Albistea entzun

Ez dago eskola porrotik...

Santi Angulo Martin - Irakaslea

2017ko maiatzak 18

... haurrak ekonomiaren morroi bihurtu nahi dituen sistema kapitalistaren porrota baizik. Sistema kapitalistarentzat haurrak etorkizunean etekin ekonomiko handiagoak ekarriko dizkioten lan-esku trebe eta merkea dira.

Hezkuntza gizon-emakumeen sorreratik bertatik jaio zela esan badezakegu ere, egungo hezkuntza sistemak Aro Garaikidean sortu ziren eta, oro har, Estatuek antolatu eta kontrolatu izan dituzte.

Aurreko mendeetan hezkuntza elizaren, nobleziaren eta burgesiaren eskuetan egon zen. XIX. mendeko bigarren aldian, ordea, langileen sindikatuak bere afiliatuak hezten hasi ziren eta honek kapitalistei alarma gorria piztu zien. Ezin zuten langileen hezkuntza sindikatu iraultzaileen eskuetan utzi. Enpresariei langile alfabetatuak izatea komeni zitzaien, baina ez ideia iraultzaileetan heziak. Orduan, hezkuntzak klase pribilegiatuen monopolioa izateari utzi eta herritar guztientzat hedatzeko beharra sortu zitzaien; langileen haurrak bide onetik hezi behar zituzten, morrontzan alegia.

Berrehun urte hauetan, hezkuntza era irekian ulertzen eta bultzatzen zuten pedagogia iraultzaileak eta progresistak egon dira eta badaude, haurra hezkuntzaren erdigune bilakatzea eta pertsona onak sortzea helburu izan dutenak, alegia. Estatu kapitalistek, aldiz, interes ekonomikoak izan dituzte erdigune eta horregatik bizitzaren alderdi hau estuago kontrolatzeari ekin zioten, egun ezagutzen ditugun hezkuntza sistemak izan arte. Urte hauetan guztietan, Estatuen helburua ez da ezertxo ere aldatu, langileak kapitalismoaren interesen arabera heztea; areago, kapitalisten interesak aldatu direnean, hezkuntza sistemak aldatu dira, baina ez helburua.

Gaur egun, EB merkatarien eta enpresarien Europa bihurtu da eta Bruselatik agintzen den oro haien mesederako izaten da. Hezkuntza arloan ere bai. Gezurra da hezkuntza arloan ere batasuna lortzea helburua dela esatea, ezin baitira Europako Herrialde ezberdinetako kultura, egoera ekonomikoa, hezkuntzan inbertitzen den dirua... berdindu. Hezkuntza batzearen benetako helburua bestelakoa da; lan-esku kualifikatu eta merke ugari lortzea dute xede nagusia Bruselako merkatariek. Horretarako, botere ekonomikoak hainbat unibertsitate eta irakasle erosi ditu, haren aldeko lana egin dezaten, bere ideiak defendatu eta bere produktuak hobeto saltzearren. Izan ere, hezkuntzaren emaitzak neurtzen dituen PISA ezaguna merkataritza eta ekonomiaz arduratzen den OCDE delakoak ezarri du, hain zuzen, enpresarien eta merkatarien interesak defendatzen dituen erakundeak, hezkuntzaren arlo bereko instituzioek egin beharrean.

Estatu espainiarrean egoera okerragoa da. Bertako eskuineko zein ezkerreko gobernuek hezkuntzari bumeran efektua eman diote, frankismoaren sistematik nolabaiteko askatasun egoeraren inguruan pasatu eta berriro neofrankismora itzuliz, 40 urtetan hezkuntza araudia hamaika aldiz aldatuta. Aldaketa guztietan, LOMCE azkena, hezkuntza sistema mugatu eta enpresarien interesetara moldatu nahi izan dute gobernu ezberdinek. Eusko Jaurlaritza ere Heziberriz, beren helburu nagusia lortzearren, hezkuntza sistema publikoa usteltzen uzten ari da (inbertsio gutxiago), hezkuntza pribatuaren mesederako (inbertsio gehiago), nahiz eta ikastetxe publikoetan ikasle kopurua igo.

