Etorkizun hurbileko elikagaien atzetik

Gastronomian izango diren berritasunak, sarri, ingurutik biltzen dira. Horren jakitun dira Aztikoak, eta The Food Mirror lehiaketa egin dute. Fabiola Goribar, Elena Ubeda eta Ruby Garobillo irabazleak Euskal Herrian dira egun hauetan.

Fabiola Goribar, Elena Ubeda eta Ruby Garovillo The Foof Mirror lehiaketako irabazleak, Ordiziako azokan. G. RUBIO / ARP.
Araitz Muguruza.
Ordizia
2014ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Ez dira sukaldariak, ezta jatetxeetako langileak ere, bainaogibide horiek dituztenen pasio berarekin ibiltzen dira plater artean, Ruby Garovillo, Elena Ubeda eta Fabiola Goribar. Gastronomia gustuko ez ezik, bizitzako erdigune ere badute, eta hori aitzakia hartuta erabakitzen dituzte oporrak igarotzeko tokiak, besteak beste. Begiak zorroztuak izaten dituzte, eta horregatik parte hartu zuten Aztik antolatutako The Food Mirror gastronomia joeraberrien lehiaketan, eta irabazi egin zuten. Euskal Herriko gastronomia ezagutzea izan dute saria. Aste osoko egonaldia egiten ari dira. New Jerseytik, Mexikotik eta New Yorketik etorri dira, hurrenez hurren, Garovillo, Goribar eta Ubeda. Ustekabean jaso zuten hirurek berria. «Ez nuen uste irabaziko nuenik, ingurukoena nirea baino hobea zela uste bainuen», adierazi du Goribarrek.

Ehizan aritu dira, eta beren bizilekutik gertu dituzten gastronomia joerak izan dituzte ehizaki. Horiek identifikatu, argazkia atera, eta The Food Mirror aplikaziora jarri zituzten. Aurkitutako joera guztiak Aztik jarritako traolen arabera katalogatu zituzten.Etika, komunikazioa, iraunkortasuna, diseinua eta teknologia izenen arabera, besteak beste.

Goribar Mexiko hiriaren erdigunean bizi da, baina sarri joan ohi da bisitan inguruko herri eta hirietara. Aniztasun handiko ingurua da, haren esanetan, eta horrek hainbat obserbazio egiteko aukera eman zion: «Teotihuacan piramideetan jatetxe bat ireki zuten, kolonizatu aurretiko herrian janaria nola prestatzen zuten eta horien inguruan errituak nola egiten zituzten erakusteko. Mixiote da plater ezagunenetariko bat: untxiaren haragiarekin egiten dute; batzuetan, banana barruan sartuta aurkezten dute». Leku hura Mexikoko sustraietara bidaiatzen zuelako hautatu zuen Goribarrek, eta esperientzia traolarekin sailkatu.

Izatez madrildarra da Ubeda, baina bost urte daramatza New Yorken bizitzen. Hiri erraldoiko kaleetan barna aritu zen behaketa lanetan: «Merkatu eta supermerkatuetan begira aritu nintzen, kontsumo ohitura berrien bila». Hala aurkitu zituen food tracks-ak, janaria kalean saltzen dituzten kamioiak. Aplikazio propioa daukate, hiriko zein lekutan dauden jakin dezaten erabiltzaileek. Kamioi horiek jatorri askotako janaria saltzen dute. Arrakasta handia izaten ari direla dio Ubedak; ilara handiak izaten dituzte.

Ordiziako merkatuari keinu eginez, Ubedak gogoratu du astero azoka egiten hasi direla New Yorken. «Inor gutxik esperoko du, baina herrialdearen iparraldea ingurune berdea da, eta nekazari askoren bizileku. Duela gutxi ekin diote tokiko produktuak sustatzeari New Yorken, eta handik hasi dira azoka astero egitean».

Dastatzeek beldurtu gabe

Garovillo ere merkatu zalea da, eta New Jersey inguruan ere horien bila aritzen da. Haren ustez, joeren ehizan dabiltzanek «probatzeko eta ikertzeko prest» egon behar dute. «Bila eta bila aritu behar du, eta beti probatzeko prest egon. Baliteke aurkikuntza txiki baten bidez betiko plater bat alda dezakeen zerbait aurkitzea, edo gerora munduan modan izango den elikagaia deskubritzea».

Zaletasunez aritzen da Garovilla elikadurako joera berrien atzetik. Foodie gisa identifikatzen du bere burua. Lanbidez ikertzailea da, eta uste du horri esker begi zorrotzagoa daukala. Ubeda eta Goribar ere elikadura mundutik urrun egiten dute lan. Bankuko langilea da Ubeda, eta Goribar, berriz, komunikazio digitalean aritzen da.

The Food Mirror lehiaketari esker, «lotsarik gabe» beren pasioa aldarrikatu ahal izan dute hirurek. «Facebookeko lagunak nazkatuta neuzkan nire argazkiekin; guretzako, foodie-ntzako lehiaketa bat egin dute. Nork esango zuen?», dio irribarrez Goribarrek.

Aste osoa daramate Euskal Herrian. Etorri direnetik, ez dira geratu ere egin. Plentzian (Bizkaia) urpean dagoen bodegara egin zuten bisita gustatu zitzaien bereziki.

Bigarren aldiz antolatu du lehiaketa Aztik. Sonia Riesco Aztiko teknikariak azaldu du lehiaketaren bidez gastronomian eta enologian dauden joeren berri zabalagoa izan nahi dutela. «Bidaiari talde bat nazioartera joeren bila bidaltzen genituen lehenago egin genuen proiektu batean, baina ohartu ginen, aldaketa egin behar genuela. Kaleko jendeak izan behar du inguruko joeren berri emango duena, eta modurik eraginkorrena lehiaketa izango zela ikusi genuen». Arrakasta handia izan du, gainera, jokoak, 200 jatorritako 800 lagunek parte hartu baitute. Bildutako ideia eta jakintza guztiarekin bilduma bat aurkeztu nahi dute datorren urtean. Etorkizun hurbilean izango diren joerak azalduko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.