Billalabeitiak engainatu duela dio Fernandezek: «Ez dut ahaztuko»

Mario Fernandez Kutxabankeko presidente ohiaren ustez, bere aurkako «sorgin ehiza» abiatu du egungo presidenteak.Auzia amaitzen denean, «neurriak» hartuko dituela ohartarazi du

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2015eko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Haserre, minduta eta mendeku gosez mintzatu da Mario Fernandez Kutxabankeko presidente ohia Bilboko Instrukzio Epaitegian inputatu gisa deklaratu ostean. Publikoki egin ohi ez den moduan aritu da hedabideen aurrean. Epaitegitik atera bezain laster, ohikoa duen zigarroa, erre, eta itxura lasaiarekin adierazpen gogorrak egin ditu. Auzia bere aurkako «sorgin ehiza» dela adierazi du. Berak ez duela inolako irregulartasunik egin, eta bere aurka abiatutako auziagatik «oso haserre» egoteaz gain, «engainatuta» ere sentitzen dela. «Ez dut ahaztuko. Nik ez». Mehatxu zantzua duten hitzak ere bota ditu, Kutxabankeko egungo presidentearengana zuzenduta: «Nik ez dut zauriturik uzten». Bere aurkako auzia amaitzen denean, «neurriak» hartuko dituela ziurtatu du.

Fernandez Kutxabankeko presidente zela, ustez kutxak Mikel Cabiecesi modu irregularrean 243.592 euro eman zizkiolakoan abiatutako auzian deklaratu zuen atzo Kutxabankeko presidente ohiak Bilboko 4. Instrukzio Epaitegian. Ordubete baino gehiago aritu zen epaileari azalpenak ematen. Berak Cabiecesi ez ziola «euro bakar bat ere» eman azaldu zion; Cabiecesek Rafael Alkorta abokatuaren bulegoarekin kolaborazioak egin zituela, eta Alkortak Kutxabankekin zuela harremana.

Fernandezek berak hedabideei azaldu dienez, 2012. urtean Cabiecesentzat lanpostu bat aurkitzeko eskatu zuen Fernandezek. Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari kargua izan zuen Cabiecesek, eta, PSE-EEko kide denari lan hori amaitu zitzaionean, «irtenbide» bat bilatzen lagundu nahi izan zion Fernandezek. Aurrez esana duenez, «ohikoa» zen «ETAren aurkako borrokan» aritutakoei «irtenbide profesionala» bilatzea.

Kutxabankeko presidente karguan bere atzetik etorri zen Gregorio Billalabeitiak saldu egin duela uste du Fernandezek. Billalabeitia presidente zela, biek izandako bilera batean, irregulartasunak ikusi zituztela esan zion presidente berriak lehengoari. Fernandezek bere poltsikotik ordaindu zion Kutxabanki Cabiecesek jaso zuen diru kopurua. Bere esanetan, inork pentsatu ez zezan kutxa kaltetu zuela.

Ordurako, ikerketak abiatuta zituen Kutxabankek. Ikuskatze txosten bat eskatua zuen, esate baterako. Gerora, Kutxabankek berak egindako salaketagatik abiatu zen Fernandez eta Cabiecesen aurkako auzia. Hargatik sentitzen da engainatuta Fernandez. «Engainatu ninduena nirekin hitz egin zuena da, dena ezkutatu zidana, Kutxabankeko egungo presidentea».

Cabieces auzian inputatuta dauden beste biek ere deklaratu zuten atzo Bilboko Epaitegian: Cabiecesek berak eta Alkorta abokatuak. Epaitegiaren sarreran kazetari eta kamera asko izan arren, inork ez zuen Alkorta epaitegian ez sartzen, ez ateratzen ikusi. Fernandez bera atzeko atetik sartu zen epaitegira, nahiz eta deklarazioa amaitzean sarrera nagusitik atera zen, hedabideen aurrean azalpenak emateko.

Protesta artean

Cabieces izan zen sarrera nagusitik sartu zen inputatu bakarra, eta ez zuen gustuko sarrera izan. Bertan pilatuta zeuden kazetarien galderen artetik «eskerrik asko, eskerrik asko, eskerrik asko» esanaz igaro zen. Aurrean, etxe kaleratzeen aurkako plataformako kideak zituen zain, pankarta eta txartelak eskuetan: «Mario kartzelara! Justizia etxetik kaleratutakoentzat!», oihukatu zioten behin eta berriz bertatik bertara. Akusatuari bidea oztopatu ere egin zioten. «Lapurrak!». Beranduago, akusatuek deklaratu beharreko areto ondora ere sartu ziren etxe kaleratzeen aurkako protestariak. Ertzainek kaleratu zituzten handik.

09:30etik egon ziren protestariak epaitegi aurrean, eta ez etxe kaleratzeen aurkakoak bakarrik. Euskal Herrian finantza sistema publikoa, Kutxak-Kutxabank pribatizaziorik ez plataformak deituta, dozenaka lagun bildu ziren elkarretaratzean. ELAko eta LABeko ordezkari banak auzia argitzeko eskatu zuten plataformaren izenean, eta kutxak pribatizatzeko nahiarekin lotu zituzten Cabieces auziaren gisakoak. Akzioak publiko bihurtu eta pribatizazioa saihesteko eskatu zuten hargatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.