Albistea entzun

Elena Sancho. Sopranoa

«Nire lana aintzat hartzen duten antzoki batean nago»

Estreinakoz ari da Sancho Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin abesten. Programa «zaila» bezain «originala» dela azpimarratu du, eta «berezi» sentiarazten duela aitortu.
JUAN CARLOS RUIZ / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Biain -

2018ko maiatzak 3

«Harrituta» geratu da Elena Sancho sopranoa (Donostia, 1982) udaberriko koloreek Euskal Herria nola jantzi duten ikusita: «Zoragarri dago, ikusgarri! Etortzen naizen aldiro, are eta ederrago dago. Jendea ere alaitsu ikusten dut kalean, lasai, adeitsu... Oso hunkituta nago». Izan ere, Alemaniako Dusseldorf hirian bizi da Sancho 2014az geroztik. Estreinakoz ari da orain etxean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Zirrararen tutti-fruttia ikuskizunean. Gasteizen izango da gaur, 20:00etan, Principal antzokian. Bihar, berriz, Donostiako Kursaalean ariko da ordu berean.

Nolako estreinaldia izaten ari da?

Zoragarria, oso pozik nago. Ilusio handia egiten dit, hemengoa izaki, etxera itzuli eta bertako orkestrarekin aritzeak. Berezia da niretzat kontzertu hauek ematea, areago programa zoragarri batekin. Oso originala da, eta berezi sentiarazten nau.

Benjamin Britten Les Illuminations poema musikatuei ahotsa jarri diezu. Nolako piezak dira?

Arthur Rimbaudek sinatutako poema musikatuak dira. Gazte zelarik sona handia izan zuen poemagilea izan zen Rimbaud. Olerki benetan bereziak dira, gogorrak eta sakontasun handikoak, surrealistak ere bai, baina baita modernoak ere. Idazleak garai hartako literatura aldatu zuen. Britten erabat hunkitu zen poemak irakurri zituenean, eta musikatzea erabaki zuen. Brittenek bere garaian aldaketa bat eragin zuen, gainera. Oso motibatuta nago, programa polita da.

Nolakoa izan da Clemens Schuldten zuzendaritzapean prestatzea?

Primerakoa izan da. Alemanian bizitzeak duen gauza on bat hori da: musika klasikoaren erdigune da, beraz, horrelako kontuekin trebatuta nago. Zuzendaria alemaniarra da, eta Dusseldorfen ikasitakoa, gainera. Oso gaztea da, eta atsegina. Musika modernoa oso gustuko du; berak aukeratu zuen programa, hain zuzen. Energia berezia eransten dio Schuldtek programari. Izan ere, denok musika klasikoari zerbait emateko uste edo ahalegin horrekin tematuta dago. Ez du zuzendari huts bat izan nahi, elkar entzun gaitezen nahi du, elkarrekiko eragina ere areagotzeko. Esperientzia polita izaten ari da.

Zaila izan da etxera itzuli eta halako programa bat prestatzea?

Ez, batere ez. Oso hunkituta nago, eta pozik aldi berean. Esango nuke gai naizela eta maila badaukadala halako errepertorio bati aurre egiteko. Errepertorio zaila da, eta antzerkian nituen beste lan batzuekin batera prestatu behar izan dut. Baina pozik nago emaitzarekin. Orain arteko entseguak oso ongi joan dira. Lantalde osoa motibatuta dagoela esango nuke; nabari da elkar errespetatzen garela, eta hori zoragarria da.

2014az geroztik Dusseldorfen bizi zara, eta Rhineko operan postu egonkor bat duzu. Nolakoa da egunerokoa?

Berezia da bertako bizimodua, baina esperientzia bikaina izaten ari da. Anaia txikiarekin bizi naiz gainera, nirekin etorri baitzen bizitzera, eta errazago egiten du horrek egonaldia. Dusseldorfen egunerokoa oso lasaia da, hala ere. Artearekiko hurbiltasun berezia dute Alemanian. Horrek, noski, eragina du lan munduan ere, lanpostuei dagokienez batez ere. Rhineko operan postu egonkorra daukat orain, eta soldata duin bat daukat; baloratuta sentitzen naiz bertan. Horrez gain, bestelako lanak ere egin ditzaket gonbidatu gisa toki askotan. Hori zoragarria da niretzat eta ni bezalako artistentzat.

Zer-nolako garai profesionalean zaude orain?

Profesionalki oso egoera onean nago orain, uste dut maila jakin bat eskuratu dudala. Beti esaten dut zorigaitzen bat gertatzearen beldur naizela, baina normala da hori: egonkortasuna eta gauzak bide onetik joatea nahi dugun seinale da. Nire lana aintzat hartzen duten antzoki batean nago. Disfrutatzen eta ikasten jarraitzeko zortea daukat, eta Alemaniako antzoki batean, gainera: musikarien familia bateko kide izatea da hori niretzat. Nire kabuz aritzeko aukera ere badaukat; beraz, ezin hobeto.

