Albistea entzun

Alberto Alonso. Osalaneko zuzendari nagusia

«Behin-behinekotasunak eragina eduki ohi du laneko istripuetan»

Laneko istripuen %30 kontratua sinatu eta urtebetera gertatzen dira. Behin-behineko kontratazioek gora egin duten garai honetan, salaketa egin du Alonsok, laneko gaitzetan eta osasunean eragina daukalako.
ARITZ LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Lander Muñagorri Garmendia -

2018ko apirilak 27 - Bilbo

Kezkatuta dago Alberto Alonso (Oñati, Gipuzkoa, 1974) Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusia. Azken 25 urtean lanean hildako beharginen kopurua erdira jaitsi bada ere, «oraindik lan handia dago egiteko», haren ustez. Istripu horietako asko laneko lehen hilabeteetan izaten dira, eta horregatik hezkuntza areagotu behar dela dio.

Lan istripuez eta lanean hildako beharginez hitz egitean, beti dago zailtasun bat datuen inguruan. Sindikatuek datu batzuk ematen dituzte, eta zuek beste batzuk. Zergatik?

Geure beharra da kontaketa egitean irizpide batzuei jarraitzea, leku denetan datuak era berean hartzeko. Adibidez, kanpoko langile bat hemen zauritzen bada, guk ez dugu guk kontatzen, beharginaren jatorrizko erakundeak baizik. Guk ikertuko dugu, baina ez dugu gure estatistiketan sartuko. Sindikatu batzuek hemen gertatzen diren istripu guztiak kontatzen dituzte.

2017an behera egin dute heriotza kasuek zuen arabera, eta sindikatuek alderantziz diote.

Badago halako joera bat, zerra hortz batek bezala egiten duela gora eta behera. Duela 25 urteko joera hartuz gero, hala ere, behera egin du. Kontuan hartu behar da anormaltasun bat agertu dela gaiaren harira: jarduera gutxitu egin zen krisiarekin, eta horrek istripuak gutxitu zituen. Jarduera handitu egin da, eta gorakada bat egon da. Baina beheranzko joera dago.

Intzidentzia indizeak, gaixo agiria hartzea eragin duten laneko ezbeharren kopuruak, gora egin du 2016arekin alderatuta. Horregatik bakarrik da?

Behin-behinekotasunak eragina eduki ohi du, laneko istripuen %30 lehen urtean gertatzen baitira. Lehen urte horren barruan, gehienak lehen hilabeteetan gertatzen dira. Kontratu berri gehienak hilabeterako edo gutxiagorako dira, gainera.

Orduan, prebentzioari begira esan daiteke behin-behinekotasuna ez dela baldintza egokiena, ala?

Noski. Prestakuntza da arlo horretan garrantzitsuena.

Lan gaixotasunen erregistroak gora egin du azken urteetan, Osakidetzarekin koordinatzen hasi zaretelako. Sindikatuen arabera, ordea, jatorria lanean duten gaixotasun asko erregistratu gabe geratzen dira oraindik. Nola egin aurre egoera horri?

Ardura enpresarena da, baina gizarteak ere ardura dauka gai honetan. Enpresariak prebentzio neurriak hartu behar ditu, eta langileak, ikusten dituen arrisku guztiak adierazi.

Mutualitateen lana ere hor dago, haiei ere bai baitagokie gaixotasunak katalogatzea, eta askotan osasun publikora bideratzen dituzte. Nola egin daiteke bide hori murrizteko?

Horretan gabiltza. Aurten beste sistema batekin hasi gara lanean, eta, mutualitateen, Osakidetzaren eta gure datuekin, prebentzio zerbitzuen datu guztiak sistema batean sartzen ditugu. Hor Euskadiko arrisku guztien mapa sortzen da, eta mapa horretan guztien datuak nahasten ditugu. Nahiko tresna ona da halako desbideratzea topatzeko. Osakidetzak lan gaixotasunen kasu batzuei buruz dituen susmoak argitzeko ere balio dezake.

Mutualitateei indarra kentzeko ahalegin bat da?

Indarra kendu edo jarri... Gardentasuna jartzeko bai, behintzat.

Aste honetan, kamioilari baten heriotza salatzeko kontzentrazioa egin dute sindikatuek. Askotan, ez dira horien istripuak ere kontuan hartzen. Hor badago azpierregistro bat?

Kamioilari eta etxeko langileekin arazo handiak ditugu, autonomoak direlako. Askok ez dituzte kontingentzia profesionalak kotizatzen, eta hori arazo handi bat da guretzat, ez baitaukagu kontrolatu ahal izateko tresnarik.

Nola egin daiteke kontingentzia horiek kotizatu ditzaten?

Kanpainak egin izan ditugu. Era horretan, guk ere ikuskatu ahal izango genituzke langile horiek, baina erabakia norberak hartu behar du. Autonomoen %80k ihes egiten digute. Kamioilariek istripu asko izaten dituzte, eta hor ere lanean ari gara gidak egiten, eta ahal den bezala hedatzen.

Autonomoek nahiko kuota pagatzen dituzte kontingentziak ordaintzen hasteko. Hori traba izan daiteke?

Ez dago gure esku. Guk ezin diegu esan kotizatu behar dutela, baina azaldu diezaiekegu zein abantaila dituzten.

Etxeko langileak ere hor daude. Askotan salatu izan dute laneko gaixotasunak ez direla azaleratzen. Nola landu daiteke etxe barruko prebentzio neurriekin?

Gu ez gara agintariak; horretarako, inspekzioa dago. Ezin da etxebizitzara sartu; horretarako, legea aldatu beharko zen. Guk zabalpena egin dezakegu, eta zenbait erakunderekin lanean gaude haiengana nola iritsi aztertzeko. Gidak egin ditugu, esaterako.

Datuetan ez dira ageri, ordea.

EHUko soziologia sailarekin lanean ari gara kolektiboa nola definitu aztertzen. Gure tresnekin zaila da hori lortzea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jeff Bezosek Amazoneko buruzagitza utzi du; besteak beste, Blue Origin espazio bidaien enpresari denbora emateko. ©BLUE ORIGIN / EFE

Enperadore modernoa

Iker Aranburu

Amazonen eskutik, Bezosek patrikak bete ditu, baina, batez ere, iraultza eragin du merkataritzan, eta kaleko erakusleihoetatik etxeko ordenagailuetara eraman du. 1,6 milioi langileko inperio erraldoia bigarren mailan uzten ari da Bezos.
Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburua, atzo. ©IREKIA

Jaurlaritzak «masiboki» bultzatu nahi du energia berriztagarria

Julen Otaegi Leonet

Energia berriztagarrietarako trantsizioa bizkortu behar dela uste du Jaurlaritzak, eta hala eskatu dio Espainiako Gobernuari Industriaren energia kontsumoak murrizteko, ezinbestekotzat jotzen du Madrilek bat egitea eskakizun horrekin.

XXI. mendeko apostolua

XXI. mendeko apostolua

Jokin Sagarzazu

Bere ondasun guztiak ekintza filantropikoetarako erabiliko dituela berretsi du Bill Gatesek: izurriteen kontra egiteko, munduko gosea amaitzeko, klima aldaketari aurre egiteko. Haren fundazioaren egitasmoak, baina, auzitan daude aspalditik.

Gudongeko petrolio planta, Txinako Dongying probintzian dago. ©WU HONG / EFE

Petrolioa, atzeraldiaren usainean

Imanol Magro Eizmendi

Upelak bi aste daramatza 100 dolarretik behera, eta Ukrainako gerra hasi zeneko prezioan dago

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...