E eguna Eskozian: 2014ko irailaren 18an egingo dute burujabetza erreferenduma

Erresuma Batuko Hauteskunde Batzordea prozesuan gainbegirale izatea arautuko dute, sinesgarriago izateko

Erredakzioa
2013ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
«Herrialde independentea izan behar al luke Eskoziak?». Erreferendumean egingo duten galdera lehendik ere ezaguna zen, eta, atzo, independentziari buruzko herri galdeketa zer egunetan egingo duten ere argitu dute: datorren urteko irailaren 18an. 300 urtean Erresuma Batuko kide izan ostean, berdin jarraitu edo herrialde independente bilakatu nahi duten erabakiko dute urte eta erdi barru eskoziarrek.

Alex Salmond Eskoziako ministro nagusiak atzo argitu zuen zalantza. Aurrez jakina baitzen «2014ko udazkenean» egin asmo zutela erreferenduma. Alde txikiagatik, baina udazkenean sartu baino hiru egun lehenago egingo dute azkenean herri-galdeketa.

Parlamentariei erreferendumerako lege proiektua aurkeztu zien atzo Salmondek, eta Erresuma Batuko Hauteskunde Batzordeak galdeketaren kanpaina, erreferenduma bera eta hauteskunde mahaien osaera ere gainbegiratu ditzan legez arautuko dutela azaldu zuen. Neurri horrekin, emaitza «nazioartean onartua» izan dadin nahi dute.

Atzokoa «egun kitzikagarria» izan zela esan zuten Eskoziako Gobernuko ordezkariek, eta irailaren 18a «egun historikoa» izango dela. Erreferenduma egitea iazko urriaren 15ean hitzartu zuten ofizialki Eskoziako eta Erresuma Batuko gobernuek, Salmondek eta David Cameronek Edinburgon galdeketarako prozedura izenpetu zutenean.

16 eta 17 urtekoak ere bai

Erreferendumera Eskoziako Legebiltzarrak deituko zuela hitzartu zutenetik, Salmonden gobernua eta SNP alderdia lanean ari dira, eta Holyroodeko parlamentuak esku artean dauzka hainbat lege proiektu. Batetik, botoa emateko adina 18 urtetik 16ra jaitsiko dute galdeketarako. Londresek eta Edinburgok eztabaida izan zuten 16 eta 17 urtekoei boto eskubidea emateari buruz, eta Eskoziako Parlamentuak aurrera aterako du proposamena.

Bestalde, udal eta autonomia hauteskundeetan botoa emateko eskubidea duten guztiek izango dute aukera erreferendumean parte hartzeko: Eskozian bizi diren Europako Batasuneko eta Commonwealtheko herritar guztiek, eta han erroldatuta daude Erresuma Batuko armadako eta Lorden Ganberako kideek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.