Irakin tantak

Igandean bete ziren 50 urte Parisko Arte Ederren Eskola okupatu eta 68ko Maiatzaren faktoria artistiko bihurtu zutenetik. 'Herri Atelierra' deitu zioten. Ehunka afixa ekoitzi zituzten han, eta haietatik zenbait ikusgai daude orain Zarautzen.

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
Zarautz
2018ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Frantziako iritzi publikoa astintzea, bor-bor zegoen ikasle eta langile mugimenduaren alde; prentsa idatzia, irratia eta telebista kontrolatzen zituen gobernuaren kontra. Horixe zuten helburu, 1968ko maiatzaren 13an, Arte Ederren Eskolako Brianchon aretoa okupatu zuten ikasle eta beharginek. Frantzia osoa geldirik zegoen greba orokorraren eraginez; ikasleek Sorbona hartua zeukaten; arteak iraultzan zuen egitekoaz eztabaidatzen ari ziren Edgar-Quintet anfiteatroan; eta auzo latinoa sutan zegoen. Testuinguru horretan bihurtu zuten Sena ibaiaren ezkerraldeko eraikin okupatu berria 68ko Maiatzaren faktoria artistiko. Hasierako okupatzaileei artista plastiko, idazle eta irakasle ezagunak batu zitzaizkien.

Prentsa litografikoan inprimatu zituzten lehen afixaren 30 kopiak. Hasieran, kopiok saltzeko asmoa zuten, diru iturri gisa. Usines Universites Union (Fabrikak Unibertsitateak Batasuna) irakur zitekeen lehen lan hartan, Gerard Fromanger artistaren arabera. Kopiak ez ziren sekula galeria batera heldu, baina, bidean ikasle batzuek hartu eta paretetan itsatsi baitzituzten. Biharamunean, Guy de Rougemontek proposatu zuen serigrafia erabiltzea litografiaren ordez, askoz kopia gehiago egin ahalko zituztela argudiatuta. Tailerraren arduradun izendatu zuten. Faktoria abian zen; 100dik gora artista —zenbaitek 300era igotzen du zenbakia— aritzen ziren bertan, eta ekoizpenak ez zuen etenik. Goizeko batzarrean eztabaidatzen ziren mezuak, arratsaldekoan irudiak, eta, ondoren, kate sistema erabiltzen zuten tailerrean, marrazteko, tindatzeko, ebakitzeko, kaleak papereztatzeko. Kaleak izan zituzten erakustoki, paretak marko, papera euskarri. Mezu zuzenak, irudi ulerterrazak. Kolore bakarra nahikoa, zuritasuna kritikatzeko.

48 tanta ikusgai

400 bat afixa. 500.000 kopia inguru. Sei aste iraun zuen irakinaldiak. Ekainaren 27an, Poliziak hustu egin zuen Atelier Herritarra. Hango artisten lanabesak, paperak, denak, txondor batean pilatu zituzten, eta gobernukoek armak eta aiztoak aurkitu zituztela zabaldu zuten. 10.000 bat pertsona pasatu ziren tailer hartatik. Arrantzaleak, beharginak, kazetariak, denak borroka propioei kolektiboki erantzuteko mezu baten bila. Irakinaldi haren lurrun tantak legez, 48 afixa heldu dira Zarauzko (Gipuzkoa) Photomuseumera, 68ko Maiatzeko kartelak erakusketarekin. Paul eta Annie Azoulay bildumakoak dira ale guztiak.

Erakusketari testuingurua emateko, 68ko Maiatzaren inguruko kronologia txiki batekin hasten da bisitariari proposatzen zaion ibilbidea. Lehenik, martxoaren 22an ikasleek Nanterreko unibertsitatea okupatu zutenekoa aipatzen du. Nazioarteko testuingurua ere aipatzen du, ezinbestean.

Testuinguruak testuinguru, afixek erakartzen dute bisitariaren arreta. Ia denak daude sinatuta Atelier Herritarraren zigiluarekin. Faktoriak iraun zuen bitartean, zigilua bera ere itxuraldatu zen, ikusgai dauden lanek erakusten dutenez. Bakarrak dauka egilearen sinadura —faktoriako lanak kolektiboak ziren, gaizki ikusten zuten norbanakoen nabarmentzea—: Daniel Cohn-Bendit ikasle buruzagia ageri du afixak, Denok gara juduak eta alemaniarrak leloarekin. «Randillac. Lehen bertsioa. Atelier Herritarra» dago idatzita behealdean, eskuinean. Bernard Randillacena da, bistan denez.

Mezuak

Sinadurak alde batera utzita, afixotan estilo eta gai anitz biltzen dira. Marra finez egindako marrazkiak, kolore mantxa handikoak, hitz hutsez sortutakoak, komikitik gertu ageri diren proposamenak, lan figuratiboak... Tinta beltza da nagusi, baina urdina, gorria eta berdea ere ikus daitezke lanotan. Ironia fina, gordintasun latza, umore beltza, baikortasun beroa, amorru bizia... 68ko Maiatzeko aldarte desberdinak suma daitezke bertan.

Frantziako presidente Charles De Gaulle behin baino gehiagotan ageri da: gazteei ahoa ixten, hexagonoa estutzen, gaiztakeria gorpuzten. Ugari dira manifestarien aurka oldartu ziren segurtasun indarren lana kritikatzen duten afixak ere, Adolf Hitlerren SS-ekin alderatzeko, jopuntuan jartzeko. Badira jatorri, fabrika eta sektore bateko zein besteko langileen batasunaren eta ekimenaren aldeko proposamenak ere. Eta mobilizazioetan hildakoen aldeko mezuak. Eta «21 urtetik beherako gaztea, hemen duzu zure bozka papera», kaleko harri baten irudiaren ondoan idatzita. Eta «Burges hori, ez duzu ezer ulertu». Eta «Nik parte hartzen dut, zuk parte hartzen duzu, hark parte hartzen du, guk parte hartzen dugu, zuek parte hartzen duzue, haiek baliatzen dira». Eta «Psikiatria poliziala salatzen dugu!!» ospitalera doan anbulantziaren gainean. Hedabideen rolari buruzko gogoetak ez dira gutxi. Lan ugaritan salatzen den beste gai bat: hedabide publikoak eta prentsa boterearen menpeko eta toxikazio iturri dira. Ibilbidea itxiz, irakinaldiaren azken tanta: langile talde baten itzal beltza, eta borrokak badirau leloa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.