Donostiako 61. Zinemaldia. Kritika. Sail Ofiziala

Jokoz kanpoko gola

Angel Aldarondo.
2013ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Futbolín

Zuzendaria: Juan Jose Campanella. Herrialdea:Argentina-Espainia. Iraupena: 106 min.

Lau urte igaro dira Zinemaldiko epaimahai itsuak El secreto de sus ojos maisulana gutxietsi zuenetik. Campanellaren filmografia patxadatsua ikusiz, George Best futbolariaren aipu famatu bat ekarri dit gogora: «Ni itsusi jaio izan banintz, ez zenuketen Peleri buruz ezer entzungo». Barka iezadazue Maradonaren ordez futbolari irlandar baten hitzak agertu izana, baina, tamalez, Futbolín filma ere ez da hain argentinarra.

Pixar estudioak ezarritako kalitate tekniko eta artistikoaren maila —animazio digitalean biak bat egin arren— mundu guztiarentzat baremo bihurtu da, eta, kasu honetan ere, Toy Story edo Ratatouille filmetan islatu nahi izan dute. Eta, hein batean, konparazioa gainditzea lortu dute, originaltasuna eragotziz. Bisualki ikusgarria da, akzioa muturreraino eraman dute, elkarrizketa arinak ditu, eta mugatuak ziruditen hainbat egoeraren potentziala ondo aprobetxatuta dago, une distiratsuak lortzeraino. Ikusle helduek futboleko izarrei eta inguruko marketinari egindako kritikarekin eta topikoekin gozatu ahal izango dute. Haurrek, ordea, ikuskizun hutsarekin.

Paradoxikoki, Juan Jose Campanella zuzendari argentinarrak duen emozioak biltzeko gaitasuna ez da sumatzen inondik inora. Gidoi biribilak idazteko ahalmena ere ez. Haren nortasun hunkibera ez da ageri, eta nabaria da ikusleei zirrara eragiteko ezintasuna duela. Eta, Pixarreko filmen ohiko kalitatera itzuliz, sentimenduak azaltzeari dagokionez ez luke aitzakiarik egon behar.

Zuzendariak aitortu duen bezala, zaila omen da umeentzat den film komertzial bateko pertsonaiak izaera uherraz janztea, baina horretan ere aspaldi adibide zoragarriak ikusi ditugu. Halere, eskertzekoa da giza protagonistak jokatzen dituzten rol sinpleei mahai futboleko jokalaritxoen bihozberatasunarekin aurre egitea. Oro har, emaitza konbentzionalki entretenigarria da, ohiko gainditze istorio bat izanda. Grina badago, baina molde txikian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.