Donostiako 60. Zinemaldia

Zazpi gomendio, zazpi iritzi

2012ko irailaren 22a
00:00
Entzun
ASIER ALTUNA Zinemagilea

Filma hautatzeko arrazoia.

Gero aretoetan egongo ez diren filmak ikusten ditut normalean Zinemaldian, baina Amour ikusteko gogo handia neukan. Lehenengo eta behin, Ramon Agirrek parte hartzen duelako. Casting-erako eskatu zizkioten bideoak egiten lagundu genioin Ramoni, eta oso pozgarria izan zen filmean parte hartuko zuela jakitea. Gainera, Hanekeren zinema oso gustukoa dut. Caché ikusi nuenean, harritu egin ninduen, azkena ere ikusi dut… Oso pelikula soilak egiten ditu, ederrak benetan…

Aurreikuspenak bete ditu?

Lehen esan dudan bezala, Hanekeren zinema asko gustatzen zait, eta banekien film gordina eta ondo egina ikusiko nuela. Alde horretatik, esan daiteke baietz, aurreikuspenak ondo bete dituela filmak, inolako dudarik gabe. Asko gustatu zait filma, eta oso gustura atera naiz aretotik.

Nabarmentzeko zerbait.

Aktore emakumezkoaren lana batez ere, Emmanuelle Rivarena. Izugarria da, oso ona. Jean-Louis Trintignanten kasuan, pertsonaia bera da izugarria, indar handikoa; aktorea ere ere oso ondo dago, baina pertsonaiak berak duen indarra da harrigarria.

Akatsik topatzekotan...

Luze samarra egiten da hasieran, luzeegia aukeran. Filmean sartzen zarenerako denbora asko joan da. Inolako akatsik topatzekotan, horixe, besterik ez.

Gogoan gordetako sekuentzia.

Batez ere gizonak —Jean-Louis Trintignantek— emakumeari —Emmanuelle Rivari— zaplaztekoa ematen dionekoa. Oso benetakoa delako. Niri asko gustatu zait.

Nori gomendatuko zenioke.

Edozeinek ikusi eta edozeini gustatzeko moduko pelikula dela uste dut, oso ona delako. Bereziki zaharren errealitatea gerturik ezagutzen dutenentzat izan daiteke interesgarria, nahiz eta, beharbada, pelikulatik ateratako ondorioa ez den izango oso atsegina batzuentzat. Gutxitan ikusi dut zineman gai hori hain modu errealean tratatua. Eta, azken batean, lantzen duen gaia, zahartzaroarena, denoi dagokiguna da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.