Produktibitate irabazia soldatan islatzea defendatu du Azpiazuk

Igoera batek hazkundeari lagunduko lioke, kontsumo pribatua apur bat moteldu den honetan. Zerbitzuek tiraka egin dute ekonomiatik, eta 18.400 lanpostu sortu dira 2017an

Produktibitate irabazia soldatan islatzea defendatu du Azpiazuk.
Ivan Santamaria - Iker Aranburu
2018ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Matematika makroekonomikoaren emaitza argia da: BPG barne produktu gordinaren hazkundeak enpleguaren hazkundea gainditzen du nabarmen, eta hala izan da ekonomia norabide onera itzuli den azken lau urteotan. Aberastasun handiagoa sortzen ari da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, krisiaren aurretik baino langile gutxiagorekin. Produktibitatearen itxurazko igoera horrek aukera eman beharko luke langileen ordainak behingoz hobetzeko. Hala uste du behintzat Pedro Azpiazuk, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburuak.

Eustat Euskal Estatistika Erakundeak atzo aurkeztu zuen pasa den urteko kontu ekonomikoen behin-behineko itxiera. Eustatek hilabete bat lehenago emandako datua berretsi du: 2017. urtean %2,9 handitu zen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barne produktu gordina.

Azpiazu sailburuak agerraldia egin zuen gobernu kontseiluaren ondoren, datu horiei buruzko iritzia emateko. Galderen txandan, ordainen egoerari heldu zion berriro. Sailburuak argudiatu zuen ez dela «kapritxoa» sektore pribatuan soldatak igotzea, «aukera duten enpresetan». Ekonomiaren gurpila jiraka jarraitzeko bidea litzateke nomina hobetzea.

Produktibitate irabazia da igoera justifikatzeko arrazoi nagusia, baina ez bakarra. Kontsumo pribatuak jaitsiera txikia izan zuen joan den urteko azken txanpan. Hamahiru hiruhileko jarraian zeramatzan %3tik gorako igoerak pilatzen, eta gobernuak aspaldi espero zuen apur bat moteltzea. Soldata igotzeak kontsumoa indartzeko balioko luke —«enpresaburuek ados egon beharko lukete, denon intereserako zerbait da», haren hitzetan—, baina sailburuak egoki iritzi zion kontsumo pribatua BPGak daukan hazkunde erritmotik behera geratzeari, «familiak gehiago zorpetu ez daitezen».

Negoziazio kolektiboak benetan suspertu gabe segitzen du. Ekonomiaren hobekuntza oso gutxika ari da langileen poltsikora iristen. Lan Harremanen Kontseiluak emandako azken datuen arabera, 2017an indarrean zeuden lan itunen batez besteko igoera %1,48 izan zen. Azken bost urteetako tasarik handiena da, baina kontuan hartu behar da azken hiruretan ekonomiaren hazkundea halako bi izan dela. 2017. urtean sinatutako itunen batez besteko igoeraren hobekuntza ere txikia izan zen: %1,68.

Azpiazu gustura zegoen BPGak iaz izandako emaitzarekin. 2016an baino bi hamarren gutxiago da, baina urtearen hasieran espero izandakoaren gainetik izan zen, alde handiz gainera. Laugarren urtez hazi zen BPGa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, iragarpen guztien arabera, bosgarrena ere izango da. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak kalkulatu du aurten %2,5 handituko dela ekonomia. Oraingoz, gobernuak ez du aurreikuspen hori aldatuko.

Zerbitzuak eta industria

Sektoreei erreparatuz gero, zerbitzuek nagusitasuna berreskuratu zuten. 2016an BPGaren batez bestekoaren azpitik hazi ondoren (%2,8, hiru hamarren gutxiago), 2017an, zerbitzuak ekonomiaren motor nagusia izan ziren berriro, %3,1eko hazkunde tasarekin. Herritarren kontsumoa nabarmendu zen, merkataritza, ostalaritza eta garraioa azpi-atala baita gehien hazi zena (%3,7).

Industriak martxa onari eutsi zion: %2,7 hazi zen, 2016an baino bi hamarren gutxiago, baina urtearen amaieran hazkundearen erritmoa nabarmen bizkortu zen: 2016ko azken hiruhilekoan baino %3,7 handiagoa izan zen.

Era berean, eraikuntzak hazkundearen erritmoa azkartu zuen. Hainbat urtez atzera egin ondoren, 2016an itzuli zen hazkunde tasa positiboetara (%1,8), eta 2017an joera hori indartu zuen (%2,7). Urteak aurrera egin ahala, sektoreak hobera egin du, eta azken hiruhilekoa %3,1eko hazkundearekin bukatu zuen.

Enpleguari dagokionez, ekonomiak lanaldi osoko 18.400 lanpostu garbi sortu zituen, aurreko urtean baino 700 gehiago. Jaurlaritzak uste du aurten beste 16.000 gehituko direla. Aurreko lau urteotan, krisian galdutako enpleguaren erdia berreskuratu da.

Lurraldeei erreparatuz gero, ez zen izan gorabehera handirik: %3 hazi zen Arabako ekonomia, %2,9 Bizkaikoa eta %2,8, berriz, Gipuzkoakoa. Nafarroa %3,2 hazi zen, herrialdeko estatistika erakundeak aurreratu zuenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.