Michael Culbert. Coisteko eleduna

«Herritar baino ez dugu izan nahi, preso ohi izateari utzita»

Ipar Irlandako preso ohien gizarteratze prozesuaren berri eman du Culbertek Foro Sozialean. «Harrigarria» zaio Espainiaren jarrera; uste du ez dela ari «borondate onez».

jon olano
Donostia
2018ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
IRA Irlandako Armada Errepublikanoko 25.000 preso ohi hartzen ditu Coiste elkarteak, eta horren koordinatzailea da Michael Culbert (Belfast, Irlanda, 1949).

Zein da Coisteren rola Irlandako bake prozesuan?

IRAko preso ohiek muga asko dituzte euren eguneroko alor ugaritan; esaterako, enplegua lortzeko zailtasunak dituzte, eta horri lotuta daude gizarte segurantza, etxebizitza... atzerrian bidaiatzeko ere debekuak izaten dituzte... Horietan laguntzea da gure zeregina. Ostiral Santuko Akordioan, duela hogei urte, adostu zen gerraren ondorio guztiak konponduz joatea, baina ez da horrela izaten ari. Erresuma Batuak ez du gertatutakoa gerratzat, barne gatazkatzat baizik, eta, beraz, DDR prozesua —armagabetzea, desmobilizazioa eta gizarteratzea, ingelesezko sigletan— erdizka baino ez da gauzatu.

DDR protokoloa aipatu duzu, eta gizarteratzea da azken atala.

Ez diogu berrintegrazio esaten, gizarteratze baizik, gu sekula ez ginelako egon gure komunitatetik kanpo. Gu beti aritu ginen gure komunitatearen parte gisa. DDRk eragin behar du egitura politikoak sortzea, egitura militarrak desegitearekin batera.

Nola gauzatu zen Irlandan?

Ostiral Santuko Akordioak nazioarteko aitortza du; bertan adostu zirenetako batzuk izan ziren presoak epeka askatzea eta atzerrian zeudenak itzultzea. Gainera, Europako Batasunak diru laguntzak eman zituen bake prozesua sustatzeko, eta Coisteko hamabi bulego zabaldu ahal izan genituen, gizarteratze horretan laguntzeko.

Nola ikusten duzu Euskal Herriko prozesua?

Esan beharra dago irlandarrok zortea izan genuela, bake prozesuaren atzean Ameriketako Estatu Batuak zeudelako. Horrek modua eman du Erresuma Batuko Gobernuari nazioartetik presio egin ahal izateko bake prozesuaren alde, baina, tamalez, hori ez naiz ikusten ari Euskal Herrian. Harrigarria iruditzen zait zein jokabide oldarkorra duen Espainiako Gobernuak euskal prozesuarekin; ez da ari borondate onaren printzipioekin. Hala ere, euskal herritarrak zoriondu behar ditut, zailtasunen gainetik egindako bideagatik.

Coisteren zereginetako bat da Ipar Irlandako bake prozesua bultzatzea. Nola?

Gure lana da herritarrei narratiba bat ematea, besteak beste, erori ez daitezen zenbait hedabideren kontakizunean. Jendeak ezagutu behar du nondik gatozen jakiteko non gauden. Guk ez dugu gezurrik esango. Haien narratiba da haiek zuzen zeudela, ez zutela ezer oker egin eta gu terroristak garela. Gure kontakizuna da kolonialismoa ez dagoela ondo, armen bidez borrokatu ginela, eta horrek ez zuela funtzionatu, eta politikoki lehiatu beharra dagoela.

Ipar Irlandako gatazkagatik preso dauden soldadu britainiarrei amnistia emateko aukera mahai gainean dago. Zer deritzozue?

Alderdi Kontserbadoreak DUPen botoak behar ditu Westminsterko parlamentuan, eta loialisten eskakizuna da hori. Ez zaigu bidezkoa iruditzen soilik haien soldaduei amnistia ematea; tamalgarria da hori gertatzea Ostiral Santuko Akordioetatik hogei urtera. Legeak berdina izan behar du denentzat, baina moralki gainetik daudela uste dute. Proposamenak erakusten du bakea prozesu bat dela. Guk preso ohi izateari utzi nahi diogu, eta herritar baino ez izan, berdintasunean. Gerra amaitu zen. Iragana gainditu beharra dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.