Euskal kulturaren prestigioa, denon lana

Aizpea Goenaga
2016ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Badakit euskal kulturaren inguruan eztabaida sakonak eta ikuspegi asko egon badaudela, izan ere, euskal kulturak gure gizartearen irudia eskaintzen baitu, gure herriaren adierazle nagusienetakoa delako. Eta, batez ere, gure kultura gizarte osoaren ondare da. Ondare bizia, bizi dugun aniztasuna islatzen duena. Gurea bezalako errealitateetan gauzatzen den sorkuntza benetan aberatsa da, eta gure herriko kulturak ere ez du aurpegi bakarra. Euskara sorkuntza-hizkuntza duten adierazpen artistikoek berezko begirada eskaintzen diote munduari, ezinbestekoa. Eta gurean bada gaztelaniaz edo frantsesez egindako sorkuntza ere, edota hitzik gabe gure kulturan errotzen dena, edota sustrai jakinik gabe garatzen den artea, edota nazioarte mailan gure sortzaileek eraikitzen dutena. Ekoizpen herrikoiak zein sorkuntza garaikide aitzindarienak; denek osatzen dute gure kultura, adierazpide horien guztien ezaugarri partikularrek osatzen baitute gure gizartearen arnasa.

Euskaraz ari diren gure sortzaileak eta sormen hori bultzatzen duten eragileak dira funtsean gure kulturaren eta hizkuntzaren garapenaren bermatzaileak. Gure gizartearen zutabe dira, gehienetan hala ikusten ez baditugu ere, eta nahitaezkoa da euskal kulturaren transmisioa bermatuko duten bideak haiekin batera urratzea. Euskaraz sortzen duten horiek, gainera, gure gizartearen baitan irlatxotan sakabanatuta daude, beste hizkuntza hedatuago baten erdian, egoera horrek sor ditzakeen gorabeherei «normaltasunez» erantzunez.

Maiz entzuten dugu Euskal Herriaren txikitasunak kontrastea egiten duela gure artisten mailaren handitasunarekin. Izan ere, hartzaile-masa kopuruak ez du sorkuntza mugatu; baina, kontuz,etorkizunean sortzaileek beharrezko duten askatasuna hipoteka dezake. Horregatik da hain garrantzitsua sorkuntzarako eta zabalkunderako baldintza eta estrategia komunak sustatzea eta hartzaileekiko konplizitatea lantzea. Bai euskal gizartea elikatzeko eta baita gure gizartea sorkuntzaren bidez munduarekin harremanetan jartzeko ere.

Badakigu zein den kulturgintzak gizartea egituratzeko, bateratzeko, garatzeko eta baloreak eta ideologia zabaltzeko duen gaitasuna. Baina, era berean, merkatuen legearen araberako testuinguru lehiakorrean bizi da gaur euskal kulturgintza. Teknologiek, gainera, adierazpen artistikoei eta zabalkundeari aukera eta erronka berriak ekarri dizkien aro berri batean murgildu gaituzte. Eta etorkizuna hain zabal datorrelako du euskal gizarteak, hain zuzen, kultura eta sorkuntza inoiz baino beharrezkoago.

Garai erabakigarri hauetan politika publikoek euskal kulturari begiratzen dioten modua oso garrantzizkoa da. Horregatik erabat ezinbestekoa da koordinazioa, helburuak adostea eta egitekoen banaketa eraginkorra lantzea. Ez erakundeen ospea hanpatzeko, baizik eta gure sortzaileen adierazpenerako espazioa eta askatasuna bermatze aldera. Ezbairik gabe, sortzaileek euren lana garatzeko behar dituzten baldintza egokiak bultzatzeak bakarrik ekar dezake euskal kulturgintzaren maila goratzea. Eta horretan erakunde publikoek dute giltza, gizartearen inplikazioarekin.

Erakundeek, eragileek eta artistek badute elkarren arteko beste zeregin garrantzitsu bat: euskal kulturarekiko zaletasuna bultzatzea; eta horrek ere epe luzera begirako egitasmo bat garatzea eskatzen du. Eredu berriak sortu behar dira hartzaileen identifikazioa eta konplizitatea lortzeko: ezin dira erosle edo kontsumitzaile soilak izan, hartzaile konbentzituak baizik. Euskal kulturaren kritikatzaileak baino zale kritikoak behar ditugu. Aktibismo engaiatu hori egon badago gizartean, baina bizi-bizirik mantentzeak etengabeko lana eskatzen du; eta indartu eta zabaldu beharra dago.

Hedabideetan eta sareetan kontzientzia hori bera ere erein behar da, gure gizartearen izanetik izango garena helburu dugula. Telebistak, esaterako, eredu berriei erantzun behar die, gure kulturgintzari ikusgarritasuna emanez; sareetan duen presentzia ere mantendu eta indartu egin beharra dago, etengabeko eraldaketei adi. Eta batez ere, gure kulturaren kontsumoa bermatuko duten eredu berriak sortzen asmatu behar dugu, guztion partaidetzarekin, testuinguru lehiakor honetan euskal sorkuntzak dagokion presentzia eta zabalkundea izan ditzan.

Kultura etengabeko erronken aurrean bizi da, horixe baita bere esentzia; horregatik egindakoa ez da inoiz nahikoa izaten, beti dago asko egiteko. Eta aurrera egite horretan behar-beharrezkoa da baita ere baliabideak bideratzea, jada ditugun azpiegiturak egokitzea, gure sortzaileei eta gure kulturari prestigioa ematea, kulturarekiko eta artearekiko maitasuna transmititzea, eragilea izango den industria laguntzea, emakumeen begirada bermatzea, euskal kultura eta kultura vasco-aren arteko harremanaz hausnartzea... Guzti horrek, gure herriaren identitateari arnasa emateaz gain, munduan jarriko gaitu modu natural batean.

Ospe, maitasun eta zaletasun horiek lortzeak sukaldeko lan handia eta plangintza zehatza eskatzen du, noski. Baina egindako inbertsioa ez da artistek jasotzen dituzten txaloekin edo sariekin amaituko, datozen belaunaldiei hori bermatuko duen bidea erakustea baita azken helburua.

Izan ere, kultura eta sorkuntza ez dira garestiak, beharrezkoak baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.