Albistea entzun

Fortunato Agirre Lizarrako alkatea gogoan

Josu Chueca - EHUko Historia, Garaikideko irakaslea

2016ko irailak 29

Fortunato Agirre Lukin Arellanokoa genuen. Nafarroako Lizarraldean, Jurramendiko magaletik Erribera aldera begira dagoen herrixkan jaio baitzen Gamazadaren urtean, 1893an, hain zuzen ere. Fraide eta maisu ikasketak burututakoan, Iruñean hainbat urte igaro ostean Lizarraratu zen, hainbat anaiarekin enpresa lanei ekiteko, baita familia zabala (Fidelita, Jose Miguel, Juliantxo, Miren, Mikele) Elbira Aristizabalekin sortzeko ere.

Baina bere jardun politikoa zela medio, Lizarrako alkatea bezala, oso ezagun bihurtu zen Errepublikako urteetan eta horrela gelditu da oroimen historiaren eremuetan. Egako hirian ez zuten gehiengoa lortu euskal nazionalistek 1931ko apirilaren 12ko hauteskundeetan. Izan ere, 9 monarkikoen atzetik, 4 zinegotzi eskuratu zituzten, udal oposizio gutxiengo bakarra osatuz. Baina oinarrizko lanetan hasieran eta, batez ere, gero eta latzagoa izan zen lan krisiari aurre egiteko nabarmendu zirelako, 1933ko apirilaz geroztik, udal aginte makila eskuratu zuten Fortunato Agirreren eskutik.

Euskal Autonomi Estatutu bezalako goi mailako politikaren helburuez gain, oinarrizko arlo politikotan zein kulturaletan buru-belarri aritu zen Fortunato Agirre erregimen errepublikanoak indarrean iraun zuen bitartean. II. Errepublikaren hasieran, abiatu zen ekimen autonomiazalean, esate baterako, berak jardun zuen Jose Antonio Agirrerekin batera, Lizarrako 1931ko ekainaren 14ko asanbladan zein mitinean, anfitrioi eta hizlari gisa, Estatuto General del Estado Vasco delakoa onartzeko. Era berean, Nafarroan sortu zen hirugarren euskal eskola, Lizarrakoa alegia, Euskal Hizkuntzaren aldeko Batzordearen bitartez arrakastaz bultzatu zuen orduko zinegotzi lizarratarrak.

Alkatetza eskuratu zuenetik, herrian zegoen langabeziari aurre egiteko, lan publiko zenbait martxan jarri zituen alkate jeltzaleak. Eskumak izandako ezintasuna alboratuz, bere eraginez, Zalatanborren azpitik doan saihesbidea, tunela eta zubia eratu zituzten langileek, beste proiektu batzuk Agirrek prestatzen zituen bitartean. Baina ez zuen zeregin errazik izan, ezta Errepublikako urtetan ere. Izan ere, 1934ko irailean, Alkateen Mugimenduarekin bat egin zuelako, gobernadore zibilak desjabetu egin zuen, 1936ko otsaileko amnistia zela medio, alkatetzara berriro itzuli zen arte.

Urte horretako udaberrian, eta Fronte Popularraren garaipenaren ostean, Euskal Autonomi Estatutuaren proiektuak aurrera jo zuen testuinguruan, berriro ere gure Agirre, Lizarratik, saiatu zen nafar udalek bat egin zezaten Euskal Autonomiaren aldeko ekimen berritu horrekin. Arrakasta izan zezakeen jardun horrek, Fronte Popularreko buru nafar guztiek, berandu bazen ere —1936ko ekainaren 15ean— eskabide hori berea egin zutelako. Baina, ezaguna denez, gerrak egitasmo horiek guztiak bertan behera utzi zituen, odolez eta indarrez amatatuz.

Gerra hasi eta bi hilabetera Madrilen eta Bilbon onartu eta Gernikan indarrean jarri bazuten ere, eragina bakarrik Bizkaira eta Gipuzkoako Eibar-Elgeta aldera mugatu zen. Nafarroa bere osotasunean, uztailak 18az geroztik, eskuma faxisten eta militarren menpe zegoen erabat. Horrek ez zuen oztopatu, alderantziz baizik, errepresio latz bezain orokorra aurrera eramatea, lehen unetik bertatik. Uztailaren 18ko arratsaldean, gerraren lehen biktima, Jose Rodriguez Medel Guardia Zibilaren komandantea izan zen, bere menpekoek, Iruñeko kuartel nagusian eraila.

Beraz, Emilio Molaren Gerra deia kaleratu baino lehenago, egun horretako ilunabarrean, Arellanon bertan, Lizarraldeko falangista talde batek Fortunato Agirre ere atxilotu egin zuen. Lizarrako kartzelan bi hilabete luze igaro ostean, berak izandako eskuzabaltasun politikoari ankerkeria hotzez erantzun zioten. Alferrikakoak izan ziren familiaren aldetik bere askatasuna lortzeko egindako ahalegin guztiak. Izan ere, irailaren 3an faxistek alkatetzaz desjabetu zuten, baina ez ziren horrekin ase. Militar matxino horiek beraiek sustaturiko gerrak eragindako erresistentzia eta euskal nazionalismoaren errepublikarekiko jarrera leiala ez zituzten gogoko eta izua azken ondorioetara eramateko prest zeudela ere frogatu zuten.

Lizarran bertan, 1936ko irailaren 25ean, Ricardo Sanz Komandanteak kaleratutako pregoiak, argi eta garbi, euskal nazionalismoa zapalkuntzaren helburua zela adierazi zuen. Euskal Eskolako liburu, tresna guztiak errekisatzeaz gain, euskal folklorea eta hizkuntza jomuga zituen. Agur hitza debekatuz Gora Espainiaren garaiak zirela zioen. Militarrak eta faxistak horrelako mehatxu eta ahoberokeriez harantzago joateko prest zeudela nabarmen geratu zen hurrengo egunetan. Izan ere irailak 28an, Etxalar aldean atxiloturik zeuden Pedro Gorostidi, Miguel Hualde eta Juan Bautista Azpiroz jelkide iturindarrak erail zituzten. Hurrengo egunean Fortunato Agirre, Lizarrako kartzelatik atera zuten Taxoare aldera eramateko. Apaiz bat izan zuen bidaide eta aitorle, lehen kilometroetan, adieraziz kontrolpean egindako saca eta erailketa izan zela. Herri horretako hilerriaren ondoan erail zuten, gaur bezalako egun batean, irailaren 29an, duela 80 urte, Lizarrako alkatea 1920az geroztik, baina, bereziki, 1931-1936 bitartean, Euskal Autonomi Estatutuaren alde, euskararen alde, baita langile eta herri xumearen alde ere, nafar eremu zailetatik, gogoz eta jakitez borrokatu zena.

Egunotan, orduko Euskal Estatutu Autonomiaren gorazarre egiten denean, oroimen historikoaren lehen lerroan, duintasunaren historian, Fortunato Agirrek bere lekua izan beharko lukeelakoan nago.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.