Otaegiren senideak: «Gure egiak ez dio inori bizkarrik emango»

Frankismoko azken fusilatzeen urteurrenaren harira, oroimen ekitaldia egingo dute urriaren 1ean. «Eskubide guztiak» aldarrikatu dituzte

Anjel Otaegiren senide eta lagunak, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena.
Donostia
2016ko irailaren 25a
00:00
Entzun
«Gu egia osoaren alde gaude, gure kale eta historia liburuetatik ezer eta inor ezabatu gabe. Gure egiak ez dio inori bizkarrik emango, baina gatazkaren ondorioz pertsona ugariri bortxatu izan zaizkie larriki oinarrizko eskubideak, inolako aitortza eta erreparaziorik gabe. Oker hori zuzendu beharra dago». Mezu horrekin deitu dute Anjel Otaegiren senideek hura oroitzeko ekitaldira. Urriaren 1ean izango da, 18:00etan, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan (Gipuzkoa), Zutik dirauen herria lelopean. Duela 41 urte Francoren erregimenak fusilatu zituen ETAko Jon Paredes Manot Txiki, Otaegi eta FRAPeko hiru kide, 1975eko irailaren 27an. «Hala ere, egun horren benetako esanahiak ez du zerikusirik heriotzarekin, bizitzarekin baino».

Otaegiren lehengusu Mertxe Urtuzagak eta Ekaitz Agirre azpeitiarrak azaldu dutenez, «xumea eta intimoa» izango da ekitaldia. Donostian egindako agerraldian salatu dutenez, Frantziako eta Espainiako estatuek «pertsona askoren aurkako errepresioa ezkutatu eta zuritu dute» azken 40 urteetan: «Gure sufrimendua ere isilarazi dute». Urte luzetan, aitortzarik gabe egon dira Otaegi eta Txiki; 2012an onartu zituen biktima gisa Eusko Legebiltzarrak.

Ez errepikatzeko bermea

Ekitaldiarekin, «elkarbizitza eta eskubide guztiak onartu eta gauzatzea ahalbidetzen duen konponbidea» aldarrikatu nahi dute Otaegiren senideek: «Gure ekarpenak etorkizun horretan du zentzua». Hori da «berme bakarra», Urtuzagaren eta Agirreren esanetan, «bidegabekeriak eta mina» ez errepikatzeko: «Akordio politikoak konponbide justua eta partekatua zehaztuko du. Ondorengo elkarbizitza demokratikoakahalbidetuko du bakea. Horixe izan zen gehien maite genituen pertsonen funtsezko nahia».

Ahaztuak 1936-1977 elkarteak ere ekitaldiak antolatu ditu irailaren 27rako. Txikiren hilobiaren aurrean elkartuko dira Zarautzen (Gipuzkoa), 12:00etan. Gasteizen, Derion (Bizkaia) eta Iruñean ere izango dira omenaldiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.