Podemosen haizeak gurean

2014ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Duela hilabete gutxi arte Pablos Iglesias izar mediatikoa ez dut ezagutu. Ordu txikitan ez bada, zaila da merezi duen saio bat aurkitzea, eta lantokira begi zulo erraldoiz apainduta joan nahi ez dugunok lokartuta harrapatzen gaituzte gehienetan.

Ikustean hartutako lehendabiziko inpresioa ez zen txarra izan, herdoildutako ohiko tertulianoekiko aldea handia baitu Complutenseko irakasleak. Mezu garbiak, lelo ausartak, hausturarako proposamenak... Gehiagotan ikusitakoan, berriz, histrionikoegia den estiloaren gibelean haren ego handiaren itzala ikusgai sumatzen da, eta hori ez dut, bada, horren gustukoa. Hala eta guztiz ere, ezkerreko sentsibilitatea dugun gehienok bezalaxe, gizon honen eta haren alderdiaren ibilbidea arretaz jarraitzen ari naiz, euren proposamena arrunt berezia da eta. Aitortu berri dute, euren mezuen %95a telebistan emateko lelo errazak dira, XXI.mendeko politikagintza omen da; kritikagarria da oso, baina, bestalde, Kennedyk Nixoni telebistari esker aurre hartu zionetik, jai dauka jardun politikorako hedabide honen indarra kontuan hartuko ez duen talde politikoak.

Intelektualki lantalde sendoa dago Podemosen gidaritzan, belaunaldi berri bat, zientzia sozialetan prestakuntza jaso duen talde eraginkorra. Nire irudikotz, Estatu espainiarreko ezkerrak beste garai batzuetan askoz erakargarriagoak ziren eledunak izan arren (Julio Anguita, kasurako), Podemosek trebetasun handia ukan du egungo hedabideek eskaintzen dituzten aukerak maisuki erabiltzeko, eta, hortaz, ez litzateke harritzekoa izango inoizko arrakastarik handiena lortzea. Ziur aski, manipulatutako inkestek adierazten duten bezain itzelak ez, baina paregabeak, ezbairik gabe.

Bistan da boteregune batzuetan ez dutela begi txarrez ikusten Podemosen gorakada. Hedabide askotatik jasotzen ari den demaseko bultzakada ezin da inozentea izan. Izan ere, Europako hauteskundeetatik hona, Podemosek bere mezuak nabarmen epeldu ditu. Boterera eramaten omen duen hautesleen erdigunearen bila ote?

Ezkerreko fronte bat eratzea baino gehiago, herritar batasuna hobesten ei du eskaintza politiko berri honek. Hobespen honen atzean egon daitekeen estrategia argitzeke egonda ere, ñabardura honek zalantza zantzuak areagotu ditu. PP-PSOEren bipartidismoa hausteko estrategian ezkerreko beste indarrekin elkartu izana hobeto ulertuko genukeen XX.mendeko ezkertiarrok, baina, itxuraz, alderdi honek hartu duen ibilbidean laborategiko osagarri batzuk ere badaude.

Dirudienez, M-15 mugimenduan izan zuen hazia taldeak. Mugimendu hura oso heterogeneoa izan zen, aldarrikapenak ez ziren aurreko mendean erabili ditugun doktrina politikoetan erraz lerrokatzen. Kontraesanak begi bistakoak ziren: langileen aldarrikapenak, emakumeen aldarrikapenak, ikasleen aldarrikapenak... baina baitaoparotasunean gozo bizi ziren gazte kapritxosoen aldarrikapen materialak ere. M-15 ez zen 68ko iraultza postmaterialistaren ondorengo bat, interpretatzea zaila den nazka sozial baten magma nahasia baizik. Agian, Pabloren taldeak magma hori kudeatzeko tresnak aurkitu ditu; akaso, beste zerbait da.

Iglesiasen jarraitzaileek jorratzeke dagoen bide berri bati ekin diote. Ez dakigu zintzotasun osoz ari den edo Isidoro berri baten aitzinean gauden. Haatik, Podemosen sorrerak eta hedapenak beraiek dioten moduan: «78ko erregimenaren» alderdien boterea kolokan jarri du, dagoneko eta hori nahikoa dugu batzuek poz printza batzuk sentitzeko.

Esan dezala, Podemos Madrilgo mugimendu horien alaba da, hor munduratu zen, eta, Espainian jaiotzen diren beste alderdien moduan, nazio-aniztasuna kudeatzeko egingo duen proposamenean nondik norakoak ikusitakoan, hobeto ikusi ahal izango ditugu, besteak beste. Espainiar naziotasunaren inposizioa onartzen ez dugunok Podemos-Euskal Herria Podemos-Catalunya eta Podemos-Portugal bezain zentzugabekoa dela uste dugun arren, hainbat herrikidek Podemosekiko erakargarritasuna izango dute, eta horrek haize berriak ekarriko ditu geurera ere.

Beste alderdi espainiarrekin gertatu ohi den moduan, litekeena da Madrilgo edota Sevillako Podemos-kideekin hobeto moldatzea, Barakaldo edota Leitzako Podemos-zale batekin baino. Halere, agertokian eragile indartsu berri bat izateak geurean ere eragina edukiko du.

Epe laburrean, euskaltzale eta abertzale sektoreetan oso eskasa izango da Iglesias zaleen eragina (handiagoa sektore mugakideetan), baina bestelako ondorioak ukanen dituelakoan nago, batik bat Podemosek hautatu duen antolaketa-eredua ispilu baten aurrean jartzera behartzen gaituelako. Zorionez, Euskal Herrian mapa politikoa Estatu espainiarrean baino askoz konplexuagoa eta biziagoa izan da, eta horrek bipartidismoaren zamatik libratu gaitu, aldiz, hemen ere, herritarrek politikarekiko eta politikariekiko jarrera aldatu dute.

Arestian nioen bezala, epe laburrean, alderdi berriak ez du abertzaleen artean arrantza handirik egingo; jadanik talde abertzaleok erabiltzen ditugun barne prozeduretan zaharkituta gaudela erakutsi digute, ordea.

Eragile politiko guztiengan aldaketak sortzeko premia areagotu da, eta premia hori nabarmenagoa izango da eraldaketa sozialaren alde lanean ari diren taldeetan. Podemosek atera duen ispiluaren aurrean ezker independentistaren antolaketa-eredua ikusgai dago, eta, hala beharrez, politika tradizionalarekin eta «kasta» kiratsa darien politikari guztiekiko haustura egin beharko du. Agertokian aldagai hau jarri izana, aski dut Podemosen sorrerari ongi etorri emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.