Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Miliauskaite, Holub eta Mallarmeren poemak euskarara ekarri dituzte

Poema antologia bana itzuli dute Leire Bilbaok, Karlos Cidek eta Josu Landak, Munduko Poesia Kaierak bildumarako. Sailaren barruan, hemezortzi liburuki plazaratu ditu jada Susa argitaletxeak
Leire Bilbao, Karlos Cid eta Josu Landa, atzo, Donostian egindako aurkezpenean.
Leire Bilbao, Karlos Cid eta Josu Landa, atzo, Donostian egindako aurkezpenean. JON URBE / ARGAZKI PRESS

Ainhoa Sarasola -

2016ko urriak 26 - Donostia

Udazkenarekin, hiru izen gehiago batu zaizkio Munduko Poesia Kaierak bildumaren zerrendari. Nazioarteko beste hiru poetaren antologiak euskarara itzuli dituzte Susa argitaletxeak plazaratzen duen sailerako: Nijole Miliauskaite lituaniarraren poemak hautatu eta itzuli ditu Leire Bilbaok; Miroslav Holub txekiarrarenak Karlos Cidek; eta Stephane Mallarme frantsesarenak, berriz, Josu Landak. Miliauskaiterena «oso poesiagintza pertsonala da, leuna eta sotila», Beñat Sarasola idazle eta bildumaren zuzendariaren esanetan. Holub, berriz, poeta «oso berezia» dela azaldu du: «Immunologoa zen ofizioz, eta zientzia oso presente dago haren poesian, oso ohikoa ez dena». Mallarmek, azkenik, ez du aurkezpen handirik behar. «Munduko poesiaren gailur horietako bat da. Zortzimilako bat dela esan dezakegu, eta zortzimilako zaila gainera», adierazi du Sarasolak; haren poesia «nahiko hermetikoa eta konplexua» izanik, euskaraz orain arte ez zen haren poemarik argitaratu.

Duela bi urte eta erdi hasi zuen bere bidea Munduko Poesia Kaierak bildumak. Ordutik, azken hiru liburuak barne, hemezortzi poetaren antologiak euskaraz eskaini dizkie euskal irakurleei: besteak beste, Maria Merce Marçal, Emily Dickinson, Eugenio Montale, Audre Lorde eta Paul Celan egileenak. «Asko dugu faltan oraindik, baina uste dugu behintzat aurrerapausoak ematen ari garela», azaldu du Sarasolak. Dena ondo bidean, udaberrian beste hiru liburu plazaratuko dituztela iragarri du.

NIJOLE MILIAUSKAITE

(Keturvalakiai, Lituania, 1950 - Druskininkai, Lituania, 2002)

Intimitatea, idazkera minimalistan emana

«Nijole Miliauskaite ez da poeta ezaguna, eta horixe izan da agian haren lanak itzultzeko arrazoietako bat», Leire Bilbaoren hitzetan. «Ez emakumea delako, baina horregatik ere bai; ez feminista delako eta bere iraultza propioa zuelako, poemetan nabarmen irakurri daitekeena, baina horregatik ere bai; ez hizkuntza ez-hegemoniko batean idatzi zuelako, baina horregatik ere bai». 52 urterekin hil zen Miliauskaite, eta, beraz, egun hemen egongo balitz, 66 urte baino ez lituzkeela izango gogorarazi du Bilbaok. «Eta, halere, haren poesiak beste garai batzuetara garamatza, lituaniar ezezagun baten intimitate pertsonalera». Haren poesia «leuna, fina eta gozoa» dela dio, baina aldi berean ezinegon bat sorrarazten duela. «Itxura batean poema xaloak, samurrak, apalak idazten ditu, eguneroko errutinaren irudiz josiak, ahots xuxurlati batez eta era prosaiko batean kontatuak, baina poema horien atzeko teloia zabaldu, eta intimitate pertsonal aberats eta durduzagarri batekin topo egiten dugu».

Miliauskaitek ez zien modei jarraitzen, eta idazkera minimalista baliatzen zuela azaldu du Bilbaok; hitzak banan-banan aukeratzen zituela, eta ez apaingarri gisa erabiltzeko. «Esan daiteke makramea egiten zuela: hitz bakoitzari korapiloa egin, eta josi egiten zuen poema, eta sendo eraiki, horrela, modan ez dagoen arren, denboran iraungo duen eskulan bat sortuz». Etxeaz edo bizitokiaz gogoeta egitea haren poemetan sarri agertzen den gaia da. Lituaniako literaturan, batez ere 1991ko independentzia aurretik, etxea nazioarekin edo amatasunarekin lotu izan zuten beste askok, baina Bilbaok azaldu duenez, «hark bere esparru pertsonalera ekartzen du, bere etxea, bere nazioa, dena bat izango balira bezala». Pertsona gramatikalak konbinatzeko joeran, berriz, lituaniar letren tradizioari jarraitu ziola esan daiteke. Haren poema gehienek ez dute izenbururik, eta letra txikiz zein puntuazio zeinurik ia erabili gabe idatzi zituen, Bilbaoren irudiko, haren izaera umilaren isla dena. Modu inpertsonala erabiltzen zuen gainera, lituanierak ematen zion aukera baliatuta.

Bizirik zela lau poema liburu argitaratu zituen Miliauskaitek, eta hil ostean, bi antologia kaleratu zituzten. Haren obra hainbat hizkuntzatara itzuli dute, eta saririk ere irabazi zuen —Lituaniako Sari Nazionala tartean, 2000. urtean—.

MIROSLAV HOLUB

(Plzen, Txekoslovakia, 1923-Praga, 1998)

Zientzia eta poesia, eskutik helduta

Miroslav Holub bat baino gehiago daude, Karlos Cid itzultzailearen hitzetan: immunologoa, zientzialaria dago, batetik; poeta, bestetik; eta itzultzailea, hirugarrenik. «Arlo horiek nabarmentzen dira poesia egiteko haren eran: zientzia islatuta dago poema zenbaitetan, baina ez zientziari buruz jarduteko; zientzia tresna bat da Holubek gizakiaz dituen pentsamenduak bistaratzeko». Historia eta literatura ere baliatu zituen horretarako, baina «intrahistoria» ere interesatzen zitzaion poetari, «eguneroko gertaera xumeak».

Horiez guztiez hitz egiteko bertso librea erabili zuen Holubek, txekiar letretan batere tradiziorik ez duen hautua eginez. Bere herrialdean baino laudatuagoa izan zen atzerrian, itzultzaileak gogora ekarri duenez, eta hamaika hizkuntzatara itzuli dira haren lanak. Cid orain dela hiru hamarkada hasi zen haren poemak euskaratzen, baina urte luzez tiradera batean gordeta egon ziren, harik eta orain argia ikusi duten arte.

STEPHANE MALLARME

(Paris, 1842-Valvins, Frantzia, 1898)

Hamaika esanahirekin jolasten zen poeta

Iritzi kontrajarrien gainetik, Stephane Mallarme historiako poeta handienetako bat dela esan liteke, Josu Landaren ustez; haren obrak izan zuen eraginari erreparatzea besterik ez dago horretarako, ondorengo korronte ia denek aitortu baitzuten harekiko zorra. «Are nabarmentzekoagoa da eragin hori kontuan hartzen bada Mallarmerena oso obra laburra dela; halako bi kaiera aski lirateke bizi zelarik argitaratu zituen poema guztien bilduma egiteko».

Haren poesia horrela definitzen du Landak: «Guztiok gutxi asko errealitatetzat dugun hori deseraiki egiten du, eta egiten duen alkimia horren ondorioz, errealitate berri bat sortzen du poemetan. Esango nuke Mallarme hitzen eta esaldien zizelkaria dela». Nabarmendu du hitzen esanahi eta soinuekin jolastea maite zuela. Poesia «obsesio bat bezala» bizi zuela ere uste du, eta «perfekzionista izugarria» zela, poemak behin eta berriz berridazten baitzituen —Herodias jarri du adibide gisa—.

Errimari eta neurriari oso estuki lotutakoak dira Mallarmeren poema guztiak, hil baino bi urte lehenago argitaratu zuen Dado kolpe batek ez du sekula abolituko zoriak izenekoa salbu. «Oso poema bisuala da, oso berezia, eta modu askotara irakur daiteke». Landak itzulitako kaieraren herena baino gehiago hartzen du poema horrek. «Haren zorakeria zoragarri horietako bat izan zen».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

<b>Amurrioko saioa.</b> Joan den larunbateko saioa, Amurrioko Bañueta kiroldegian. ©GARI GARAIALDE

Iristen aurren, eta joaten azken

Miren Mujika Telleria

Baionan jokatuko da gaur Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren itzuliko bigarren saioa. Ohi bezala, 17:00etan hasiko da. Aulki, soinu eta foku; pronto izango dira den-denak ordurako. Bertsozale Elkarteko ekoizpen taldeak du horren ardura. Zein da, baina, horren atzean dagoen inurri lana?
Indar Trabesen lehen kontzertua fikzioan irudikatzen, herenegun, Mutrikuko Venezia diskotekan. ©JON URBE / FOKU

Itoiz taldearen lehen printzak

Jone Bastida Alzuru

Doxa ekoiztetxea eta Larraitz Zuazo zuzendaria Itoiz taldeari buruzko pelikula bat prestatzen ari dira, dokumentalaren eta fikzioaren artean mugitzen dena. Mutrikun izan dira filmatzen.

Ekoetxea Urdaibaik hizkuntza indigenen erakusketa bat jarri du ikusgai. ©Monika del Valle / Foku

Hizkuntza jasangarriak

Amaia Igartua Aristondo - Bizkaiko Hitza

Busturiko Urdaibaiko Ekoetxeak erakusketa batean bildu ditu 11 hizkuntzatan emandako testu batzuk eta haien euskarazko itzulpenak: 'Hizkuntza indigenak, Ama Lurra zaintzen'. Abenduaren 18ra bitartean bisitatu ahalko da.

 ©Andoni Canellada / FOKU

Sustrai Colina: «Lanketa guztiak abiatzen dira pertsona gisa zaren horretatik»

Joanes Etxebarria - Ipar Euskal Herriko Hitza

Sustrai Colina Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalista izan da azken bost aldietan. Aurten, finalerdien lehen itzuliko saioa irabazi du, eta gaur Baionan kantatuko du, bigarren itzulian. Gogo «handiz» ariko da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...