ETA orain zer?

2018ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Gaia delikatua da, zaila. Ertz eta erpin zorrotzekoa. Min eta zauri ugariren zama astuna duena. Posizio kontrajarriak eragiten dituena. Baina, beharbada horrexegatik guztiagatik, hitz egin beharrekoa.

Egun historikoak. Maiatzaren 3a eta 4a horrela izan ziren. ETA erakundeak bere ibilbideari amaiera eman baitzion, 2010ean hasitako prozesua guztiz gauzatuz. Egun gogoangarriak eta garrantzitsuak, zalantzarik gabe.

Bisai tristeak. Halako berri onak eman beharko lukeen pozaren ordez, alabaina, iluntasuna suma zitekeen politikari ugariren aurpegietan. 2011ko su etenaren ostean gertatu bezala. Zergatik, ordea? Zerk azaltzen du hainbeste aldarrikatutakoa lortu ondorengo apatia hori? Kalkulu elektoralek edo boto galera posibleen beldurrak, agian?

Gatazka politikoa. Komunikabide nagusiak ETA desagertuta jada ez dagoela euskal gatazkarik errepikatzen ari zaizkigu. Konpondu dela guztia. Bakean bizi garela orain, normaltasuna erdietsita. Beste behin, errealitatea desitxuratu besterik ez dute nahi. Izan ere, ETA. gatazkaren ondorioetako bat izan da, ez kausa edo jatorria. ETA baino askoz lehenagokoa da gatazka. Politikoa izan dena beti. Espainiak militar bihurtzeko saiakerak egin arren.

Lehenbiziko bala. ETAk indarkeria erabili izan du, eta sufrimendua eragin. Baina ez da hori egin duen bakarra izan, ezta lehena ere. Biolentzia beste batzuek ekarri zuten Euskal Herrira. ETA sortu baino askoz lehenagotik inportatu zuten odolaren (eta beldurraren) mintzoa gure herrira. Beraz, indarkeriaren fokua euskaldunongan jartzea ez da bidezkoa eta ez dator bat errealitatearekin.

Biktimekiko begirunea. Biktimak ere alde guztietan egon dira. Asko gainera. Gehiegi. Hildakoak, bonbardatuak, mehatxatuak, ihes egindakoak, torturatuak, desagertuak... Irudika ezineko sufrimendua, betirako ilundutako bizitzak, apurtutako familiak eta ametsak, aulki hutsak... Guzti-guztiekiko errespetu osoa agertu nahiko nuke. Miresmena eragiten du biktima desberdinak elkarrekin hitz egiteko, elkar ulertzeko eta bestearen tokian jartzeko erakusten ari diren gaitasunak. Gehien sufritu dutenak elkarrengana gerturatzeko eta aurrera begiratzeko gai badira, nola ulertu hainbat politikariren eta alderdiren etengabeko gorroto eta mendeku mezuak?

Aukera galduak. Azkenean, maiatzean iritsi da berria. Nahi baino beranduago, baina etorri da. Eta berandutze horren erru guztia ezin zaio ETAri egotzi. Borroka armatua hainbeste urtetan luzatu izanaren erantzukizuna denona baita. Alderdi politiko guztiena. Batzuek, asko kondenatu baina gatazka konpontzeko ezertxo ere egin ez dutelako urte luzez. Besteak, gatazka gainditzeko ahalegin ugari egin arren, publikoki ETAren ekintzekiko kritiko azaltzeko gai izan ez direlako. Lehenago amaitzeko aukerak egon dira: 1998-1999an, Lizarra Garaziren garaian (euskaldunon elkarlana eta ilusioa inoizko gorenean zirenean), edota 2006-2007 urteetan (Loiolako elkarrizketetan hainbat aurrerapauso adostuta zeudenean). Akatsa izan zen su eten haiek apurtzea. Beste eragile batzuk ere ez zuten egoerak eskatzen zuen neurria eman (alderdiaren interesak konponbidearen gainetik jarriz), baina gizarteak eskatzen zionari entzungor egin zion ETAk.

Garai desberdinak. Asko aldatu da gizartea ETAren sorreratik gaurdaino. Diktadura faxistaren menpeko urte gogorretan, zapalkuntzari erantzuteko eta herria aktibatzeko sortu zen erakundea, herritarren babes handiarekin. Egungo sasi-demokrazian, euskaldunon elkarlanerako galga izaten amaitu du, herritarren babes gero eta txikiagoarekin. Hori bai, aitortu behar da bete duela gizartea eskatzen ari zitzaiona. Bada oraindik halakorik egin ez duenik...

Espainiaren jarrera (eza). Alde batek indarkeriari uko egin arren, besteak betikoan jarraitzen du, autokritika zantzurik gabe. Iraganeko errezetak errepikatuz, bide errepresiboak lehenetsiz, konponbiderako ate oro itxiz. Oroitzen naiz zenbatetan esaten ziguten ETArik gabe denari buruz hitz egin eta erabaki ahalko zela. Haizeak eraman ditu hitzak. Aitzakia infinituen erreinua da Espainiakoa. Aitzakiak gatazkaren funtsari ez heltzeko, aitzakiak eztabaidarako duten borondate eza ezkutatzeko.

Hurrengo urratsak. Nola egin aurrera alde batek pauso bakar bat ere eman nahi ez duenean? Nola lortu konponbidera gerturatzea parte batek arazoa bera ukatzen duenean eta entzuteko borondaterik ez duenean? Oinarrizkoa da besteen eskubideak (ere) onartzea, presoen aferari konponbidea ematea, epaiketa politikoekin amaitzea, behingoagatik modu askean etorkizuna erabaki dezakeen nazio bat garela aitortzea. Edozein estatu demokratikok honezkero eginda izango lukeena, alegia.

Aitzakiarik ez. Ilusiozko aro berri batean gaude. Eta aitzakiek jada ez dute balio. Estatuak betiko aitzakiak alboratu eta hitz egiten hasi behar du, bere hitza betez herriari hitza ez ematen. Euskal eskuinak ere orain ez du aitzakiarik euskaldunon arteko elkarlanari uko egiteko. Eta herritarrok ere ez dugu aitzakiarik ez parte hartzeko.

Denon lana. Eta orain zer? Herritarron ordua da. Lan asko dugu aurretik, eta guztioi dagokigu gehiago ematea, pasibismoa eta indiferentzia gainditzea, pluralean pentsatzea eta herri gisa jokatzea. Asko kostatu da honaino heltzea. Ez dezagun alferrik gal abagunea. Zor diegu aurreko belaunaldiei... eta ondorengoei. Arduraz jokatzeko unea da. Benetako konponbidea eta bake duina erdiestekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.