Poesia galegoaren ama pontekoa euskaraz mintzo da aurrenekoz

Rosalia de Castroren poemagintza euskaratu du Koldo Izagirrek, Munduko Poesia Kaierak bilduman. Xabier Bordak Seamus Heaney itzuli du, eta Hiromi Yoshidak, Chuya Makahara

Koldo Izagirre, Xabi Borda eta Beñat Sarasola —MPK bildumaren koordinatzailea—, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / ARP.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2017ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Galizierazko idazleen lanak sarri samar euskaratu dira azken urteetan, Alvaro Cunqueiro, Alfonso R. Castelao, Miguel Anxo Fernan Vello, Berta Piñan eta Xuan Bellorenak, besteak beste. «Galiziarrek esaten ziguten ea noiz euskaratu behar genuen letra galegoen bataila guztien ama; orain badugu euskaraz, eta librekiago euskaratu ahal izango ditugu gainerakoak ere!». Koldo Izagirrek atzo Donostian esandako hitzak dira, Rosalia de Castroren poemagintza euskarara ekarri duen liburua aurkezterakoan esandakoak.

Hirunaka aurkezteko ohiturari eutsiz, zortzigarren uzta aurkeztu du Munduko Poesia Kaierak bildumak. Eta dagoeneko 24 idazle ekarri ditu euskarara, 2014ko udaberrian martxan jarri zenetik. Rosalia de Castroren lanaz gain, Xabi Borda poetak euskaratu du Seamus Heaney ipar-irlandarraren obraren lagina; eta Hiromi Yoshida euskara irakasle japoniarrak itzuli du, berriz, Chuya Nakahara poeta japoniarrarena.

ROSALIA DE CASTRO

(Santiago, Galizia, 1837 - Padron, Galizia, 1885)

Poesia galegoa, 'mende ilunetatik' argitara





Figura funtsezkoa da Rosalia de Castro Galiziako poesiaren historian. Haren Cantares gallegos (1863) jotzen da Rexurdimento mugimenduaren abiapuntutzat. Galiziar pizkundea Kataluniakoarekin bateratsu gertatu zen, abertzaletasunaren piztearekin loturik politikoki, eta, poesiari dagokionez, lore jokoen antolaketek bultzaturik. Euskal pizkundea geroago etorri zen, XX. mendearen hasierarekin.

Rosalia de Castrori asko zor dio pizkunde horrek, Koldo Izagirreren hitzetan. «Galizierak mendeak zeramatzan landu gabe, idatzi gabe. Seculos Oscuros (Mende ilunak) deitzen diote aro horri historialariek eta literatur adituek».

Poeta zen Rosalia de Castro oroz gain, «teknikaz gaindi zegoen barrutasun batetik idazten zuen» poeta, eta gauza askotan aurreratu egin zena, aitzindaria. «Gizonezko batek ezin idatziko zituzkeen hainbat poema idatzi zituen. Aurreratu egin zen, aitzindari bat izan zen; hitza bera sortu aurretiko feminista bat». Amatasunaz idazten zuen, eta «emigrazioa zela kausa Galiziak sufritzen zuen alargun tasa izugarriaz». Eta hor azaleratzen zitzaion ezinegon existentzial bat: «Pentsa zenbaterainoko garrantzia daukan horrek; saudade-aren edo morriña-ren erro sozialak azaltzen baitira bere poemagintzan. Ez zuen bizi gozoa izan; bakardadea pairatu zuen, senarrak bizimolde politiko parlamentario ajetreatua zuelako, eta osasunez ahula zen».

«Galiziar lurrekiko eta lurraldearekiko kezka eta harrotasuna» ere azaldu zituen De Castrok, eta aitzindari izan zen horretan ere : «Ia pre-abertzale bat da nolabait». Honela dio Lur gurea poemak: «O, o, Galizia, har ezazu harpa ozena/ lehenbailehen/ menderik mende ahazturik lo dagoen/ adar sikutik!/ Gora dezatela ahotsa zure seme koblakariek/ harietan eta konpasetan/ eta lauda zaitzatela mundu osoan/ harro eta harmonian».

