Presoei elkartasuna azaltzeko, rocka

Hemezortzigarren aldiz egingo da Hatortxu Rock jaialdia, gaur, Atarrabian.Sarrera guztiak salduta daude jadanik

Skakeitan taldea aurtengo EHZ jaialdian, Lekornen (Lapurdi). BOB EDME.
Gorka Erostarbe Leunda.
2015eko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Albiste nagusia hori du aurtengo Hatortxu Rock jaialdiak: bizpahiru aste lehenago sarrera guztiak salduak zituzten. Izan ere, urteroko bilgune bilakatu da askorentzat euskal presoenganako elkartasuna adierazteko sortutako rock jaialdia. Aurten hemezortzigarren aldia izango du, eta Atarrabiako (Nafarroa) Entrecementerios izeneko gunean egingo da.

Orotara 11 talde izango dira, arratsaldeko 16:00etatik hurrengo eguneko goizaldera arte. Talde asko beteranoak dira Hatortxu Rock jaialdian. Sarri aritutakoak dira Soziedad Alkoholika, Anestesia eta Gatillazo, esaterako. Hirurak ere arratsaldeko lehen partean ariko dira. Soziedad Alkoholikarena eguneko bigarren saioa izango da (16:30), eta aurrez DJ Piloto izango du soilik. Anestesiak aurten bertan kaleraturiko Zirkulutik espiralera diskoa aurkeztuko du. Taldeak 25 urtetik gora daramatza trash metal eta hardcore estiloak nortasun propioz lantzen.

Evaristok gidatzen duen Gatillazoren (19:55) ostean, Oliba Gorriak (21:10), Riot Propaganda (22:30), Los Zopilotes Txirriaos (23:45), Non Servum (01:00), Skakeitan (02:15), Skatu (03:20) eta En Tol Sarmiento (04:25) izango dira oholtzaren gainean.

Talde gehienak Euskal Herrikoak dira, baina bada kanpotik datorrenik ere.Habeas Corpus (Madril) eta Los Chikos del Maizeko (Valentzia, Herrialde Katalanak) kideek osaturiko nahasketa indartsua da Riot Propaganda. Nonservium taldea Mostoleskoa da (Madril), eta, jaialdia bezala, 18. urteurrena ospatzen ari da. Punk, street punk eta hardcore punk doinuak taularatuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.