Kolonbia: lurralde eta hiri borroka, egituratze politiko baten alde

2017ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Bogota hiriko Colon antzokian sinaturiko Bake Itunaren ostean, Kolonbiako gizartea asaldatuta dabil, mantso ari direlako jorratzen akordioa sinatu osteko hainbat alderdi, eta batzuk oztopo askorekin. Esan liteke «handia dela Kolonbiako Estatuaren ez-betetze maila», eta horren erakusgarri da departamentuetako zirkuitu judizialetako epaitegietako de facto-ko epaileek oraindik ere oztopatu egiten dutela askatasun, amnistia eta indultu epaiak ematea Kolonbiako kartzeletan giltzapetuak dituzten FARC-EPko preso politikoen alde. Juan Manuel Santosen erregimenaren kartzela askotako burdin barren atzean dauzkate, oraindik ere, nekazari asko, giza eskubideen babesleak, emakumeak, afro-kolonbiarrak, eta LGTBI komunitateko kideak, Kolonbiako botereko elitearen kontra modu kritikoan jarduteagatik politikan; bada, horiei guztiei urratzen dizkiete oinarrizko giza eskubideak.

Gaur egun, FARC-EP jada ez da erakunde militar bat, eta lege esparru batean hasia du jardun politikoa, FARC izenpean: Herriaren Indar Alternatibo Iraultzailea. Izen hori, hain zuzen, Bogotako Gonzalo Jimenez Quesada Konbentzio Zentroan egindako sorrerako biltzarretik irten zen; bost egun iraun zuen, eta izen horrixe atera zen garaile, aldeko 628 botorekin eta kontrako 264 botorekin —azken horiek Kolonbia Berria izen proposamenaren aldekoak ziren—. FARC alderdia —Herriaren Indar Alternatibo Iraultzailea— da eragile berria, eta irailaren 1etik dago eratua dinamika politiko ez-tradizionalen sortzaile den alderdi politiko gisa, non egungo sistemarekin konforme ez dauden milioika kolonbiarrek toki bat izango baitute borrokarako, eztabaidan aritzeko, eta aire berriko politika eta boterea baliatzeko. Hala, ahalbideen jokaleku bat ireki da, benetako aukera baterako leiho bat, herrialdeko gatazka sozial eta politikoen erabateko konponbide iraunkor baterantz jo ahal izateko.

Gallup Colombiaren azken inkestaren arabera, FARCen irudiak %12 ditu aldekoak, alderdi tradizionalek baino 2 puntu gehiago. Inkesta hori aurtengo abuztuaren 31n ezagutarazi zuten, eta hauxe esaten zaigu: FARCek %84ko onarpena du, eta gainerako alderdiek —Alderdi Liberala, Kontserbadorea, Batasun Nazionala eta Zentro Demokratikoa— %87ari eutsi diote. Analisi kuantitatiboa hiri hauetan egin zuten: Bogota, Barranquilla, Bucaramanga, Cali eta Medellin; 1.200 biztanleri egin zieten inkesta. Bestalde, kontrako iritzia bildu du Kolonbiako Sistema Judizialak, biztanleen %83rena; haren alde, berriz, %14 agertu ziren. Zergatik? Ustelkeria kasuak izan direlako organo judizial gorenean, non gutxienez 3 magistratu baitituzte ustelkeriagatiko ikerketapean.

Beste lerroan daude ELN Nazioa Askatzeko Armadak eta Kolonbiako Gobernuak Quiton izandako elkarrizketa mahaiko erreibindikazioak; mahai hori beste pieza bat baino ez da bakea eraikitzeko prozesuan, non eztabaidagai baitute gai nagusi bat: parte hartze politikoa eta unitate matxinoek hainbat pertsona atxiki izana.

Amnistia Legea —1820 Legea— 2016ko abenduaren 30ean onartu zuten kongresuan. Horren bidez, hainbat baldintza eta dekretu ezartzen dira, preso politiko guztiak askatzeko euskarri juridikoak. FARC-EPrekin lotura dutelakoan, 3.500 pertsona daude kartzelatuta; horietatik 700ek izan dezakete amnistia eskubidea, legeak ezarritakoaren arabera, eta gainerakoak hainbat baldintzatan atera ditzakete kartzelatik: baldintzapean aske utziz edo gizarteratze itunpeko gune batera lekualdatuz.

Ezin baztertu dugu Kolonbiako Simon Trinidad preso politikoa, zeina ebazpen baten zain baitago akordioaren ostean. Simon Trinidad askatzeko eskatzen ari dira nazioko hainbat ahots, ezkerreko espektroa, akademiko batzuk eta zenbait abokatu talde, haren askatasunaren aldeko kanpaina baten bidez: Se lee dignidad, se escribe Simón Trinidad lelopean (Irakur duintasuna, idatz Simon Trinidad). Helburua da Trinidad aberriratzen ahalegintzea. Unibertsitateko irakasle izan zen, bai eta militante nabarmena ere botereaz jabetzeko borrokan, eta kartzela zigorra betetzen ari da segurtasunik handieneko kartzela batean, Florence-ADX-en (Colorado estatua). Matxinoen mugimenduari lotu zitzaion, estatuak UP Batasun Patriotikoaren eta FC Indar Komunaren kontra baliaturiko jazarpenaren eta genozidioaren kontra, zeinak jardun politikoan baitziharduten Cesar Departamentuan. Matxinoen Kontrako Botere Blokeak 8.903 pertsona erail zituen modu hautazkoan 1985-2012 bitartean, bere osagai suntsitzailea baliaturik: paramilitarismo zeritzona —Paramilitarismoaren Debekua eztabaidagai—. Kongresuan 2017ko abuztuaren 30ean bozkatu zuten, gehiengo zabal batez, honako emaitza honekin: 99 baiezko boto eta 10 ezezko boto.

Gobernuak eta fiskaltzak uko egiten diote onartzeari nazioko lurralde osoan daudela talde paramilitarrak, eta beren pistola-plana ezartzen segitzen dute, andrazko buruzagi sozialak eta giza eskubideen babesle guztiak modu sistematikoan erailez, baita matxino ohi desarmatuak ere.

Horregatik baztertu behar da Indar Militarretan eta espioitza erakundeetan barneko areriorik dagoelako ideia. Itzal handiko borroka ideologikoak eta estrategikoak igartzen dira ahalik eta herri batasunik handiena lortzearren sektore progresisten eta ezkerrekoen artean; hala, elkar harturik eta mobilizazio soziala eta politikoa baliaturik hauteskunde esparruan klase borrokaren eragile eta gihar gisa, urte askoan botereaz jabetzea esan izan zaion hori erdietsi ahalko dute. Ahalegin horiek guztiek mobilizazio sozialekin batean gertatu behar dute. Funtsezkoa da modu demokratikoan esku hartzea dinamika sozial eta politiko batean, polarizazioa gaindituz eta bake prozesua oraindik ere modu esplizituan babesten ez duten sektore sozialak ere mobilizatuz —erroldatuen %47k baino ez dute babesten—.

( Erredakzioan itzulia )
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.