Nagore Odriozola Juaristi.
TOKIO 2020. TOKION TOKIKOA

Justizia poetikoa

2021eko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Zeharo txundituta naukan istorio bat Carla Suarez Navarro tenis jokalariarena da. Duela hilabete bat Wimbledon txapelketaz agurtzen ikusi genuen, ikusleria osoaren txalo zaparradagatik hunkituta, zaleei eskerrak emanaz aldagelarantz zihoala. Ez zuen irabazi, ez. Izan ere, egun munduko jokalari onena den Ashleigh Barty australiarraren aurka galdu zuen lehen partida, eta horixe izango zen bere azken aldia Londresko belarretan. Baina Suarez Navarro zoriontsu ikus zitekeen hala eta guztiz ere, eta ez zen gutxiagorako. 2020ko irailean, globulu zuriei eragiten dien minbizi mota bat diagnostikatu zioten, Hodgkin-en linfoma deiturikoa, eta sei hilabetez kimioterapiaren bide zakarretik ibili behar izan zuen.

Munduko sailkapenean seigarren postuan izatera heldu zen Suarez Navarro, baina duela bi urte bere kirol ibilbideari amaiera emateko ordua zela erabaki zuen. Pandemiaren ondorioz, ordea, Olinpiar Jokoak atzeratu egin behar izan zituzten eta, beraz, bere planek ere hala egin zuten. Gaixotasunaren berri eman ziotenean Tokiora iristea ipini zuen helburu, eta, gerora, horrek tristura eta amorruari aurre egiten lagundu ziola kontatu izan du.

Duela hiru hilabete besterik ez genuen jakin, azkenean, bere bizitzako partidarik garrantzitsuena irabazi zuela.

Ordutik Paris eta Londres zapaldu ditu, eta bietan izan du aukera azken uneak borrokatu, dastatu eta garunean betiko giltzapetzeko. Gaur, Tokion, beste azken amets bati ekin dio Garbiñe Muguruzaren alboan, binakako lehiaren estreinaldian, eta bihar, bakarkako ibilbidea hasiko du. Justizia poetikoa litzateke emakume honek domina bat eskuratzea. Diot.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.