Hezkuntzaren ebaluazioa bai, baina ez PISAren bidetik

BeƱat Amenabar Perurena
2016ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Azken egun hauetan argitaratu den PISA txostenak adierazten digu EAEko nerabeek ateratako emaitzek okerrera egin dutela; horrek hautsak harrotu ditu, eta, beraz, egun hauetan komunikabideek, adituek, irakasleek, gurasoek, kolore desberdinetako politikariek eta abarrek iritziak argitaratu dituzte. Hori guztia ikusita, Hezkuntza munduarekin harreman zuzenik ez duen edonork pentsa dezake txosten horrek adierazten duena benetan dela garrantzitsua sistemarentzat propio eta oro har etorkizuneko gizartearentzat.

Hasiera batean komeni da jakitea txostena bera OCDE elkarteak egiten duela (Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundea, euskaratuta). Erakunde horretako partaide dira hainbat estatu (35 zehazki), eta datu bat gehiago eransteagatik Estatu Espainoleko ordezkaria bertan, duela ez horrenbeste arte Espainiako Hezkuntza ministro izandakoa, Jose Ignacio Wert jauna da. Erakunde horrek egiten duen lana logika kapitalista eta merkatu balioen baitan garatzen da, beraz, eta egiten dituen azterketak lan merkatuarentzat beharrezkoak diren arlo, esparru edo konpetentziatan oinarrituko dira.

Datu horiek bakarrik ezagututa, nire zalantza guztiak mahai gainean jarriko nituzke txosten horrek ematen dituen emaitzak aztertu nahi izanez gero. PISAk etorkizunean merkatuan egon beharko liratekeen lan konpetentzien prospektiba egiten du bakar-bakarrik. Prospektiba horretan oinarrituko bagina hezkuntza sistema osoaren balorazioa egiteko, esango nuke akats larri bat egiten arituko ginatekeela, eta zer esanik ez hezkuntza politikak bultzatuko bagenitu PISA txostenean oinarrituta. Aldagai ekonomikoetan oinarritutako hezkuntza sistema bat garatu edo bultzatuko bagenu, euskal gizarteari kalte izugarria egingo genioke; azken finean, laneratzea eta pertsonen garapena ez dira gauza bera, eta hezkuntzaz ari garenean, batik bat, azken horretaz aritu beharko ginateke.

Txostenak bere baitan (horrela baitago diseinatua) etengabeko konparazio eta sailkapenak egiten ditu. Horrela badakigu, adibidez, EAEko hezkuntza sistema Singapurrekoaren azpitik edo gainetik dagoen Matematiketan eta baita ere Nafarroako eta EAEko ikasleen artean zein diferentzia dauden eta abar. Konparazioei dagokienez, uste dut ezin direla herrialde, lurralde, estatu eta abarren arteko konparazioak egin. Noski, estatistikak aukera ematen du, baina, sakontasun pixka batekin aztertuz gero, ez du zentzurik, eta kaltegarria izan daiteke. Azken finean, ranking moduko batzuk egiten dira. Sailkapen eta ranking horiek argitaratzerakoan hezkuntzari halako lehiaketa itxura edo izaera ematen zaio (eredu kapitalista neoliberalean oso ondo egokitzen dena), eta gizarteko alderdi guztietatik hasiko gara horren inguruko azalpenen bila eta, noski, konponbideak proposatuz. Hezkuntza sistemaz ari garenez, sailkapenak eta rankingak egiteak uste dut ez duela inongo zentzurik; sistema bera desitxuratuko genuke, eta hezkuntzak izan beharko lukeen izaera unibertsal eta doakotik (eskubidetik pribilegiora hurbilduz) aldenduko ginateke. Hori bai, PISA txosteneko emaitzak hobetu nahi badira, froga horietan entrenatu (lehiarekin erlazionatuz) besterik ez genuke egin behar, baina argi gera dadila nik ez nukeela gure hezkuntza horretara mugatuko noski.

Zehatzago, PISA txostenak hiru arlo aztertzen ditu (Matematika, Zientziak eta Irakurmena). Arlo horietan ikasleek dituzten konpetentziak neurtzen dira; teorikoki, Herrialdeetako (Erkidego) Curriculum propioari lotu gabekoak dira. Atal horri dagokionez ere hainbat zalantza edo kezka sortzen zaizkit. Gaur egun, bai EAEn, Nafarroan eta baita Ipar Euskal Herrian ere eskoletan ez dira bakarrik arlo horiek lantzen, zorionez. PISA txostenak lehenesten dituen eduki edo konpetentziak teknologikoki erabilgarriak eta errentagarriak direnak bakarrik dira, eta beste ezagutzak gutxiesten ditu, edo ez ditu aintzat hartzen. Zorionez, gure eskoletan hori baino askoz gehiago lantzen da egunero. Hain zuzen, PISA txostenaren eraginpetik at (zorionez aterako gara...) berriro hasiko gara aldarrikatzen hezkuntza dela garrantzitsuena hainbat eta hainbat balio eta ezagutza helarazteko. Beraz, eskola munduko errealitatearen zati bati dagozkion konpetentziak soilik neurtzen ditu PISA txostenak. Guztiz injustua eta akats metodologiko larria litzateke sistema osoaren inguruko balorazio bat egitea bakarrik zati bat neurtzen duen txostena oinarritzat hartuko bagenu.

Horrenbestez, guztiz ados nago hezkuntza sistemaren ebaluazioaren beharrarekin, baina inola ere ez PISAk egiten duen moduan. Ebaluazioak landu eta antolatu beharreko prozedura eta metodologia beharko luke, gure errealitatea aintzat hartuta,neurketa kuantitatibo eta kualitatiboak tartekatuz eta eragileekin batera landuaz. Uste dut Hezkuntza sistemak etorkizuneko Euskal Herriarentzat zutabe garrantzitsu bat izan behar duela, eta alde horretatik ikuspegi propiotik aztertu behar dela, inola ere ez egun hauetan irakurri eta entzun ditugu trataera friboloak eginez (euskararena dela errua, iragarrita zegoela...) eta sestra politikorako erabiliz.

Esperantza izpi bat utzi nahian, PISA txostenaren zurrunbilo honek balio beharko luke gure arteko azterketa sakon eta partekatu bat egiteko eta herri gisa etorkizunean izan genezakeen baliorik garrantzitsuena zaintzeko, Hezkuntza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.