De Castroren poemagintzan garrantzitsua izan zen herri koplagintza. «Gabriel Arestik Harri eta herri-n bertsolaritzarekin egin bezalatsu, bere garaiko herri koplei egin zien kasu, ez Erdi Aroko gorteko kantariei. Eta Galizian kantagintza berria hasi zenean, berehala jo zuten bere obrara; Campanas de Bastabales , Negra sombra edo Castellanos de Castilla dira adibideak».

Gaztelaniaz zein galizieraz idatzi zuen; bi liburu plazaratu zituen galizieraz: Cantares gallegos (1863) eta Follas novas (1880). Lehenean gai sozialak eta Galiziarekiko kezka dira nagusi, eta bigarrenean, horiek desagertzen ez diren arren, gai existentzial ezkorragoak gailentzen dira. Bi liburuotako poemak euskaratu ditu Izagirrek.

SEAMUS HEANEY

(Castledawson, Ipar Irlanda, 1939 - Dublin, Irlanda, 2013)

Hitzei lur bat eta lur bati hitzak eman zizkien poeta





Xabi Borda poeta eta itzultzailearen hitzetan, toki geografiko zehatzek zeharkatzen dute Seamus Heaneyren poesia. «Heaneyren poemek leku fisiko bat dakarte eurekin. Badirudi poetak zoru bat ipini nahi diela hitzei, elkarrekin jolas daitezen. Edo, besterik gabe, zerbait jarri nahi diela azpian, ez hondoratzeko». Lur hori, «0 gune hori» Ipar Irlandaren bihotzean dagoen Bellaghy herrixka da, «Neagh lakuak itsasorako bidea hartzen duen lekua». Leku hori ez dago hutsik, ordea, itzultzailearen iritzian: «Heaney umea jolasean ari den gune horretan, jendeak aitzurrean egiten du patatak ereiteko; jendeak su ikatza ateratzen du, edo Neagh lakuan barneratzen da, arrantza egiteko». Espazio geografiko jakin batetik idatziagatik, «ez da txokokerian eroriko» Heaney. «Ez baita ari bere lur horretako jendeaz eta jendearentzat bakarrik. Zabala du idazteko darabilen mundua».

1966an atera zuen lehen liburua, Death of a Naturalist —poema hori jaso du bilduman Bordak, Naturalista baten heriotza izenburupean—. Eta 2010ean azkena, hil baino lehentxeago: Human Chain. Tartean, dozenatik gora poema liburu, eta Literaturako Nobel saria ere bai, 1995ean.

CHUYA NAKAHARA

(Yudaonsen, Japonia, 1909 - Tokio, 1937)

Bere garaian loriarik ez, baina aitortua orain





Beñat Sarasola Munduko Poesia Kaierak bildumako arduradunak aitzin-solasean dio Chuya Nakahara «bere garaiko poeta japoniar handienetakoa» dela, nahiz eta bizirik zen artean ez zen poeta loriatua izan. «Garai hartako onarpen faltagatik eta gazte hil izateagatik —30 urte zituela, meningitis baten ondorioz— poeta malditoen kategorian sartu izan dute batzuek. Malditismo horrekin lotu daiteke, halaber, Nakahararen poemetan aski presente dagoen alkoholaren eta parrandaren gaia, Udako gaua hirian alean ikus daitekeen bezala».

Nakahara da Munduko Poesia Kaierak bilduman euskaratu duten Asiako lehen egilea,«eta poztekoa» deritzo Sarasolak. Hiromi Yoshida euskara irakasle japoniarrak egin du itzulpena, eta hark Jose Luis Otamendi idazleak emandako laguntza eskertu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.