Bardea. Espainiako armadaren maniobrak

Menpeko kuartelak, «baina estrategikoak»

Lurreko armada birmoldatzeko plan bat taxutzen ari dira. Hegoaldeko lau egoitzak Espainiakoen menpe geratuko dira, baina ez dute ixteko asmorik. «Interes nazionalekoak» baitira Euskal Herriko kuartelak Espainiarentzat.

Garikoitz Goikoetxea.
2014ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Mapari begirada bat ematea nahikoa da zerbait berezia badela ohartzeko. Espainiako lurreko armadak Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan ditu egoitzak; Espainian ez da horrelakorik. Murrizketa proiektuei begirada bat ematea nahikoa da zerbait berezia badela ohartzeko. Egoitzak ixten ari dira, eta berrantolaketa hasi du. Batetik bestera eramango dituzte soldaduak, berrantolaketarekin dirua aurrezteko. Hegoaldean ere asmoa bazen, baina atzera egin dutela diote azken albisteek: Espainiako egoitzen menpe jarriko dituzte, baina itxi. «Estrategikoak» baitira. «Interes nazionalekoak».

Armadan kontsulta eginda, soilik aitortu dute azterketa bat martxan dagoela, eta antolaketa berria izango dela aurrerantzean: «balio anitzeko brigadak» izango dira, adar bateko eta besteko militarrak batuko baitituzte. Kontua da Hegoaldeko kuarteletan brigada arinak soilik daudela; hortaz, Espainiakoen menpe geratuko dira, haien osagarri. Horrek ez du Hegoaldeko kuartelak ixtea; beste batzuen menpeko izango dira, baina egoitzak ez dituzte aldatuko. El País egunkariaren arabera, Gasteizko kuartelean izango dira aldaketa nagusiak —Hegoaldeko handiena hura da—, baina Defentsa Ministerioak hitzeman du soldaduen kopurua ez duela jaitsiko.

Loiolako kuartelak sortu du azken urteetan zalaparta handiena. Urumeako arroan etxeak zabaltzen joan dira, eta militarren egoitza erdi-erdian dago. Eta ez dute lursail txikia: hamalau hektarea —hamalau futbol zelai—. Nahiz gero eta soldadu gutxiago eduki.

Donostiako Udalak maiz eskatu ditu lur horiek. «Etenik gabeko aldarria da Donostian; leku egokia da etxeak egiteko, aisialdirako edo saltokiak jartzeko. Justifikatutako eskaria da», adierazi du Odon Elorza alkate ohi eta PSOEko diputatuak. Maiz egin du eskaria, baina ezezkoak jaso ditu beti.

Eskariari entzungor egin diote. «ETA izan da argudioa, baina bukatu da hori». Kuartela beste leku batean jartzea eskaini zion Elorzak armadari, Altondegi gainean —Astigarraga eta Martutene artean dago—. «Arrazoizkoagoa da. Behar duten lekua izango lukete».

Militarren «kupulan» dago arazoa, haren ustez. Orain ere antzekoa gertatu da. El País-ek filtratu zuen Gasteizko brigada desegiteko asmoa zutela; astebetera, adierazi zuen militar kopuruari eutsi egingo diotela Euskal Herrian. Gasteizko brigada kentzeak «ezinegona» eragin zuen militarren artean, kazetaren arabera, «ETAren garaipen» gisa ikusi zutelako.

Azalpen eske ministroari

Hegoaldeko kuartelak beharrezko ote diren galdetuta, erantzunik ez du Elorzak. «Ez dakit zer behar dagoen». Baina aitortu du gaur egungoa gehiegizkoa dela. «Desproportzioa dago erabiltzen ari direnaren eta benetan behar dutenaren artean». Ez du eskatu desmilitarizaziorik; egokitzapena nahi du. «Eta iritsiko da unea, ziur». Berrantolaketa asmoak agertu direla ikusita, Loiolari buruz galdetuko dio Defentsa ministroari Madrilen. «Gaia atera behar dugu, ahaztuta gera ez dadin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.