Hungariaren ostean, zer?

2016ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Hungariako herriak ezetz esan dio Orbani. Ez duela errefuxiatuenganako politika xenofoborik nahi. Egia da erreferendumean parte hartu dutenen % 100ek baiezkoa eman dutela. Baina populazioaren % 43k parte hartu du erreferendumean. Asko da. Baina bestalde, kontuan hartzeko datua da populazioaren % 57k bizkarra eman diola, ez dagoela bide hori jarraitzeko prest. Alegia, gizarte zibila mobilizatu egin da eta xenofobiaren oldarraldi honen aurrean itxaropenari lekua egin dio.

Orban hautesleen sostengua galtzen ari zen momentuan etorri da erreferenduma. Oker deituriko errefuxiatuen krisia ezin hobe datorkio alderdi populistaren liderrari. Zeozer egin behar zuela pentsatuko zuen Orbanek, bere eskuin muturrean Jobik alderdia ari zaionean lekua kentzen.

Testuinguru horretan zera dugu; batetik, EBren laissez faire jarrera. Zergatik ez du EBk jarrera irmo bat erakutsi eta zuzenean mugak jarri bere balio eta hitzarmenak ukatzen dituen ekintzari? 1999an Austriako Gobernura Heider ultraeskuindarra iritsi zenean hala egin zuten. Ez oraingoan.Orbanek agerian utzi duena da EBren proiektu politikoaren gainbehera.

Hungarian, adibidez, hamar milioi biztanle dira, eta 4.000 errefuxiatu bizi da han, etorkinik apenas. Populazioaren % 1,4 dira. EBko kopuru txikienetakoa. Baina Orbanen kanpainan era honetakoak entzun dira: ba al zenekien Parisko atentatugileak etorkinak zirela? Brexit-aren kanpainan ikusi dugun bezala, eskuineko populismoak zurrumurru eta gezurretan oinarritzen ditu bere argudioak. Baina gorrotoaren diskurtsoa zabaltzen doa. Diskurtso hori ez du bakarrik eskuin muturrak zabaltzen. Sami Nair politologoak argi azaldu du: EBk errefuxiatuen dramaren kudeaketarekin, gorrotoaren diskurtsoa zabaldu eta legitimatu du. Horietatik datoz populazioaren jarrera xenofoboak eta biolentzia, erasoak, gorroto-delituak. Batasunaren jarrerak, baita neurriek ere, joan den irailean gizartean egon zen mobilizazioa eta elkartasun-indarra asko zapuztea ere lortu du.

Baina datuen arabera, EBren Barne Produktu Gordina munduko handiena da. 510 milioi pertsona bizi dira han. Beharrezkoa al zen krisi humanitarioetatik ihesi zetozenei trabak jartzea? Kupoak ezartzea? Kupo horiek ezartzeko irizpideak ez ziren, agian, okerrak: herrialde bakoitzeko BPGa, langabezia tasa eta biztanle-kopurua hartu dira kontuan. Baina, guztira, 2017ra bitarte, 160.000 pertsona hartzea erabaki zen 2015eko irailean. Libanok, Siriaren ondoan, lau milioi biztanle ditu. Eta milioi bat siriar hartu ditu.

Europako Batzordearen datuen arabera, kupo horietatik, 2016ko urrira arte 5.651 pertsona birkokatu dituzte (% 3,5) Italia eta Greziatik, EBko beste herrialdeetan. Estatura 363 lagun ekarri dituzte. Hungaria, Danimarka, Austria eta Poloniak ez dute alerik ere hartu oraindik.

EBren proiektu politiko bateraturik eza agerian, herrialdeek politika nazionalak bultzaten dituzte, immigrazioaren kontrol-politika geroz eta gogorragoak, europar gotorlekua indartuz, Schengengo ituna ere kolokan jarriz. Frantziako eta Belgikako atentatuen ondotik, Schengen ez da mantendu, batzuk bere bukaera iragarri dute. Again bila genezake guzti honen aurrekari bat: 2010ean Sarkozy Frantziako presidente zela Errumaniara kanporatu zituen ehunka ijito errumaniarrena. Garai hartan ere, Viviane Reding, EBko Juztizia komisarioak esan zion Sarkozyri hura naziek juduekin eginiko deportazioetatik gertu zegoela. Baina orduan ere Europar Batzordeak ez zuen ezer egin. Eta giza eskubideen noraeza bere horretan da.