Ez dago eskola-porrotik, bertako helduen arazoen konpontzea eskolaren esku soilik uzten duen jendartearen porrota baizik. Helduek konpondu ezin dituzten gatazkak konpontzeko gune bihurtu nahi dute eskola, baina eskolatik kanpoko auzi gatazkatsuetan (lan-baldintzak, genero indarkeria, eskubide nazional eta sozialak...) ezer gutxi aurreratzen da.

Jendaurrean hitz politak erabiltzen dira: aniztasuna, inklusioa, hezkidetza, bizikidetza, agenda 21... Hala ere, errealitatea ez da alderdi horien eredu ona. Ez da harrokeria hitz horiek asmatu baino lehen eskolan lan hori egiten zela eta egiten dela esatea. Gurasoak eta irakasleak batera aritzen gara haurrak pertsona diren neurrian duintasunez hezten. Zoritxarrez, sistema kapitalistak sortzen duen jendarte indibidualista honetan kontsumoak zoriontasuna dakarrela sinestarazi nahi izan digute, eta ezin diegu eutsi horrek dakartzan ondorio larriei, besteak beste, jende asko arazoaz desinhibitu eta konponbideak besteen esku uztea.

Hauxe esatea gogorra bada ere, zera gertatzen da gure jendartean: heldu asko ez da haurrek etxean izan behar duten heziketaz arduratzen; are larriagoa da, beren seme-alaben heziketaz arduratzen diren guraso askok ez dute hezkuntza sistematik behar duten laguntza jasotzen. Egun, hezkuntza sistemak ez ditu ikasleak, gurasoak eta irakasleak kontuan hartzen, ikasleak sailkatzea eta geroko morroi bihurtzea helburu dituen hezkuntza sistema baita.

Arestian aipatu ditudan kontzeptuez asko hitz egiten da, baina praktikan gutxi jartzen da. Esaterako, duela urte batzuetatik hona eskoletan Agenda21 programa burutzen da, naturaren jasangarritasuna landuz. Gai garrantzitsuetako bat hondakinen afera izan da. Beraz, eskolan hondakinak sailkatu behar direla jo eta ke aritu garen bitartean, zer ikusi dute ikasleek eskolatik kanpo? Guraso, bizilagun, politikari batzuk aurkakoa egiten edo egin behar dela esaten.

Aniztasunaz, hezkidetzaz, bizikidetzaz, edozein alderdiz ere hitz egin dezakegu eta ikasleek errealitatean ikusten duten eredua erabat desberdina dela egiazta dezakegu. Eskoletan teoria progresistak, irekiak, berritzaileak... bizirik badaude ere, egungo metodologia aurreratuenak ezin du telebistan (Disney Channel...) eta interneten (bideo-jokoak...) zabaltzen den zabor-kulturarekin konkurritu. Honen aurrean, gobernuek eskola-komunitateari muga zorrotzagoa eta autonomia gutxiago ezartzen dizkioten bitartean, ez dute zabor-kulturaren eragin kaltegarriak ekiditeko ezertxo ere egiten.

Eskola-komunitateak haurra kontuan hartu, hezkuntzaren erdigunean jarri eta pertsona gisa hezi nahi duen bitartean, gobernuek enpresarien interesen bidetik eraman nahi dute hezkuntza sistema, jendartea lehertu eta pikutara bidaltzen badute ere. Beraz, porrota ez dago eskolan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

Garai konplexuei aurre egiteko kazetaritza bat

Beatriz Zabalondo - Berria Taldeko lehendakaria / Martxelo Otamendi - BERRIAko zuzendaria

Iaz Berria Taldeak egindakoaren errepasoa duzu hau. Kazetaritza da gure eginkizuna, euskarazko kalitateko kazetaritza; erreferente informatiboa izatea helburu. Beraz, hortik hasi dugu errepasoa, gero arlo ekonomikoari, komunitateari eta erronka berriei leku egiteko.

Irautea iraultzea denean

Estitxu Garai, Naiara Pinedo eta Zuriñe Rodriguez

Zure ahotsa errazago zapaltzea, moztea. Ostean datorren gizonak zure iritzia gutxiestea. Gizonen maiztasuna handiagoa izatea. Gizonak finkoak izatea, zu aldakorra. Mahaiko emakume bakarra izatea naturalizatzera iristea. Zure hitzei ez entzunarena egitea, beti euren artean elkarri erreferentziak egitea.

Zuretzat bihotzez, Elizabeth Hadley
Ondoeza

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.