz gehiagorekin. Mendiko gaitzaren aurka ona omen da berakatza, eta horregatik jaten zuten hainbeste». Garamendik, halakoak prestatzeaz gain, mendizaleak indartzeko ere prestatu zituen elikagaiak: «Pasta asko jan dugu, baita okela, dilistak eta indabak ere».

Igoera prestatzen

Bi hilabetez egon dira Everesteko oinarrizko kanpalekua baino gorago. Espedizio horretan, ohiko lekua baino gorago jarri dute kanpalekua, espedizioan zehar egin beharreko gorabeherak murrizteko. Ia 6.000 metroko garaieran egon dira, beraz, Garamendi eta beste kideak, eta janaria bertara eramateko ere lan egin behar izan dute. Lehen egunean, 500 kilo elikagai eraman zituzten hara. «Zama eramaileek zeramaten ia dena; animaliak bertara iristea zaila zen, azken zatian zorua izoztuta baitzegoen».

Baina hura ere ibili da gorabehera batzuk egiten. Altuera horretan mendian ibiltzeko, ordea, ez du prestakuntza fisiko handirik egin, aitortu duenez. «Ez nuen denbora askorik eduki, egia esan; mendira igotzen nintzen, hiru edo lau orduko martxak egin nituen, eta iluntzeetan hondartzara joaten nintzen hankak indartzera». Horretaz gainera, ez da asko prestatu Everesteko espediziora joateko. «Azken egunak gogorrak egin zitzaizkidan, baina, oro har, ondo eutsi nion. Uste dut mendian dabilen edonor joan daitekeela».

Hala ere, aitortu du asko nekatu zela: «Dena nahasten da, neke fisikoa, psikikoa, eta oxigeno falta». Aklimatazio sasoia igarota, ordea, «nahiko ondo» egon zela dio. «Ikusita beste batzuk nola egon ziren... Gurekin etorri zen batek behera jaitsi behar izan zuen, ezin ziolako buruko minari eutsi».

Tontorrera igo gabe, buelta

Edozein modutan, min handiena etxera itzultzeko erabakia hartu zuten egunekoa izan zen. «Alexek espedizioa amaitu zela esan zuenean, lur jota geratu ginen denok; egin zen lan guztiarekin, gainera... Guk oinarrizko kanpalekutik ikusi genuen nola igo ziren Pumorira, zein mugimendu egin zituzten, eta zein erraz igo ziren. Hori ikusita, pentsatu genuen erraza izango zela; sokak 8.000 metroraino jarrita zeuden...». Baina, tontorrerako erasoa egin behar zuten saiakeran, eguraldiak okerrera egin zuen, eta dena bertan behera geratu zen.

Horregatik egin zuten kopetilun itzulerako bidaia. Hori kenduta, pozarren dago espedizioan izan zuten giroarekin: «Beldur nintzen hainbeste egun batera egonda ea haserretuko ote ginen elkarrekin, baina inondik inora ez; kartetan ordu asko pasatu ditugu, eta kantuan eta txantxak egiten ere, beste hainbeste». Itzulerako bidaian, Txikonek proposamena bota zion Garamendiri: «Esan zidan nirekin gustura egon zela, eta hurrengo espedizioren batean berriz ere berarekin joatea nahiko lukeela». Garaiera horietan kozinatzen ikasi duenaren seinale. «Lehen aldiz dilistak prestatu nituenean, harriak bezala geratu zitzaizkidan; horrela ikasi nuen denbora gehiagoz eduki behar direla elikagaiak egosten». Hurrengo neguan Txikonek berriz ere Everesterako saiakera egiten badu, litekeena da Garamendi ere harekin joatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.