Txema Ramirez de la Psicina
Jaurlaritzaren diru laguntzak. Euskal hedabideak. IRITZIA

Irismena eta sinesmena

2014ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Jaurlaritzak euskal hedabideei ematen dien diru laguntzen ebazpena kaleratu berri du. Euskal erredakzio gehienetan urduritasun garaia izaten da hau. Udagoienaren patua akaso. Aurten ikusmin berezia zegoen Jaurlaritzak irizpideak aldatu baititu eta, itxura denez, ez da sektoreko adostasunarekin egin. Nago aldaketok banaketa justuagoa egitea dutela helburu eta ez inor mesedetzea edo inori kalte egitea. Ez daukat motiborik kontrakoa pentsatzeko. Hala ere, badira eztabaidagarri diren zenbait kontu.

Esaterako, azken deialdian irismena kontzeptuak hartu du protagonismo nabarmena; izan ere, irizpide horrek finkatu du diru laguntza osoaren %70. Irismena era honetan ulertu da: «Hedabide bakoitza irits litekeen herritarren artean zenbatengana iristen den». Hau da, hedabide bat —BERRIA edo Argia, kasurako— Euskal Herri osoan zabaltzen bada, bere hartzaile potentziala euskal hiztun guztiak lirateke; hau da, 714.136 pertsona (Eusko Jaurlaritzaren V. Inkesta Soziolinguistikoa, 2011). Irizpide bat da. Objektiboa dirudi, baita eztabaidagarria ere, noski. Izan ere, ez litzateke bidezkoa izango irizpide hori bere horretan modu absolutuan ezartzea, beste faktore zuzentzaile batzuk kontuan hartu gabe. Ezin dute inolaz ere irismen ahalmen bera izan adibidez eskualde batean doan banatzen den agerkari batek eta Euskal Herri osoan hedatzen den eta ordainpekoa den beste batek. Jokaleku eta arauak desberdinak dira.

BERRIAren kasua deigarria da oso. Aurten esleitu zaion diru-kopurua 210.000 euro murriztu da, iaz baino %14 gutxiago. CIES hedabideen audientziak neurtzen dituen enpresak ez du horrelako jaitsierarik sumatu. Enpresa horren arabera, BERRIAk 56.000 irakurle zituen 2012. urtean eta 2013an, berriz, 55.000. Jaitsiera % 1,78koa da; ez %14koa.

Hitz egin dezagun beste irizpide batzuez: autofinantzaketaz eta produktuen kalitateaz. Bai BERRIAk eta bai Argia-k ere autofinantzaketa maila handia erakutsi dute, biek ala biek ahalegin handia eginda gainera. Kontuan hartu al da ahalegin hori?

Kalitateaz. Uztaro aldizkariak bere hurrengo alean Euskal Herriko Unibertsitateko HGH ikertaldearen artikulu bat argitaratuko du gai horren inguruan: Kalitate-indizeak euskarazko kazetaritzan. Egindako neurketaren arabera, bai BERRIAk bai Argia-k kalitate test hori gainditu dute (10etik 5,23 lehenak eta 6,23 bigarrenak). Kontuan hartu al dira irizpide horiek? Nola neurtu da kalitatea? Aipatu artikulu horretan nazioarteko bibliografian oinarritutako metodologia zehatz bat agertzen da; eztabaidagarria izango dena, jakina, baina metodo zehatz bat sikiera. Jaurlaritzak zein erabili du?

Nago, kasu honetan bederen, irismenari erabateko sinesmena eman zaiola bestelako faktoreak aintzat hartu gabe. Eta hori baino okerrago dena oraindik: gobernuak jarraitzen du sektorearen estrategikotasunean sinetsi gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.