«Proiektua gauzatu dugu»

Donostia 2016 kultur hiriburutzaren balorazio ona egin dute arduradunek eta instituzioek. Aurreikusitako diruaren erdiarekin jarduera gehiago egin dituztela nabarmendu dute

Xabier Paya, Eneko Goia, Markel Olano, Joxean Muñoz, Miren Azkarate eta Pablo Berastegi, atzo, Donostiako Tabakaleran. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2016ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
«Begirada atzera botatzeko garaia iritsi da, baita etorkizunera begiratzekoa ere». Kultur hiriburutzaren urtea bukatzear dela, balantzea egiteko garaia iritsi zaio Donostia 2016ri, Pablo Berastegi zuzendari nagusiak laburbildu bezala. Ebaluazio prozesu bat egiten hasiak direla, eta haren emaitzak maiatz aldera jakinaraziko dituztela esan zuen, baina, balorazio orokor bat egiteko eta zenbait datu aurreratzeko, agerraldia egin zuten atzo D2016ko arduradunek eta fundazioaren patronatua osatzen duten instituzioetako ordezkariek. Orain dela bost urte beren buruari jarritako erronka bete dutela nabarmendu zuten: «Hiriburutza proiektua gauzatu, eta enkargua bete dugula sentitzen dugu», adierazi zuen Berastegik. Proiektua gauzatzeko gai izan direlako eta herritarrek ongi erantzun dutelako, «pozik» daudela gehitu zuen.

Datu xeheagoak emanez, ideia bera berretsi zuen Xabier Payak, D2016ko kultur programaren arduradunak. 2011n irabazle izendatu zuten jatorrizko proiektuak esaten zuena eta azkenean egin dutena alderatu zituen, betiere «atariko datuak» direla nabarmenduta —eta iazko urrian programazio osoa aurkeztu zutenetik aurrera eginiko jarduerak aintzat hartuta—. Horrela, jatorrizko proiektuan jasotako jarduerekiko fideltasun maila %72koa izan dela azaldu zuen, eta beste %28 gehitu zaizkiola programazioari; lehen testu hartan 66 egitasmo jasotzen zirela, eta azkenean 98 izan direla azaldu zuen. Horiek hasieran aurreikusitako aurrekontuaren erdiarekin (%53 gutxiago) gauzatu dituztela esan zuen Payak: 89 milioi eurokoa zen hasieran aurreikusitako diru kopurua, eta 46,8 milioi eurokoa izan da azkenean. Ildo horretan, krisi ekonomikoa eta kulturako BEZa aipatu zituen zailtasunen artean.

Orotara, D2016k 2.436 jarduera programatu ditu. Horiei Energia Olatuak proiektuaren barrukoak (140) eta Elkarrizketak atalean (617) beste kultur erakunde batzuekin elkarlanean eginikoak gehituz gero, 3.193 jarduera izan dira guztira, eguneko zortzi, batez beste. Horiek urte osoan banatu diren arren, udaberrian eta udazkenean pilatu dira gehienak. Jarduera motari dagokionez, berriz, tailerrak, topaketak eta foroak izan dira gehiengoa (%27,3). Lautik bat egin dira Donostiatik kanpo —Gipuzkoan batez ere—, eta hirian egindakoen artetik, erdialdean eta Egian —Tabakalera bertan dagoela eta— izan dira gehienak.

Jarduera horietan jasotako iritzien arabera, «gogobetetze handia» agertu dute parte hartzaileek. Bildutako iritziek batez besteko parte hartzailearen profil bat ere erakutsi dute: emakumea, 40-64 urte artekoa eta donostiarra.

Kultur hiriburutzaren «lorpenen» artean, berriz, hainbat esparru aipatu zituen, «berrikuntza» eta «nazioartekotzea» tartean, Europako eragileekin sortutako harremanak nabarmenduta. Parte hartzearen arloan, herritarren inplikazioa «programaren urrats guztietan» sustatu dutela adierazi zuen, inklusioan indarra jarriz eta «ez pertsonentzat, baizik eta pertsonekin lan eginez». Elkarbizitzaren ildoa bereziki azpimarratu zuen Payak: arlo horretako egitasmoetarako, lehen testuan 150.000 euro aurreikusi zirela, eta azkenean 691.244 euro bideratu dituztela azaldu zuen (aurrekontu osoaren %6,03). Zailtasunak ere aipatu zituen, halere, «oraindik ere hainbat zauri irekita» daudela eta alderdien artean ere adostasunik ez dagoela aipatuta. Atal berean, baina hizkuntzaren esparruan, elkarbizitzari «ekarpen esanguratsua» egin zaiola uste du Payak.

Instituzioak, pozik

Payarekin eta Berastegirekin batera, beren balorazioa egin zuten Eneko Goia Donostiako alkateak, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Joxean Muñozek eta Espainiako Kultura Ministerioko ordezkari Begoña Cerrok. Proiektuak egindako ibilbidea txalotu zuten laurek. Anbizio handiko egitasmoa izan dela, eta gauzatzen ez dela erraza esan zuen Cerrok, baina hiriak jakin duela aukera baliatzen. Muñozek, berriz, elkarbizitzari, nazioartean sareak sortzeari eta sorkuntzari hiriburutzak egindako ekarpena goraipatu zuen, eta orain erakundeek gogoeta egin beharko dutela esan zuen, hainbat proiekturi jarraipena nola eman erabakitzeko.

Ideia berari heldu zion Donostiako alkateak ere, orain «legatua kudeatzea» dagokiela adierazita. Olanok, berriz, euskararen normalizazioaren arloan hiriburutzak egindako ekarpena nabarmendu zuen, eta erakundeei utzitako irakaspen nagusia gauzak egiteko moduen ingurukoa izan dela gaineratu. «Hemendik aurrera kultur kudeaketa ezingo da modu berean egin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.