«Egonkortasuna» lortzeko aurrekontua adostu dute EAJk eta PPk Araban

Arabako Foru Aldundiak hirugarren urtez jarraian adostuko ditu aurrekontuak. EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztuko du

Gonzalez ahaldun nagusia eta Cimiano Ogasun sailburua. JUANAN RUIZ /ARP.
Iñaki Lasa Etura.
2017ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Aurreikusitako gidoia bete da. 2018an aurrekontua izango du Arabak, PPk babestu egingo baitu Arabako Foru Aldundiak —EAJ eta PSE-EE daude agintean— aurkeztutako proposamena. Atzo gauzatu zen akordioa, azken asteotako «sintonia ona» eta elkarrizketa bide onean amaituta. Akordioa Batzar Nagusietan hilaren 27an berrestea falta da soilik. PPk aurreratu zuenez, 481 milioi eurokoa izango da aurrekontua, aurten baino %2,9 handiagoa.

Akordioa lortu arren, ez zuten agerraldi bateraturik egin bi aldeek. PP izan zen ados jarriak zirelajakinarazi zuen lehena. 12:45ean agertu zen prentsaren aurrean Ana Morales Arabako Batzar Nagusietako PPren bozeramailea. Pozarren mintzatu zen, akordioa arabarrentzat «oso positiboa» dela ziurtatuta: «Erantzukizunaren eta egonkortasunaren akordioa da», bozeramailearen arabera. EH Bilduri erasotzeko baliatu zuen agerraldia: «Porrot egin du EAJ-Bildu itunak, eta PPk ez ditu herritarrak ataka horretan utzi nahi izan». Ildo horri heldu zion hainbat aldiz: «Erradikalismotik aldentzen da [aurrekontua], eta pertsonengan eta haien ongizatean pentsatzen du».

Moralesek baino ordubete geroago hitz egin zuen Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak (EAJ). Hura ere pozik zegoen hirugarren urtez jarraian aurrekontuak bermatzea lortzeagatik. EAJren negoziatzeko ahalmena goratu zuen. Ez zuen baieztatu PPko bozeramaileak emandako zifra, baina zehaztu zuen bi alde dituela akordioak: batetik, diru sailak, eta, bestetik, lurralderako «berariazko zerga trataera». Ahaldun nagusiaren arabera, diputazioak «ez die uko egin» proiektu nagusiei. «Ez da diru sailik ezeztatu; PPren ekarpen positiboak gehitu dizkiogu».

Gonzalezen adierazpenak, nolanahi ere, ez datoz bat Moralesek esandakoarekin. PPren bozeramailearen arabera, aurrekontua «baldintzatzea» lortu dute: «180 graduko bira eman dute diputazioaren politikoek. Zergak jaisteaz gain, arabarren bizitza erraztuko duten politikak txertatzea lortu dugu». Euskal presoen aldeko elkarteek jasotzen dituzten diru laguntzak «atera» egin dituztela ziurtatu zuen. Aldiz, laguntza jasoko dute Miguel Angel Blanco fundazioak, AVTk eta Covitek.

Akordioari buruzko xehetasunak datorren astean emango dituzte bi aldeek: PPk, astelehenean, eta ahaldun nagusiak, asteartean, Diputatuen Kontseiluaren bileraren ostean.

EH Bilduk, osoko zuzenketa

Bizkaian eta Gipuzkoan ez bezala, gutxiengoan agintzen dute jeltzaleek eta sozialistek Araban, eta beste alderdien babesa behar dute aurrekontuak kudeatzeko. Azken bi urteetan EH Bildu izan dute bidelagun, baina aldatu egin da egoera. Eusko Jaurlaritzako kontuek irauli dute. Izan ere, PPrekin adostu zuten zerga erreformak hurbildu egin du jeltzaleen eta popularren arteko jarrera. Aldiz, lehen baino urrunago du orain EH Bildu.

Hain zuzen ere, koalizioa oso kritikoa da Arabako Foru Aldundiak izandako bilakaerarekin. Osoko zuzenketa aurkeztuko dute horregatik. Jeltzaleek hartutako bidea gaitzetsi zuen, atzo, Kike Fernandez de Pinedo Arabako Batzar Nagusietako EH Bilduren bozeramaileak. Argi adierazi zuen erabakia ez dela Araban hartu, «beste joko zelai batean», baizik. «Ahaldun nagusiari Sabin Etxetik inposatu diote zeinekin negoziatu behar zuen. PPrekin adostu behar zuela esan diote». Haren aburuz, politika neoliberalen garaipena da akordioa, eta Araba da galtzaile.

Foru aldundiko korapiloa askatzeak, baina, kontrako eragina izan dezake Arabako hiriburuan. Akordiorik ez zela egongo ziurtatu zuen Alfonso Alonso EAEko PPren presidenteak. Atzokoaren ondoren, EH Bilduk itxitzat eman du Gasteizko aurrekontuaren negoziazioa. Koalizioak «oso larritzat» jo du EAJk zerga erreforma eta aurrekontua PPrekin egitea lehenetsi izana. Elkarrizketei buruzko zehaztasunik eman ez arren, akordioren bat lortzeko hitz egiten jarraitzen du Gorka Urtaran alkatearen taldeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.