Sansebastianak. Donostia

Donostiak ez du Urrezko Danborrik emango, adostasun falta dela eta

Angels Barceloren hautagaitzak ez du babes nahikoa lortu Donostiako Udaleko udalbatzan

Donostiako Udaleko zinegotziak atzoko udalbatzan, abstentzioa adierazten. PSEk ez zuen parte hartu. IRUTXULOKO HITZA.
Ander Perez Argote
2017ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Donostiako Udalak eman gabe utziko du aurtengo Urrezko Danborra, atzoko udalbatzak erabaki zuenez. Donostia Turismok Angels Barcelo kazetariaren hautagaitza aurkeztu zuen astelehenean, PSEk eta batzordea osatzen duten turismo alorreko enpresek hala erabakita. Hautagaitzak, edonola, udalbatzaren gehiengo osoaren berrespena behar zuen. Atzoko udalbatzan Barceloren deia jaso zutela jakinarazi zuen Ernesto Gasco PSEko zinegotziak. Azaldu zuenez, kazetariak hautagaitzari uko egiteko asmoa azaldu zuen, saria emateko adostasunik egon ezean. Egoerari aurre egiteko, eta nahikoa kontsentsu ez zela ikusita, bozketa bertan behera uztea eskatu zuen Gascok. Eneko Goia alkateak, ordea, uko egin zion horri, hark albiste horren berririk ez zuela argudiatuta—gobernukide dira EAJ eta PSE—. Bozketan, abstentzioaren alde jo zuten EAJk, EH Bilduk, PPk eta Irabazik. PSEk, aldiz, ez zuen parte hartu. Horrenbestez, 2017ko Urrezko Danborra ez ematea onartu du Donostiako Udalak.

72 ordu eskas iraun du Angels Barceloren hautagaitzak. Astelehenean jakinarazi zuen Donostia Turismok izendapena. Hamabi ordezkari ditu batzordeak, sektore pribatuarenak bost , eta publikoarenak beste zazpiak (EAJk 2, PSEk 2, EH Bilduk 1, PPk 1 eta Irabazik 1). PSEk Angels Barceloren hautagaitza babestu zuen, alor pribatuko ordezkariekin batera (7 boto). Gainerako talde politikoek,aldiz, Irabazik aurkeztutako Alicia Amatriain dantzariaren hautagaitzaren alde egin zuten (5).

Eneko Goia alkateak eman zuen Donostia Turismoren erabakiaren berri, eta, besteak beste, Barcelok Donostiarekiko duen «gertutasuna eta maitasuna» nabarmendu zituen, saria emateko arrazoi gisara. Era berean, kazetariak Donostiatik bi irratsaio egin izana azpimarratu zuen.

Jakinarazpenak ika-mika piztu zuen Donostian: EH Bilduk, PPk eta Irabazik —Barceloren ibilbide profesionala ezbaian jarri gabe— ez zuten begi onez ikusi izendapena, eta zalantzan jarri zuten kazetariaren eta hiriaren arteko lotura. Hautagaitzak, gainera, kontrako mezu ugari eragin zituen sare sozialetan. Gascok, berriz, izendapenaren alde egin zuen, eta Urrezko Danborrak, inor aitortu baino gehiago, «hiria promozionatzeko» helburua duela nabarmendu zuen. Alde horretatik, eta Donostiako turismo merkatu nagusiak Katalunian eta Madrilen daudela kontuan hartuta, Barcelo egokia zela nabarmendu zuen PSEko zinegotziak: Kataluniakoa da, eta Madrildik egiten du SER kateko bere irratsaioa.

Oposizioaren kritikak

Azkenean, edonola, aldeko boto bakar bat ere ez du jaso Barceloren aldeko hautagaitzak, eta hortaz, bertan behera geratu da sari ematea. Oraingoarekin, hiru dira Urrezko Danborra banatu gabeko urteak, Donostiako Udala 1967an saria ematen hasi zenetik. 1984an, Ramon Labaien alkate zela, EAJ bakarrik geratu zen aitortza Albako dukeei emateko erabakian. HBk, PSEk eta Euskadiko Ezkerrak erabakiaren kontra egin zuten, eta abstentziora jo zuen Aliantza Popularrak.

2003. urtean, bestalde, La Oreja de Van Gogh taldea omentzea proposatu zuen Odon Elortza alkateak, baina ez zuen nahikoa babesik lortu. Orduko kasuei gehituko zaie aurtengoa ere.

Donostiako Udaleko oposizioak kritikaz hartu du udal gobernuak Urrezko Danborrerako izendapenaren inguruan izandako jarrera. EH Bilduk hautagaitzak eragindako «esperpentoa» salatu, eta gobernuak Barcelorekin, beste hautagaiekin, sariarekin eta donostiarrekin «errespetu falta» izan duela kritikatu du. Koalizio abertzaleak, gainera, Eneko Goia alkatea egin du egoeraren arduradun, halakoetan «lidergoa eraman behar duelako, udal taldeekin eta Donostiako ehun sozialarekin hitz egin behar duelako, adostasunak bilatu behar dituelako, eta ez duelako halakorik egin, nabaria denez». Era berean, PSEren eta EAJren arteko «koordinazio falta eta inprobisazioa» kritikatu ditu EH Bilduk: «Bi gobernu daudela dirudi».

Irabaziren ustez, «penagarria» izan da saria kudeatzeko modua. Koalizioaren ustez, gertatutakoak udal gobernuaren «kudeaketa negargarria» erakusten du. «Gobernukideen artean ere ez da adostasunik egon». Era berean, Urrezko Danborra emateko modua aldatzea proposatu du Irabazik, «herritarren adostasun handiena bermatzeko».

Eneko Goia alkateak «barkamena» eskatu zion atzo Barcelori, baina udalbatzak hartutako erabakia «egokia» dela defendatu zuen, herritarrek —onartu zuenez— ez baitute kazetariaren hautagaitza ulertu. Ernesto Gascok, berriz, «hutsak» egon ahal izan direla aitortu zuen atzo, baina borondate txarrik ez dela egon nabarmendu zuen.

Urrezko Danborrak ez bezala, udalbatzaren adostasuna jaso zuten atzo Donostiako hiritar merezimenduaren dominetarako hautagaiek. Minbizia duten umeen gurasoen Gipuzkoako elkarteak, Altzako Javier Hernaez erretoreak, Kemen ezintasunak dituzten pertsonen kirol klubak, Uliako Gimnastica klubak eta 1982an haur danborradan lehen aldiz danbor eta barril jotzaile erara aritu ziren bederatzi neskek jasoko dituzte aitortzak. Urtarrilaren 20ean banatuko dituzte dominak, Urrezko Danborra emateko egin ohi den ekitaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.