Bideratua duzu, beraz, zure ibilbide artistikoa. Zein modalitatetan aritzen zara gusturen, baina?

Denetan, egia esateko. Opera egiten aritu naiz azken urteetan, eta oso gustura aritu ere, antzerki zalea bainaiz. Orain, ordea, errezitalekin oso eroso sentitzen naiz. Edozein modalitaterekin ongi moldatzen naiz, eta guztiekin disfrutatzen dut; bada, aurrera begira horrek erronka berrien alde apustu egiteko indarra ematen dit. Musikalki ere hazi egin naiz, eta edozerekin disfrutatzen dut orain. Orain gutxi Wagnerren obra bat abestu behar izan dut, eta nituen aurreiritziak gainditu behar izan ditut: izugarri disfrutatu nuen, maitemindu egin nintzen obra harekin.

Hainbat sari jaso dituzu zure ibilbide artistikoan; azkena, iaz, Bartzelonan. Zure ibilbidea hazten lagundu dutela uste duzu?

Bai, noski. Oso zuhurra naiz, hala ere: pausoz pauso egin dut orain arteko bidea, eta hala egiten jarraitu nahiko nuke. Uste dut lan jakin batzuekin baino hobe dela ibilbide profesionala aintzat hartzea eta bide hori guztia aitortzea, luzera begira betiere. Sariak oso garrantzitsuak dira niretzat, eta izugarri poztu naute horiek guztiek. Aurrera begira motibatzeko pizgarri ezin hobeak dira, nola ez. Baina jakin badakit lasterketa hau iraupen luzekoa dela eta emanaldi bakoitzean dudan onena eman behar dudala: emanaldi bakoitzean sari horiek merezi nituela erakutsi behar dut orain.

Zaila izango litzateke zure ibilbide artistikoa Euskal Herrian jarraitzea?

Ez, ez litzateke zaila izango. Baina baldintza batzuk bete beharko lirateke horretarako. Ez dut itzultzeko unerik ikusten oraindik, ordea.

Aurrera begira zein proiektu dituzu esku artean?

Dusseldorfen, Richard Straussen Rosen Cavalier egingo dut, pertsonaia berri batekin gainera. Abuztuan berriz itzuliko naiz Donostiara, Musika Hamabostaldian izango naiz berriz ere Euskadiko Orkestrarekin. Irailean, berriz, Erromara joango naiz, Figaroren ezteiak abestera. Taiwanen ere lehen aldiz izango naiz, Bernsteinen Candid abesten. Horrez gain, Berlinen, Bruselan eta Bartzelonan ere izango naiz. Udan, ordea, hilabeteko atsedena hartu nahiko nuke. Azken bi urteak gogor lanean eman ditut, eta ongi etorriko zait atseden apur bat; baita ahotsari ere. Ea tarterik daukadan Donostiara itzultzeko eta ingurukoekin egoteko.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Kepa Altonaga, atzo, <em>Axularren gerizapean</em> liburuaren aurkezpenean. ©JON URBE / FOKU

Itzalekoak, argitara

Jone Bastida Alzuru

Axular Egunaren «misterioa» argitu nahi izan du Altonagak bere azken liburuan: 'Axularren gerizapean'. Itzalean geratutako idazleei buruzko datuak bildu ditu
Vincent Bestaven, Jurgi Ekiza, Xan Bidegain eta Felix Buff, Willis Drummondeko kideak. ©GUILLAUME FAUVEAU

«Ez dago itxaropena beste biderik»

Julen Korkostegi Elortza

Willis Drummond musika taldeak «garai askotako soinuaren konbinazio bat» bildu du 'Hala ere' disko berrian. Kontraesanen ideiak inguratzen du lana, izenburutik hasi eta azalean ageri den mandarinaraino.
<b>Txomin Urriza, Camille Dizabo, Annelise Arnaud-Cazamayou eta Alan Billi, Orbel taldeko kideak.</b> ©FANNY MAILLARD

Orbel, isiltasunari plaza eskainita

Ainize Madariaga

'Lur hezea' diskoa jalgi berri du taldeak. Hirugarren obra honetan, giro «mistiko» eta «berezia» landu dute taldekideek
Rafael Moneok bere ibilbidean ondutako arkitektura proiektuen marrazkiz eta planoz josia da Nafarroako Artxiboko erakusketa aretoa. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Rafael Moneo, garabirik gabe eraikitzea

Uxue Rey Gorraiz

‘Rafael Moneo Nafarroan’ erakusketa zabaldu dute Nafarroako Artxiboan. Arkitektoaren ibilbidearen atzera begirakoa egiten du bildumak, eta haren bizitza pertsonalari ere egiten dio so

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.