Orain, Calaisen 11km-ko hesia eraiki dute. Hungariak ere berdina egin zuen. Zeuta eta Melilla EBren laborategia izan da kontrol-politiken neurri berriak aplikatzerakoan, alegia, berehalako eta bermerik gabeko kanporaketak, Maroko EBren gendarme-lanetan jartzea... Berriki Turkiarekin sinatu den akordioaren aurrekaria. Merkelek eskatu du antzeko akordioak bultzatu behar direla EB kanpoko beste herrialdeeekin. Tamalez, Merkelek ere beste politika bat egitearen ondorioei beldurra dio. Kontuan hartzekoa da berak ez zuela Dublingo protokoloa aplikatu azken urtean eta 450.000 errefuxiatu hartu dituela Alemaniak 2015ean. Eta ez omen da damutzen horretaz, baina iragarri du Alemaniak ezin duela bide horretan jarraitu. Zerikusirik izango ote du AFD ultraeskuineko alderdiak azkenaldian izan duen gorakadak? Hori baita ultraeskuinaren eta populisten indarra. Gehienak ez daude boterean, Orban salbu, baina besteen politika eta agendak baldintzatzen dituzte. Eta botoak jokoan daudenean, alderdi askok beren egiten dituzte mezu eta programa xenofoboak. Horren erakusle dira Frantzia, Ingalaterra, Danimarka, Polonia, Hungaria, Txekia, Eslovakia. Azken lau hauek osatzen duten Visegradoko taldea. Europa Ekialdeko herrialdeok ere EBko kide dira. Eta bat datoz EBk eskaintzen dizkien merkatu eta abantaila ekonomikoak jasotzarekin. Adibidez, Hungariaren BPGaren % 4 EBtik jasotako dirulaguntzek osatzen dute. Aldiz, ez dute proiektu politikoarekin bat egin nahi. Subiranotasun nazionala aldarrikatzen dute, EB edukiz hustuz.

Bitartean, babesa behar dutenak Europako harresien kanpoaldean daude. 2016ko bigarren hiruhilekoan 306.00 pertsonak eskatu dute asiloa. Estatu espainiarrean %37 igo da eskaeren kopurua: 3.970 eskaera. EBek hartzen dituenen % 1,3, 86 pertsona milioi biztanleko. Eta herrialdeka, asilo-eskaera onartu zaie Venezuelako 870 laguni (% 22), Siriako 865i (% 22) eta Ukrainako 705i (% 18) Kopuru horiek ere zeozer esaten digute Estatuak asilo-eskubidea aplikatzeko duen moduari buruz. Eta EB barnean, berriki eginiko ikerketa baten arabera, biztanleek nahiago dituzte errefuxiatu kristauak musulmanak baino. Islamofobia hori ere ez da nolanahi sortzen. Zenbatetan eta zenbati entzun diegu, gure politikarien arten ere, terrorismoa eta islama lotzen? Gure gizartean integraezinak direla esaten? Orban ez da horrelakoak esaten dituen ez bakarra, ez azkena izango.

Aurrera begira, Orbanek iragarri du Jobiken laguntzarekin konstituzioa aldatuko duela eta erreferendumaren emaitzarekin aurrera egingo duela. Eta galderak airean daude. Batetik, zabalduko ote dira horrelako neurriak beste herrialdeetara? Bestetik, zergatik onartu du EBk halako erreferendum bat? Erakutsiko al du jasaten duen paralisia eta gainbehera zuzendu dezakeela? Bitartean, kontrolean eta kanporazioetan oinarrituriko migrazio-politiken emaitzak zeintzuk diren ikusten jarraituko dugu: Migrazioen Nazioarteko Erakundearen (IOM) arabera, iaz 3.615 lagun hil ziren Mediterraneoa zeharkatu nahian. Aurtengo bigarren hiruhilekora arte 3.502 lagun ito dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.