Hizkuntza gutxituak. Frantzia

Okzitaniera, eremu handi batean hedatua

32 departamendutan zatitua da Okzitania. Hizkuntza indartu nahi duten eragileen ustez, eremu hori bera arazo handia da. Instituzioen engaiamendua ezinbestekotzat jotzen dute okzitaniera garatzeko, gaur egun laguntza gutxi dutelako.
Umeak eta irakasleak, kalandreta batean. Indar hartzen ari dira ikastetxe horiek.
Umeak eta irakasleak, kalandreta batean. Indar hartzen ari dira ikastetxe horiek. KALANDRETA

Joanes Etxebarria -

2015eko ekainak 5

Okzitaniak 190.000 kilometro koadro inguru ditu orotara. Vincenç Claverie Baionan bizi den militante okzitaniarraren ustez, horrek ezberdintzen du okzitanieraren aldeko borroka euskararen aldekotik: «Eremu txikiagoa baitu, aiseago ikusten dut euskararen iraupena». Haren erranetan, «hiztunen multzo trinkoak» baino gehiago, «han-hor barreiatuak diren hiztun multzoak» dira Okzitaniaren mapa linguistikoa osatzen dutenak.

Frantziako Estatuaren lurralde kasik erdia da Okzitania, eta instituzio anitzetara jo behar dute hizkuntzaren aldeko urrats eske. Jean-Brice Brana hizkuntzaz arduratzen da Institutu Okzitaniarrean, eta, haren ustez, lekuka desberdina da egoera. «Lurralde bakoitzaren historiaren araberakoa da». Gune azkarrak aipatu ditu, hala nola Biarno (Euskal Herriaren ekialdean) eta Tolosako eskualdea (Okzitania). Akitanian ere, maila instituzionalean, hizkuntzak badu garrantzia, neurri batean. Horren lekuko da David Grosclaude hautetsiak Bordelen egin duen gose grebak azaleraturiko egoera: Okzitanieraren Erakunde Publikoa sortzearen alde bozkatu zuen eskualdeak, baina estatuak ez du neurririk hartu oraindik.

Hizkuntzaren garapenari dagokionez, Branaren arabera, eskualde batzuen arteko elkarlana bada, baita herri mugimendu batzuen sareak ere; kalandretak (ikastolen parekoak) edo Institutu Okzitaniarra, kasurako: «Eskualdeetako mugak gainditzen ditugu, baina lurraldea hain da zabala, ezin dugu denen berri ukan».

Hizkuntza Gutxituen Ituna

Grosclauden gose greba bukatu eta biharamunean, atzo bertan, Frantziako presidenteak iragarri zuen bidea irekiko duela gobernuak Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna izenpetu dezan. Kalandreten sareko buru Jean-Louis Bleneten ustez, berriz, iragarpena «imintzioa edo taktika» baizik ez da: «Harrigarria da Hollandek aldaketa konstituzionala iragartzea Senatuan gehiengoa galdu duelarik. Ez dut uste Kongresua bilduko duenik preseski horretarako; gainera, ezkerrak ez du gehiago hasieran zuen gehiengoa». Positiboa zaion bakarra da gaiak zer errana emanen duela, eta aipatzea bera «ona» dela, haren ustez.

Halere, hezkuntzaren ikuspegitik begiraturik, Bleneten iritzia hau da: «Eskualdeek zinez engaiatu behar lukete, eta horretarako presio bide juridiko bat bada korsikerari legez onartzen zaion estatusa onartzea okzitanierari ere. Korsikera legean sartua baita, zergatik ez lirateke beste hizkuntzak ere sartuko?».

Hiru solaskideak bat datoz okzitanieraren prestigio eskasak kalte eragin izan duela. Branaren erranetan, «hizkuntza gisa baino gehiago, basa mintzairatzat hartu izan da okzitaniera, eta balorizazio lan handi bat dugu egiteko». Kalandreten koordinazioaren buruzagiak dioenez, berriz, «hizkuntzaren izena irabazia da». Okzitaniako hiru eskualdetan bereziki, eskaerei ezin erantzunez gelditu dira murgiltze ereduan ari diren eskolak —Biarno, Miegjorn-Pireneus eskualdea (Tolosa eta inguruak) eta Tarn eskualdea dira hiru gune horiek—.

Seaskako ikastolak bezala, kalandretak ere Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin kontratupean dira, eta, ondorioz, irakasleen soldatak ministerioak ordaintzen ditu. Baina ikastolei ez bezala, kalandretei sei urteko ibilmoldea ziurtatzea eskatzen zaie tratu hori gauzatu aitzin. Ondorioz, eskola bakoitzak lekuko instituzioen beharra du epe horretan irauteko. «Kolektibitateak gutxi bustitzen dira. Epe horretan kolektibitateek lagundu behar gaituzte, baina oso gutxi egiten dute», Blenetek salatu duenez.

Borondatezko lanari esker dira, beraz, neurri handi batean, kalandretak garatu azken urteetan. Garatu baitira: 2009az geroztik, ikasle kopurua eskualde guztietan handituz joan da azkarki, Lemosin eskualdean izan ezik. Orotara, gaur egun, 46 eskola eta hiru kolegio badira Okzitanian.

Hizkuntzaren geroari so baikor ageri bada ere —gizartea okzitanierari atxikia dela baitio—, ahoan bilorik gabe laburbildu du Blenetek estatuaren hizkuntza politika: «Estatu hau kultura- eta hizkuntza-hiltzailea da».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Bi pertsona maskarak soinean daramatzatela, autobusean. ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Lau gako asintomatikotasunaz

Arantxa Iraola

Kutsatu guztiek ez dituzte izaten sintomak. Adituek diote COVID-19an positibo emandakoen erdiek-edo, birusa izan arren, ez dutela batere sintomarik. Horrek zaildu egiten du izurriaren kontrola.

Sindikatuek jantoki zerbitzua bermatzeko egindako elkarretaratze bat, artxiboko irudian ©luis jauregialtzo / foku

Hezkuntza Sailak 630 langile kontratatu ditu jantokietarako

Irati Urdalleta Lete

EHIGEren iritziz, ez da nahikoa Arabako, Bizkaiako eta Gipuzkoako eskola publikoetako jantokietarako 630 langile kontratatzea. Hezkuntza Sailak ez du jardunaldi jarraitua ezarriko Haur Hezkuntzako eta lehen Hezkuntzako ikasleentzat.

Ikasgela huts bat, artxiboko irudi batean. ©Jon Urbe, FOKU

Beste hamabost ikasgela itxi ditu Jaurlaritzak

Uxue Rey Gorraiz

Eusko Jaurlaritzak esan du 280 ikasgela daudela bakartuta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza sisteman, pandemiarengatik.

PCR probak, Urdulizko ospitalean. ©Aritz Loiola, FOKU

Positibo gutxiago atzeman dira

Uxue Rey Gorraiz

Beste 679 detektatu dituzte Hego Euskal Herrian, eta apaldu egin da ospitaleratuen kopurua: 42 lagun sartu dituzte erietxean azken egunean. 72 gaixo daude ZIUetan. Gizonezko bat hil da, Nafarroan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna