ERRESUMA BATUA Bozen azken txanpa (I). Kanpainako ezustekoak.

Atentatuak bozen atarian

Bi atentatuk astindu dute hauteskunde kanpaina, eta etziko bozen gai nagusia 'brexit'-ak izan behar bazuen ere, segurtasun eta gizarte gaiek Theresa May lehen ministroaren mezua lausotu dute.
Londresen joan den larunbatean hil zituzten herritarren aldeko omenaldia, atzo.
Londresen joan den larunbatean hil zituzten herritarren aldeko omenaldia, atzo. FACUNDO ARRIZABALAGA / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Asier Arrate Iruskieta -

2017ko ekainak 6

Aurreko hauteskunde orokorretatik bi urte baino gutxiago pasatu dira, baina Erresuma Batua zeharo aldatu da, brexit-aren atarian baitago, eta emaitzek herrialdearen etorkizuna erabat markatuko dute. Alderdi laboristaren ahulezia aprobetxatuz erabaki zuen Theresa May lehen ministro kontserbadoreak hauteskundeak aurreratzea, Jeremy Corbynen lidergoak Alderdi Laboristan sortutako banaketak aukera emango ziolakoan gehiengo osoa eskuratu, eta brexit-aren negoziazioei etxeko babesarekin ekiteko —ekainaren 19an dira negoziatzen hastekoak—. Hasieran, Mayren estrategiak funtzionatu zuen. Lehen inkestek hogei punturen aldea eman zieten kontserbadoreei, eta maiatzaren 4ko udal hauteskundeetan bai laboristek eta bai UKIP eskuin muturrekoek hainbat udal galdu zituzten kontserbadoreen mesedetan. Hala ere, hainbat gertaeraren ondorioz, egoera nahastu egin zaio Mayri, eta gehiengo osoa eskuratzeko helburua zuenak eserlekuak berdintzeko lanak izango ditu, joerak berdin jarraitzen badu.

Atentatuak

Kanpainarik zorrotzena eta landuena izanda ere, oker daiteke kanpoko gertakarien eraginez, edota hautagaiaren beraren urrats traketsen ondorioz, eta bi elementuok nahastu dira. Lehena Manchesterko eta Londresko atentatuak izan dira. Mesede nori egingo dion ez badago argi ere —ezta asko eragingo duten emaitzan ere—, bi aldiz eten behar izan dute kanpaina, eta mezuak ere halabeharrez aldatu egin dira, segurtasuna lehen lerroan jarriz. Mayren gobernuak ondo eta azkar erantzun du, baina David Cameronen gobernuan Barne ministro zela Polizian egindako murrizketak bere kontra jarri zaizkio. Joan den maiatzaren 22an Manchesterko Arenan gertatutako leherketak —22 lagun hil eta 56 zauritu zituen Salman Abedi usteko suizidak—, kritikak ekarri zizkion, baina gertaeraren harira denek bat egin eta kanpaina eten ostean, segitu zuen nork bere mezuarekin. Larunbat gaueko Londresko erasoaren ostean —zazpi lagun hil eta 58 zauritu zituzten—, poliziek ustezko hiru ekintzaileak hil zituzten, eta haien lana goraipatu dute politikari guztiek, baina Corbynek, aldiz, Mayren dimisioa eskatu zuen atzo, Barne ministro zela 20.000 poliziaren murrizketa egiteagatik sei urtean, Ingalaterran eta Galesen: «Jendea oso kezkatuta dago, Polizian murrizketak egin ziren urteetan bera zelako Barne ministro». Ez da dimisioa eskatu duen bakarra. Steve Hilton Cameronen aholkulari izandakoak ere dimititzeko eskatu dio, atentatuen harira politika antiterrorista gaizki kudeatzeagatik.

Atentatuek ez ezik, Theresa Mayren hutsek ere aldatu dute norabidez kanpaina. Besteak beste, pertsona helduen zaintzarako tory-ek egindako proposamena ustel atera zaie. Laburrean, proposamenak helduen zaintza euren jabetzatik ordaintzea aurreikusten du. Nahiz eta tory-ek behin eta berriz azaldu duten proposamena aldatu daitekeela, Mayren erantzun zalantzatiak ez zituen kritikak baretu. Dementia tax deitzen duten proposamenak Erresuma Batuko gizarte laguntzen sistemak duen krisia kontserbadoreen krisi bihurtu du. Andrew Gwinne laboristen kanpainako koordinatzaileak Mayren ahultasuna eta ziurgabetasuna kritikatu ditu. «Ez da gai izan lau egunez manifestuan esandakoari eusteko». Horren ostean, laboristek ez dute aukera galdu, eta kanpaina politika sozialetara bideratu zuten.

Tory-ek brexit-ean eta Mayren lidergoan jarri dute arreta, eta laboristek, berriz, barne politikako proposamenei eman diete garrantzia. Horietako askok herritarren babesa lortu dute, eta kontserbadoreen estropezuaren ostean inkestetan gora egiteko balio izan die.

Esaterako, 80.000 liberatik gora irabazten dutenei errentaren gaineko zerga igotzeko proposamena egin du, inbertsio banku publiko bat sortzea, edo milioi bat etxe eraikitzea, etxebizitza arazoari aurre egiteko, gazteen arazo nagusietakoari, bide batez. «Gure manifestuak esperantza eman die [gazteei]», adierazi zuen Corbynek. The Guardian egunkariaren inkestaren arabera, 18 eta 34 urte bitartekoen %41ek laboristen alde bozkatuko dute, eta %16k kontserbadoreen alde. Hala ere, ikusteko dago oraindik gazteen parte hartzea zenbatekoa izango den, eta horren baitakoa izango da bien arteko aldea.

Brexit-aren diskurtsoan dabil Corbyn ahulen, eta May, aldiz, sendoen. Baina, printzipioz, laboristek ez dute brexit-a atzera botako, eta herritarren nahia errespetatuko dutela ziurtatu dute. Hala ere, kontserbadoreen aldean, «brexit arin» baten alde daude. Horri loturik, immigraziori mugak jartzearen aurka agertu dira, baina, halere, sistema berri bat ezartzearen alde. Arlo horretan, laboristek ezinezkoa erdietsi beharko dute: Europako Batasunean jarraitzeko bozkatu zutenak mantentzea, eta brexit-a hautatu zutenen babesa berreskuratzea.

Inkestak

Laboristek lortu dute dagoeneko ezinezkoa. Desagertzeko zorian zeudela zioten, eta kanpainak sasoia eman die. Oraintxe bertan, inkesta baikorrenek hiru punturen aldea soilik ikusten dute bi alderdi nagusien artean; hamabi bat punturen aldea, berriz, ezkorrenek, kanpaina hasieran ziurtzat ematen zen kontserbadoreen garaipena erabatekoa kolokan jarriz. Aipatzekoa da laboristei Londresen ematen dieten hamazazpi punturen aldea. Edonola ere, aurreko hauteskundeetan argi geratu zen inkestek ere huts egiten dutela, eta, kanpainan gertatutako nahasmena ikusirik, botoen dantza garrantzitsua egon daiteke.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Muriel MacSwiney ekintzailea, New Yorken, senar Terenceren heriotza salatzeko protesta batean. ©BERRIA

Matxinada baten adar guztiak

Niall Cullen

Gaur ehun urte bete dira Terence MacSwiney irlandar errepublikanoa hil zela, 74 egunez gose greba egin eta gero. Berehala bilakatu zen nazioarteko erreferentzia antiinperialistentzat eta nazionalistentzat.

Frontex agentziako agente batzuk, Portugalgo kostan, artxiboko irudi batean. ©EFE

Frontex migratzaileen legez kanpoko itzuleren «konplize» dela salatu dute

Ander Perez Zala

EBren agentzia «hein bateraino» dago «inplikatuta» jardun horretan, ikerketa baten arabera

Lopez, iaz emandako elkarrizketa batean. ©M. G. / EFE

Leopoldo Lopez Venezuelatik atera da

Ander Perez Zala

Oposizioko buruzagia Espainiaren enbaxadan zegoen 2019an Maduro boteretik botatzen saiatu zirenetik; «bide klandestino bat» erabili du herrialdetik irteteko. Bere aitaren arabera, Espainiara joango da «laster».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna