ETAren atentatua Hipercorren. 30. urteurrena. Robert Manrique. Hipercorreko atentatuaren biktima

«Nekagarria egiten zait gure mina alderdien intereserako erabiltzea»

ACVOT elkartearen sortzaileetako bat izan zen Manrique, baina ez zen atzoko ekitaldian izan. Utzi egin zuen, ez zegoelako «eroso». Biktimen «aniztasuna» aldarrikatu du, eta haiei buruzko «ezjakintasuna» salatu.

DANI CODINA.
Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2017ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Atzoko egunez, duela 30 urte zauritu zuten Robert Manrique (Bartzelona, 1962) ETAk Hipercor merkataritza zentroan egindako atentatuan. ACVOT Associacio Catalana de Victimes d'Organitzacions Terroristes elkartearen sortzailea izan zen. Gaur egun, biktimen kolektiboaren aniztasuna aldarrikatzen du. Bizikidetzaz, ETAren armagabetzeaz eta biktimen aniztasunaz hitz egin du BERRIArekin.

30 urte pasatu dira...

Egunero jaiki eta dutxatzerakoan gorputza ikusi eta orbainak ikusteak ez du gertatutakoa ahanzten laguntzen. Baina gertatu zenarekin bizitzen ikasi dut. Tira, egunotan bereziki mugitzen zaigu dena barrutik, bizitakoa gogora ekartzen dugulako.

Nola gogoratzen duzu?

Garai bikaina zen, 26 urterekin Hipercorreko harategi batean lanean ari zen gaztea nintzen. Seme zaharrenak 3 urte zituen; gazteenak, aldiz, hilabete gutxi. Bezperan, lankide batek deitu zidan txanda aldatzeko eskatzeko, eta nik baietz erantzun. Bonba hamabost segundo lehenago lehertu izan balitz, nire lankideekin hozkailuan harrapatuko ninduen, eta ez nuen zauririk izango, baina... gertatu behar zuen.

Auzitegi Nazionalak argudiatu zuen poliziek ez zutela ezer egin leherketa abisua jaso ondoren, «interes komertzialei erantzunez». Zein analisi egiten duzu?

Sarri egin diot galdera hori neure buruari. Baina errealitatea da Hipercor askietsi zutela. Kontraesan izugarria dirudi, baina jendea eremutik irtenarazteko arduraduna Espainiako Estatua izan zen.

Hiru hamarkada pasatu dira. Mina sendatu daiteke?

Pertsonalki, lagundu dit gertatu zitzaidana kontatzeak. Oraintxe bertan, adibidez, terapia egiten ari naiz. Eta, aldiz, badago jendea bizitutakoa kontatzeagatik mina berpizten zaiona. Izaera kontua izango da, seguruenik. Nik biktimekin, kazetariekin eta politikariekin hitz eginez baretu dut amorrua. Zalantzarik gabe.

30. urteurrenaren harira hainbat ekitaldi antolatu dira egunotan Bartzelonan, baina zu ez zara denetan izan.

Larunbateko eta igandeko ekitaldietan parte hartu nuen bakarrik. Larunbatekoa Bartzelonako Udalak antolatu zuen, politikarien partaidetzarik gabe, eta igandekoa La Sagrera auzoak —Hipercor han zegoen— kontzertu bat antolatu zuen omenaldi gisa. Gaurko [atzoko] ekitaldian, ez dut parte hartu, nekagarria egiten zaidalako gure mina erabiltzea alderdien interesen mesederako. Are gehiago, uko egiten diot baita ere biktimen kolektiboa orokortzeko dagoen joerari. Halako ekitaldiek amorrarazten naute, eta ez dut gogorik.

Zu, hala ere, ACVOT Associacio Catalana de Victimes d'Organitzacions Terroristes elkarteko sortzailea izan zinen [atzoko ekitaldia antolatu zuen elkartea da]. Zergatik utzi zenuen?

Besteak beste, interes politikoak lehenesten hasi zirelako. Hogei urte neramatzan gauzak modu batera egiten, eta dinamika berriekin ez nintzen eroso sentitzen. Ez nuen arazorik nahi.

Zure erronketako bat izan da biktimen aniztasuna aldarrikatzea. Zergatik?

Sekulako ezjakintasuna dagoelako. Jende gehienak uste du biktima guztiak garela Espainiako banderarekin kalera ateratzen garenak. Noski, horiek ere biktimak dira, baina ez denak, eta ez gaituzte ordezkatzen. Gertatzen dena da Ebrotik behera mezu homogeneo horrek saltzen duela, baina errealitatea da biktimon artean ideologia adar guztiak daudela. Nik ezagutzen dut Hipercorreko atentatuan biktima izan zen familia bat baino gehiago independentista dena.

Zein da zuk gaur egun Euskal Herriarekin duzun harremana?

Beroa. Gustu handiz bidaiatzen dut, eta lagun oso onak ditut han. Zoritxarrez, badago jendea estigmatizatzeko joera duena. Ni bizikidetzaren aldekoa naiz, eta, horregatik, ideologia politiko guztietako elkarteekin kolaboratzeko ez dut inoiz arazorik izan. Abertzaleak izan edo ez, harreman ona dut denekin.

Bizikidetzaren aldeko mahai inguruetan bakarrik ez, Rafael Caride Hipercorreko atentatuaren egileetako batekin ere bildu zinen.

2011ko martxoan, Lokarri elkarteko Paul Riosek deitu zidan jakinarazteko Caridek eskutitz bat bidali nahi zidala elkarrizketa bat eskatzeko. Eskutitza jaso, eta, emaztearekin eta semeekin hitz egin ondoren, erabaki genuen proposamena onartuko genuela. Atentatua sufritu nuenetik, nire nahia zen ETAk hiltzeari uztea eta barkamena eskatzea. Ezin nion proposamenari ezetz esan.

Zein ondorio ateratzen dituzu bilera hartatik. Nola joan zen?

Oso ongi. Nik galdera bat egin nion, argi utziz bere erantzuna koherentea bazen, elkarrizketa luzatuko genuela. Hark errespetatu zuen, eta ordu eta erdiz hitz egiten aritu ginen. Nik ibilbide luzea nuen biktimez inguratuta, eta aukera baliatu nuen jende askok zituen zalantzak argitzeko.

Mina ezin da kendu, baina uste duzu halako bilerek laguntzen dutela bizikidetzaren alde?

Bai, noski, nahiz eta egoera desberdina den Euskal Herrian edo handik kanpo gauden biktimen artean. Argi dagoena da nik gomendatzen dudala. Are gehiago norberaren atentatuaren egileekin bada. Beti pentsatu izan dut, joan izan ez banintz orain bezain lasai lo egingo nukeela, baina joateak ekarri dizkidan onurak ezagututa, harro nago. Azken finean, positiboa da edozein biktimarentzat bizitza txikitu dizun terroristak barkamena eskatzea.

Apirilaren 8an ETAk armagabetzea gauzatu zuen. Nola bizitu zenuen?

Nire desioa, biktima askorena bezala, guk sufritutakoa inork gehiagok ez bizitzea izan da betidanik. Baina ETAren armagabetzea niretzat 2011ko urriaren iragarpenaren ondorio bat besterik ez zen izan. Ordukoa bai, sekulako albistea izan zen!

Zein iritzi duzu presoen hurbilketari buruz?

Egia da atentatua gertatu berri zenean nahigabe pentsatzen genuela: «geroz eta urrutiago egon, orduan eta hobeki». Baina urteak pasatu dira, eta egoera ere aldatu da: legeak bermatzen badu gerturatzea, ongi iruditzen zait. Beraz, zer dio legeak? Legeak uzten badu, gerturatu ditzatela! Niri berdin-berdin zait Caride Gasteizen edo Kanariar Uharteetan dagoen. Nik nahi dudana da kondena azken eguneraino betetzea, baina gertuago edo urrutiago egoteak ez dit minik sendatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.