Etxarri Aranatzek 80 urteko sufrimenduaren erpin guztiak ikertu ditu

Euskal Memoria Fundazioak 36ko gerrak, gerra osteko lehen urteek eta 1960tik gatazka politikoak eragindako min guztiak aztertu ditu. Udalak «elkarbizitzarako tresna gisa» erabiliko du ikerlana

Aritz Ikobalzeta, Begoña Goikoetxea, Eneka Maiza, Alazne Juaniz eta Maria Saez de Albeniz, atzo. IÑIGO URIZ/ ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Etxarri Aranatz
2018ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Ez da Sakanako herri handiena, ezta txikiena ere. Erroldako azken datuen arabera, 2.464 biztanle bizi ziren iaz Etxarri Aranatzen (Nafarroa). Baina guztiak, «zeharka edo zuzenean, urrunxeago edo gertuxeago» indarkeriak ukitu ditu. Ideia hori nabarmendu zuen atzo bederen Eneka Maiza alkateak. «Beste herri asko bezala, arrazoi politikoengatik sufrimendu handia jasan duen herri txiki bat da Etxarri, eta sufrimendu horrek denoi eragin digu». Etxarri Aranazko Udalaren aginduz, Euskal Memoria Fundazioak 36ko gerrak, gerra osteko lehen urteek eta azken 60 urteetan gatazka politikoak eragindako sufrimenduaren mapa osatu du.

Hutsune handi bat bete nahi dute ikerketaen bidez. Atzo Etxarri Aranatzen bertan egindako aurkezpenean, Maizak nabarmendu zuen asko hitz egiten dela herriaz, baina ezer gutxi ikertu dela hari buruz. Haren ustez, azterketa lan tresna interesgarria izango da etorkizuneko elkarbizitzarako, «ahalik eta objektibotasunik handienarekin»begiratzen duelako iraganera. Alkateak gaineratu du ez dela «ez lan amaitu bat, ez lan oso bat, lehen hurbilketa bat baino ez». Euskal Memoria fundazioko Iñaki Egaña historialaria arduratu da ikerketaz, eta urtarrilaren 30ean ezaguzaraziko dizkie datu nagusiak herritarrei. Eneka Maizak nabarmendu du «lan aitzindaria» dela eta iraganaren ikuspegi orokorra ematen duela.

1936ko gerrarekin hasten da 82 urtetako atzerako begirada. Euskal Herriko beste herri askotan bezala, orduan hasi zen historia hurbileko «atalik beltzena». Hamazazpi etxarriar fusilatu zituzten; adibidez, tokiko UGTko zuzendaritza batzordeko kide gehienak Urbasan fusilatu zituzten. Garai hartan, Benedicto Barandalla herriko erreketeen buruaren taldea nabarmendu zen jazarpen horretan. Etxarriarrez gain, Lizarrustin lau ordiziar fusilatu zituzten. Era berean, euren ideia politikoagatik hamazazpi etxarriar atxilotu zituzten eta beste hamabi maisu, zinegotzi edo landa zaindari erbesteratuak, kargugabetuak edo baztertuak izan ziren.

Gerran, Errepublikaren alde borroka egindakoen artean, lau etxarriar hil ziren. Frankisten alde borrokatu zirenen artean, 24 hil ziren. Berez, mila biztanle inguru zituen orduan herriak, eta ia laurdenak (225) frankistekin borrokatu ziren, batzuk beren borondatez eta besteak behartuta.

Gerraosteak ere utzi zuen bere orbaina. Zazpi etxarriar erbesteratu ziren; haien artean UGTko bi ordezkari zeuden —Gurseko kontzentrazio esparruan amaitu zuten—. Urte beltz haietan, bost etxarriar atxilotu zituzten, hainbat arrazoi zirela medio; tartean, erregimenarekin desadostasuna azaltzeagatik.

Gatazkaren lorratza herrian

Etxarri Aranatzen, gatazkaren ondorioz hil zen lehenbiziko pertsona Jose Antonio Igoa izan zen. Burgosko prozesua salatzeko manifestazio batean atxilotu zuten, 1970eko abenduaren 10ean,eta torturatu egin zuten polizia etxean. Depresio sakon batean erori, eta, handik egun gutxira, bere buruaz beste egin zuen. Urte haietan, sei etxarriar izan ziren atxilotuak eta garaiko Ordena Publikoko Auzitegian epaituak.

1979an, berriz, ETAk Jesus Ulaiar 1969tik 1975era herriko alkate izandakoa hil zuen. 1955etik Rosa Mundiñanorekin zegoen ezkondua, eta lau seme-alaba zituen. Txostenak dioenez, herritarren sektore handi baten aldetik hutsune handia sentitu eta herritik beste leku batera joan ziren bizitzera. «Ia beti bakartasun erabatekoa izan genuen», aitortu izan zuen seme batek, txostenean aipatzen denez.

ETArekin lotura izan duten etxarriarren artean, hiru hil dira; haietako bi, suzko armekin, ongi azaldu gabeko arrazoiak zirela medio: esaterako, Josu Zabala, 1997an hilik agertua Itziarren (Gipuzkoa).

Segurtasun indarrek manifestazioetan zortzi etxarriar zauritu dituzte —haietako bi, bi aldiz—. Gerra zikina delakoa hamar herritarrek jasan dute —bonba-gutunak, salaketa kartelak, lehergailuak autoan, bahiketa, denda metrailatzea...—. Gainera, urteotan guztiotan 64 herritar atxilotu dituzte segurtasun indarrek, eta gehienek torturak salatu dituzte. Hamaika erbesteratu izan dira gatazkaren ondorioz, eta hemeretzi kale eraso izan dira herrian. Gaur sei preso etxarriar daude espetxeetan, denak ere herritik «oso urruti».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.